Ez dira zuzendari artistikoak, lan hori, Pier Paul Berzaitzek hartu baitu beregain. Iparraldeko euskalkian, taulada zuzendaritza da Elixabet Jauregik (Amasa, 1988) eta Imanol Arabaolazak (Tolosa, 1982) egiten dutena. Ikuskizuneko eszenak antolatu eta josteko lana hartu dute eskualdeko bi lagunek.
Nola sortu zitzaizuen ‘Laida Pilota’ ikuskizunean parte hartzeko aukera?
Elixabet Jauregi: Landarbaso abesbatzako sopranoa izan nintzen 2009ra arte. Beti jarraitu izan dut haiekin harremanetan eta proiektu ezberdinetarako behar izan banaute laguntza eskaini izan diet. Gernika, ilunetik argira proiektuan parte hartu genuen Imanolek eta biok. Bonbardaketaren inguruko istorio bat lotu genuen, kantuak, dantza eta interpretazioa uztartuz.
Imanol Arabaolaza: Emanaldi horretan antzeko lanetan aritu ginen elkarrekin. Elixabetek eta biok aurretik ere ezagutzen genuen elkar antzerki mundutik eta Gernika, ilunetik argira ikuskizunean lan talde polita osatu genuela ikusita, saio honi heldu genion, kasu honetan, formatu handiagoan.
E.J.: Pier Paul Berzaitzek, ikuskizunaren zuzendariak, Landarbasora jo zuen Laida Pilota prestatzeko eta abesbatzako zuzendari Iñaki Tolaretxipi gurekin gogoratu zen. Berzaitzek artistikoki argi zeukan zer nahi zuen emanaldirako, baina eszenografian lagunduko zuen norbait behar zuen eta orduan hots egin ziguten. Oso gogotsu eta pozik hartu genuen proposamena, baina aldi berean beldurtuta, horrelako proiektu erraldoi baten zuzendaritzak lan karga handia baitakar.
Zein da eszena zuzendari baten lana?
I.A.: Gure lana da agertokian figura guztiak koordinatzea. Abesbatza, dantzariak, bertsolariak... jende asko dago taula gainean eta haien sarrera-irteerak, desplazamenduak, non ibili, espazioak nola bete eta loturak nola egin zehaztea da gure egitekoa.
Aurrez zer nolako lana egin duzue ikuskizuna prestatzeko?
E.J.: Hasiera batean Berzaitzekin bilera dezente egin genituen. Bere buruan zuen ideia hartu eta gidoi batera pasa genuen, eszenografiara bideratzeko. Berzaitzek konfiantza osoa jarri du guregan eta guk antolatu dugu, guk erabaki dugu istorioaren haria nondik nora eraman.
I.A.: Talde ezberdinetako ordezkariekin bilerak egin genituen aurrena eta hasiera batean paperean eman genion forma gidoiari. Gero talde bakoitzak bere etxeko lanak egin ondoren abiatu genituen entseguak, eta gure lana, guztia behar bezala jostea izan da.
Zer nolako adierazpide artistikoak baliatu dituzue emanaldia osatzeko?
E.J.: Nire ustez ikuskizun honen xarma hori da. Berzaitzek adierazi nahi zuena zen, nahiz eta pilota kirola izan, kirol horrek inguruan daukan harreman folkloriko eta historikoa aberatsa dela. Pilotaren inguruan sortu izan diren festak, abestiak, dantzak... horiek denak jaso nahi izan ditu emanaldi honetan.
Artistek egiten duten lana azpimarratu nahi duzue, bereziki.
I.A.: Iparraldetik Xateletarrak datoz, Johañe Etxebest izan da gure lotura haiekin. Koldo Amestoyk ere bere berezitasuna ematen dio emanaldiari eta bertsotan aritzen dira Aner eta Xabier Euzkitze. Magali Zubillaga eta Landarbaso abesbatzak ere badute parte inportantea.
E.J.: Egia esan artista talde bikaina daukagu, denean erantzun dute oso ondo, eta horrela errazagoa da lan egitea. Pier Paul Berzaitzek oso argi zuen zeintzuk nahi zituen ondoan emanaldi honetarako. Abesti jakinak prestatu dituzte, beren-beregi, Landarbasok kantatu ditzan. Presentzia handia du abesbatzak, eta baita Joxan Goikoetxearen musikak.
Zein parte du Oinkari dantza taldeak emanaldian?
I.A.: Zortzi dantzari dira, lau neska eta lau mutil. Dantzatuko dituzten dantza guztien musika Joxan Goikoetxeak sortua da, hain zuzen.
