Jostailu trukea egingo dute Aiztondon

Ataria 2018ko abenduaren 20a

Larunbatean, abenduak 22, Atxulondo kultur etxean 11:00etatik 13:00etara gauzatuko da Aiztondoko Denbora Bankuak antolatutako azoka.

Iazko erantzuna ikusita, Aiztondoko Denbora Bankuak Gabonetarako proposamena errepikatzea erabaki du. Jostailu trukea egingo dute Atxulondo kultur etxean.

"Orokorrean denok ditugu erabiltzen ez ditugun jostailu, arropa, ipuin, oparitxo zein inauterietarako mozorroak. Hauen trukea zabaldu nahi dugu. Ekarritako guztiak balio berdina du, nahiz eta zaharra edo berria izan, merkea edo garestia, handia edo txikia. Helburua trukea bultzatzea da, kontsumismoari aurre egiteko: gehiago edo gutxiago daukaten familia eta ume guztiek zerbait emateko daukate, nahi edo behar dutenaren truke", esan dute Aiztondoko Denbora Bankutik.

Horretarako jendeak erabiltzen ez dituen jostailu guzti horiek Zizurkilera eramateko deia luzatu diete, antolatuta egongo diren mahaietan uzteko. ""Bertatik behar edo nahi duzuna hartu, zentzuz jokatuko dugunaren konfiantza dugu. Ez duzula ezer? Bada lasai etorri eta dagoenetik hartu. Soberan duzula eta ez duzula besterik behar? Bada etorri eta bertan utzi", adierazi dute antolatzaileek.

Jostailu trukean aritzeko aukera izango da, larunbatean, 11:00etatik 13:00etara.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!