Aldundiak eta Ur Kontsortzioak Bidania-Goiatzen eta Amezketan 4,25 milioi euro inbertituko dituzte

Ataria 2018ko abe. 17a, 16:33

Jose Ignacio Asensio eta Olatz Peon, lankidetza hitzarmena sinatuta.

Bi erakundeek hitzarmena sinatu dute Gipuzkoako hainbat herritan uren saneamendua eta hornikuntza hobetzeko.

Jose Ignacio Asensiok, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak, eta Olatz Peonek, Gipuzkoako Ur Kontsortzioko lehendakariak, lankidetza hitzarmen sinatu dute Gipuzkoako hamaika udalerritan 10 milioi euroko azpiegitura hidraulikoetako obren finantzazioa batera gauzatzeko. Inbertsio sorta berri hori, 2018-2022 aldian gauzatuko da Gipuzkoako udalerri hauetan: Bidania-Goiatz, Amezketa, Itsaso, Ezkio, Ormaiztegi, Azpeitia, Getaria, Zerain, Andoain, Zumarraga eta Beasain.

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak azaldu du Obra Hidraulikoetako Departamentuaren xede nagusia dela “uraren hornikuntza sistemen bermeak indartzea eta hondakin-uren saneamendua osatzea”. “Helburua da herritarrei uraren horniketa bermatzea erabilera baldintza onenean eta ingurumenari ahalik eta gutxien eraginez”, adierazi du. Ingurumeneko diputatuak nabarmendu du ere “garrantzia handiko giza eta material inbertsioa egin delako, gure ibaien osasuna zein etxebizitzetako uraren kalitatea gainontzeko erkidegoena baino askoz hobeagoa da”.

Foru aldundiak, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren bitartez, bere gain hartu du 5.000.000 euroko gastua, hau da, hitzarmen honen xede den azpiegitura hidraulikoaren inbertsio osoaren %50a. Hitzarmenak lau urteko iraupena izango du eta beste lau urtez luzatu daiteke. Gainera, jarraipen batzordea eratuko da, lau ordezkarik osatua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuko bik eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioko beste bik.

Bidania-Goiatz udalerriko saneamenduari dagokionez, proiektuak jasotzen ditu bi biztanlegune horien isuriak jasotzen dituzten kolektoreak, baita hondakin uren araztegi txiki bat. Inbertsioa 2.250.000 eurokoa izango da.

Amezketari dagokionez, saneamenduaren lehenengo fasea hitzartu da. Fase horretan gauzatuko dira Amezketako herrigunearen eta Ugarte auzoaren arteko dauden isuriak jasotzeko obrak. Inbertsioa 2.000.000 eurokoa izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!