Eta koreografiak?
E.J.: Oinkarik koreografo mundialak ditu eta beraiek sortu dituzte dantzak. Pilotaren historian hari bati segitzen dio emanaldiak eta guk nondik norakoak eta zertzelada batzuk eman genizkien eta esan beharra dago lan bikaina egin dutela.
Gehiegi aurreratu gabe, zer da biharko emanaldian ikusi ahal izango dena?
I.A.: Pilotak berak izan duen garapena, sorreratik gaur arte, zein esparruetan ikusi ahal izan den eta lehenagoko pilotariek utzitako herentzia goraipatu nahi da. Aipamena egiten zaie modalitate ezberdinei eta pilotagileak, pilotariaren eskuak... irudi horiek baliatu nahi izan ditugu. Pilotak berak, bere borobil horretan, bere sinpletasunean, atzetik dituen lotura guztiak ematen ditu ezagutzera. Hori guztia goraipatu nahi izan da, dantzaz, bertsoz edo kantuz.
Nahiz eta taula gainean ez agertu, zuek ere bihar Olaederran izango zarete.
E.J.: Esan beharra dago, Imanolek parte hartze txikiak egiten dituela momentu puntualetan. Baina gure lana, batez ere, atzeko lana da. Entsegu orokorrean, soinu probetan eta emanaldian bertan izaten gara dena koordinatzen. Tentsioa izaten da, ezusteko gauzak sortu daitezkeelako. Konfiantza osoa daukagu artistengan, baina gertatu izan zaigu emanaldiaren erdi-erdian danbolinaren larrua lehertzea, adibidez. Horrelakoei aurre egin behar zaie.
Ez da erraza izango horrelako muntai bat mugitzea, ezta?
I.A.: Kontuan hartu behar da 40 lagunetik gora aritzen direla emanaldi honetan, taula gainean izaten direnak, eta atzean, muntaian eta koordinazioan aritzen garenak batuta. Denen agendak uztartzea da lanik zailena.
Berezia da zuentzat emanaldia Villabonan eskaintzea?
E.J.: Bai, noski. Niretzat, amasarra izanik, berezia izango da. Horrek alde batetik poza dakar, baina baita presioa eta urduritasuna, jende ezaguna etorriko delako ikustera. Gustatuko zaienaren kezka horrekin nago. Orain arte, esperientzia politak bizi izan ditugu.
I.A.: Ahalegin berezi bat egin nahi izan da Villabonara ekartzeko, Iparraldean emanaldiak izan duen harrera ikusita, bertako jendeak ere aukera izan dezan Laida Pilotaz gozatzeko. Are gehiago, errebote jokoak Villabonan duen garrantzia ikusita.
Pilotazaleentzako emanaldia al da bakarrik?
E.J.: Ez. Pilotazaleei eta bestelakoei ere gustatuko zaie. Beste gauza asko ere ukitzen ditu eta edozeinentzako modukoa da ikuskizuna. Dantzazale eta kantuzale asko dago Amasa-Villabonan eta denentzako tokia izango da bihar Olaederran.
Protagonistak
Elixabet Jauregi Mendizabal (Amasa, 1988)
Lehen Hezkuntzan diplomatua eta Psikopedagogian lizentziatua. Lanbidez, Lehen Hezkuntzako irakasle izan arren, gaztetatik agertu izan du abesbatzarako eta antzerkirako zaletasuna. 16 urterekin hasi zen antzerki ikasketako lehen pausuak ematen eta Elena Aranbarri edo Maite Agirre bezalako irasleak izan ditu. Abesbatzan ere txikitatik parte hartu izan du, haurtzaroan Eresargi Txikiko partaide izan zen eta 2009. urtean Landarbasoko partaide bihurtu zen. Bertan, sopranoa izan zen lau urtez, Iñaki Tolaretxipiren zuzendaritzapean.
Imanol Arabaolaza Galarraga (Tolosa, 1982)
Industria ingeniari mekanikoa, makina erreminta enpresa batean langilea da. Argi eta soinu teknikari lanean aritua. Tolosako kultur etxeko antzerki taldeko kidea Elena Aranbarriren zuzendaritzapean. Klown eta ipuin kontalari ikastaroetan parte hartua. Bertsolaritza munduan gai-jartzaile lanean aritua. 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan gai-jartzaile taldeko partaide izan zen. Landarbaso taldearekin Gernika ilunetik argira ikuskizunean parte hartu zuen eszena zuzendari moduan Elixabet Jauregirekin batera, hain zuzen.