Adunan, esaterako, urtean zehar herrian ereindako babarrunarekin eta azarekin babarrun jatea egin dute eskolako haur eta irakasleek, Txulobi elkartean. Tripak bete ostean, herri kiroletan aritu dira frontoian, guraso batzuen laguntzarekin. Gero, talde argazkia atera eta Euskaraldiko abestiaren koreografia dantzatu dute.
Asteasun, Berastegin eta Iruran ere ikasleek izan dute protagonismoa. Pello Errota ikastetxeko ikasleek, esaterako, Euskaraldia hitzaren hizki bana hartu eta murala osatu dute. Bertsotan, olerkiak errezitatzen, kantuan edota antzerkian ere aritu dira. Irurarrek, berriz, dantza martxosoekin girotu dute arratsaldea, eta ondoren gaztainak jateko aukera izan dute. Berastegin ere antzezlanak eta dantzak eskaini dituzte, eta amaieran argazkia atera dute.
Jai giroan amaitu da, beraz, Euskaraldia. Esperimentu sozialaren inguruko eskualde mailako balorazioa bihar egingo du Galtzaundi Euskara Taldeak. Hamaika egunek askorako eman dutela bistakoa da, baina hamabigarrenak ere ez du garrantzia gutxiago. Euskarak urteko 365 egunak behar baititu.