Zer litzateke Euskal Herria pilotarik gabe? Galdera horri erantzuten dio Pier Paul Berzaitzek (Muskildi, Zuberoa, 1952) Laida Pilota ikuskizunean. Kirolaz harago, mugimendu sozialtzat du pilota eta bertsoarekin, kantuarekin eta dantzarekin lotuta ikusten du. Pilota ikuskizun orokor gisa, garai bateko herriko jaietako pilota partidekin batera izaten ziren dantza emanaldi eta bertso saioak gogoan hartuta. Hori bera, taula gainera ikusaraziko dute, bihar, Villabonan.
Ekainaren 30ean, Donapaleun, 700 ikusleren aurrean estreinatu zuten ikuskizuna. Orduko hartan, emanaldiaren amaieran hamabi pilotari ohi igo ziren agertokira eta haiei gorazarre egin zitzaien. Zentzu hori baitu ikuskizunak, pilotaren mundu osoa laudatzea, laida egitea. Gerora, Senperen, Hazparnen eta Miarritzen ere eman dute ikuskizuna.
Euskal mitologiari erreferentzia eginaz, Mutrikuko Mendibeltzuburu mendian jentilek harrizko pilota handiekin jolasten zuteneko garaiak gogoratuz hasten da emanaldia, eta puskaka, tradizioa modernitatearekin lotuz osatzen da pilotaren inguruko narrazioa, besteak beste, Koldo Amestoiren kontakizunekin eta Magali Zubillagaren ahotsarekin. Hain zuzen, pilotak berezkoa duen aniztasuna eraman nahi izan du Berzaitzek taula gainera. Landarbaso abesbatzaren kantuak, Villabonako Oinkari taldearen eta Mauleko Xateletarrak konpainiaren dantzak eta Xabier eta Aner Euzkitzeren bertsoek osatzen dute emanaldia, besteak beste. Joxan Goikoetxeak ondu ditu ikuskizunean zehar eskainiko diren doinuetako asko.
Errebotearen lurraldean
Emanaldian eskaintzen diren beste kantuetako batzuk, tradizionalak dira. Esate baterako, Iratiko Basorrailarena. XX. mende hasieran Iratiko artzainak urtean hiru aldiz biltzen ziren eta egun osoko festa egiten zuten, pilota, meza, bazkari eta bertsoen artean. Errebotea egoten omen zen, ospakizun horien erdigunean. Iratiko basoko pasarte horiek ere irudikatuko dituzte Laida Pilota ikuskizunean, eta bihar, errebote jokoa oraindik ere bizirik dagoen herrian ikusi ahal izango dira.
Orotara ia 50 lagunez osatutako ikuskizuna da Olaederrako kantxan eskainiko dutena eta okasio gutxi izango dira, aurrerantzean, emanaldia berriz ikusteko. Hendaiako Bixintxo jaien barruan eskainiko dute urtarrilaren 18an eta Parisera bidaiatuko dute parte hartzaile guztiek otsailean, han ere, pilotari gorazarre egiteko.