Indarkeria obstetrikoa: Puntu batzuk bakarrik bagina

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko aza. 25a, 08:55

Emakumeek jasaten duten indarkeria mota guztien artean, posible da indarkeria obstetrikoa isilarazienetakoen artean egotea; haurdunaldi, erditze eta erditzeoste asko, ordea, betiereko orban bilakatzen dira, praktika sistematizatu horien aterkipean.

Haurdunaldian eta erditzearen bueltan zenbait emakumek jasaten duten tratu txar edo desegokiari deritzo, indarkeria obstetrikoa. Beste edozein indarkeria matxista bezala, izan liteke fisikoa, edo izan liteke begiekin ikusten ez den horietakoa. Eta, antza, oraindik betazal asko daude altxatzeko, indarkeria obstetrikoari zuzen begiratu eta beste hainbat biolentzia matxistaren bidetik, ozen salatzeko.

Venezuelan, esaterako, indarkeria obstetrikoa beste indarkeria matxista bat gehiagotzat jotzen dute. Elkarte, profesional eta norbanako askoren ustez, ordea, onartutako eta ezkutatutako zerbait da, oraindik orain, hemen.

Duela bi aste inguruko albistea da, SEGOk (Espainiako Ginekologia eta Obstetrizia Elkarteak) plazaratutako adierazpena. Indarkeria obstetrikoa delituzko kontzeptutzat jo zuten testuan, zigor kodeak halakorik baieztatzen ez duen arren, eta gaineratu zuten, medikuntza espekulatibo baten asmakuntza besterik ez dela guztia.

Jarraian irakurgai diren testigantzak, ordea, kasu errealak dira, Tolosaldean edo inguruetan gertatutakoak, eta Alazne Apalantza fisioterapeutak bildutakoak.

Maialen, 37 urte: «MOMENTUAN, DEPRESIOAK JOTZEKO MODUKO BIZIPENA IZAN ZELA SENTITU NUEN»

Emaginak etzateko eskatu zidan, eta apnea egiteko eskatu. Gaizki bultzatzen nuela esan, eta atzamarrak barruan mantendu zituen expulsiboan, nire nahiaren kontra. Medikua etorri zenean, gure zalantzak azaldu genizkion, eta aurpegi txarra jarri zigun, ironia erabiliz eta guri bizkarra emanez. Jarraian ebakuntza gelara eraman gintuzten, eta hor konturatu ginen hobe zela esaneko jarrera izatea zesarean bukatu nahi ez bagenuen. Errespetu faltak eta jarrera paternalista eta despotikoa sentitu genituen jarraian. Nik fisioterapeuta bezala nekiena, eta biok erditze prestaketan ikasitakoa, hegan joan ziren.

Hurrengo egunetan, negargura besterik ez genuen sentitzen; biok geunden oso minduta. Egia esan, momentuan, depresioak jotzeko moduko bizipena izan zela sentitu nuen. Nola liteke, horrelako momentu baten, emakume talde batek jarrera hori izatea, beren babesa gehien behar genuenean? Hala ere, profesional taldean izan zen salbuespenik: erizaintzako laguntzailea. Une oro gizatasunez aritu zen gurekin, emaginari gustatu ez zitzaion arren. Denborarekin, konturatzen zara gurearen antzeko errelatoak onartzea ez dela erraza gizartean. Sentitu izan genuen, ez zegoen lekutik arazo bat sortzen ari ginela.

Ezti, 36 urte: «GAUR EGUN, ARGI DUT: NIK SEME EDER BAT DUT, ETA GINEKOLOGO HARK LODIFOBIA»

Kontsultetako errutinazko kontroletako batean, preeklampsia arriskua nuela esan zidaten, tentsioa desoreka zitekeela; prebentziorako tratamendua egin genuen, eta guztia normaltasunez joan zen. Pisuaren kasuan, ordea, nire garapena estandarretik ateratzen hasi zen, eta orduan heldu zen kalbarioa.

Emaginaren kontsultan aholkuak beti errespetuz jasotzen nituen. Ginekologoaren kontsulta, ordea, okerrera joan zen denborarekin, arrazoi bakarragatik: pisua. Nik beti pisu normala izan dut, normopeso, baina, haurdun geratu nintzenean, nire gorputzak taulek markatzen zutena baino pisu handiagoa hartu zuen. Horrela, ariketa fisikoa egiten hasi nintzen 5-6 hilabeteko nengoela. Tripa gogortu eta minbera geratzen zitzaidan, eta emaginak ariketa egiteari utz niezaiola esan zidan, kontrakzioak saihesteko. Ginekologoari aipatu nion kontrakzioen arazoa, baina hark pisuan zentratuta jarraitzen zuen, osasuna kilotan neurtuko balitz bezala! Behin eta berriz, gauzak gaizki egiten ari nintzela errepikatzen zidaten ginekologoaren kontsultan.

Pisua oker zihoala oso argi geratu zitzaidan, baina, beste guztia? Zergatik ez baloratu ondo zihoazen gauzak? Bere hitz egiteko moduak min handia egin zidan, gainera: «Horrela jarraitzen baduzu oso baldar egongo zara erditze egunean», «ez zara gai izango ohetik kamilara pasatzeko ere», «jagoleei deitu beharko diegu zu mugitzeko», «ariketa egitean tripa gogortzen bazaizu, badakizu, ahoa itxi!».

Deigarriena zen, gainera, ez dela erretiroa hartzear zegoen gizona; neska gaztea da. Beharbada, patriarkatuko iturritik ura edanez hazi dena; ez dakit, eta ez zait inporta.

Bat-batean, nonbaitetik indarra batu eta sentitzen nuen guztia esan nion: inork ez zuela nik baino gehiago desio, dena ondo joatea eta, berak sinetsi edo ez, saiatzen ari nintzela. Nire egoera beste neska batzuekin elkarbanatzen hasi nintzenean, ikusi nuen ginekologoaren jarrera kontu orokorra zela, eta ez nintzela bakarra.

Gaur egun, argi dut: nik seme eder bat dut, eta berak lodifobia.

Eider, 35 urte: «EZ GENUEN INONDIK INORA ESPERO, 2016AN, DONOSTIA OSPITALEAN, HALAKORIK GERTATUKO ZITZAIGUNIK»

Donostiara iritsi ginenerako baziren bi ordu, kontrakzioekin hasi nintzela. Larrialdietako ginekologoak esan zidan ia zazpi zentimetroko nengoela, eta oso itxura ona zuela; berehala erditze gelara eramango gintuztela, eta epiduralik gabe ere aurrera egiteko itxura ona zuela. Horrek asko animatu ninduen, haurdunaldian erditze kontziente bat izateko prestatu nahi izan bainuen. Kontrakzioek min handia ematen zidaten arren, gogotsu sartu nintzen erditze gelara, bikotea ondoan nuela. Emagina agertu eta berehala, kontrakzio bat iritsi zitzaidan, eta arnasketa kontrolatzen saiatzen ari nintzen bitartean, galderak egiten hasi zitzaidan. Itxaroteko esan nion eta, hark, gaztelaniaz bakarrik ulertzen zuela.

Bigarren kontrakzioan mugitzen hasi nintzenerako, errietan hasi zitzaidan, geldirik egon behar nuela esanez. Nik, harrituta, esan nion uste nuela eskubidea nuela mugitzeko, eta horretarako beharra sentitzen nuen, mina kontrolatzeko. Baina berak esan zidan geldirik egoteko, eserita, bestela ezingo zizkidatela konstanteak hartu: «Eta, bestela, epidurala jarri, ezin zara mugitu».

Sekulako zaplaztekoa izan zen hura, eta epidurala eskatu nuen. Anestesista etorri zenean, emaginari eskatu nion eskua eman ziezadala, gerritik orratza sartzeak beldurra ematen zidalako, eta bikoteak gelatik atera behar izan zuelako. Ez zidan, ordea, eskurik eman, eta amantaleko poltsikoari helduta hartu nuen.

Berehala, antibiotikoa ere jarri zidaten, estreptokoko bakteria nuelako; lau ordura, beste bat jarri behar zidatela ere jakinarazi zidaten. Epiduralarekin mina kontrolagarria zen, eta ez nuen beharrik sentitzen beste dosia hartzeko. Bultzatzeko beharra nuela esaten nien, eta beraiek ezetz, zain egon behar nuela, antibiotikoaren bigarren dosia hartzeko. Bigarrenez gauza bera esaten hasi nintzen, baina, nire baimenik gabe, epiduralaren bolari sakatu zioten, pixka bat frenatu behar nuela esanez. Antibiotikoa bigarrenez sartu eta gero, orduan, erditzea berriz aktibatu beharra zegoen: oxitozina sartu zidaten.

Erditzeko kamilan jarri ninduten eta, nire harridurarako, uhalekin lotu ninduten. Ordu erdian jaio zen gure alaba, baina, episiotomia eta abarrak egin arte, lotuta izan ninduten. Herriko emaginak harriduraz entzun zituen ospitalean gertatutakoak, batez ere, estreptokokoaren bigarren dosia hartu beharrik ez nuela uste zuelako. Alegia, ez zuen egokitzat jo erditzea gelditzea.

Logela bat eman aurretik, lau orduz eduki gintuzten erditze gelan. Hurrengo egunean, berriz, sukarra igo zitzaidala ikusita, begira hasi ziren, eta erditze ostean barruan utzitako gasa bat atera zidaten modu nahiko zakarrean.

Badakit ospitalea ondo prestatuta dagoela, eta gaur egungo amen beharrak errespetatzen dituen praktikak garatzen dituztela. Inguruan baditut esperientzia onak, eta ni neu ere oso seguru joan nintzen bertara. Zoritxarrez, ordea, oraindik badira amaren nahia eta eskubideak errespetatzen ez diren kasuak. Eskerrak, tartean pertsona goxoak eta gertukoak ere baziren, eta horrek gure bizipenak goxatu zituen, ez baikenuen inondik inora espero, 2016an, Donostia Ospitalean, halakorik gertatuko zitzaigunik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!