11 egun erabilera ohiturak iraultzeko

Jon Miranda Labaien 2018ko aza. 23a, 08:00

Gaur abiatuko da Euskaraldia eta abenduaren 3ra bitartean Tolosaldeko 16 urtetik gorako 6.500 herritar ariketa sozial honetan parte hartzeko konprometituta daude. Hizkuntzaren afera erdigunera ekarriko da, dauzkagun ohiturak astindu eta euskarazko komunikazioa sustatuz.

Galtzaundi Euskara Elkarteak emandako datuen arabera, Euskaraldian parte hartzeko Tolosaldeko 6.500 pertsonek zuten izena emanda, aste honen hasieran. Parte hartzeko baldintzak betetzen dituztenen %20ak hartu du konpromisoa. Alegia, Tolosaldean euskara ulertu eta 16 urte baino gehiago dituzten 10 lagunetatik 2k egingo dute ariketa. Datozen 11 egunetan %85a Ahobizi izango da eta %15a, berriz, Belarriprest.

Tolosaldean biztanleen %74a da euskaraz komunikatzeko gai. Euskaraz hitz egiten jakin gabe ongi ulertzeko kapaz direnen kopurua are handiagoa da, eskualdeko herritarren %84a. Beraz, egunotan, euskaraz hitz egin nahi duenak, erraz aurkituko du solaskidea. Ahal den guztietan euskaraz aritzeko ohitura hartzea da Euskaraldiak sustatu nahi duena, ez baita beti pasatzen: Tolosaldeko 28 herrietako Hizkuntza Erabileraren Kale Neurketek azaldu dutenez, eskualdeko kaleetan izandako solasaldien %56a baino ez da euskaraz.

Duela hiru urte Transitoak izenburua jarrita performancea egin zuen Lutxo Egiak. «Hizkuntza hegemonikoa ahaztuta» aritu zen hilabetez, edo beste era batera esanda, hegemonikotzat euskara hartuta. Donostiako Egia auzoan hartu zioten lekukoa eta atzetik etorri dira beste hainbat herri ere. Orain, Euskal Herri osora esportatuko da ekimena, Euskaraldia izenarekin.

Horrelako esperientziak gauzatu dituzten herrietan, behin ekimena amaituta, norberaren hizkuntza ohituren inguruan hausnarketa egiteko bidea zabaldu zaiela ikusi dute. Eta berdina egin nahi da Euskal Herri mailan, datozen 11 egunetan: jabetze eta ahalduntze ariketa, azken batean. Hizkuntza gutxitu bateko hiztun garela jakinik, konpromisoa hartu duenak, hausnartu beharko du zerk bultzatzen duen ohitura horietara eta lehen erdaraz egiten zituen jarduerak euskaraz nola egin asmatu beharko du. Korapilo hori askatzeko moduak bilatu beharko ditu egun hauetan. Norberak aldaketa hori eragiteko dituen indarrak neurtuz, frustrazioan erori gabe eta proba eginez. Konbentzitzea baino gehiago, probatzea eskatu dute Euskaraldiko bultzatzaileek, «eta gero ondorioak ateratzea».

Horregatik eskatu dute antolatzaileek norberak bere burua prestatzeko datozen egun hauetarako. Katalunian urteak daramatzate gaia lantzen, TELP (Taller d'Espai Lingüístic Personal) deitutako tailerretan. Euskaraldiaren harira, egunotan Biziprest tailerrak eman dira eskualdeko herrietan eta bertan aritu da azalpenak ematen Uemako teknikari, Imanol Haro. Estres linguistikoaz hitz gin du: «Egoera jakin baten aurrean euskara edo gaztelera erabili ez dakigunean sentitzen dugun urduritasuna da. Hori nolabait konpontzeko gakoak eskaini ditugu herriz herriko tailerretan». Ahozibi txapa eramateko konpromisoa hartu duenak, ez baitu euskaraz hitz egiteko konpromisoa bakarrik hartu, 'estres' egoera horietan euskarari eustekoa baizik. Ahobizien kasuan euskaraz egiteko konpromisoari, eta Belarripresten kasuan, euskaraz jasotzekoari. Kasu guztietan, hala ere, hiztunari jokaera aktiboa eskatzen dio ariketak.

Aldaketa pertsonala izango da, baina Euskaraldiak ariketa taldean egiteko aukera emango du, bidea erosoagoa eginez. Esperimentua hainbeste jendek batera eginda, batak bestea kutsatzeko arriskua handiagoa da. Gutxitan bezala, euskara izango da hizpide datozen egunotan eta elkarren arteko topaketak pilatutako esperientziak trukatzeko baliatu ahal izango dira. Zizurkilen, esate baterako, krisi kabinete bat antolatu dute datorren asteazkenerako. Trago baten inguruan, ekimenean parte hartzen ari direnek zein bizipen izaten ari diren konpartitu ahal izango dute. Hitzordua, 19:00etan egin dute Atxulondon.

Hain zuzen, Zizurkilen, atzo bota zuten etxafuegoa Euskaraldiari hasiera emateko eta aste osoan zehar ekimenak antolatu dituzte. Besteak beste, Otaño ikastetxeak komunitate guztiaren euskararen aldeko hitzarmen sinadura egingo du gaur plazan, 15:30ean. Euskaraldian parte hartzen ari direnek aipatu dutenez, «herrian sortu da giro bat gauzak mugitzeko eta prozesu honi erraztasunak emateko». Mugitzen ari dira entitate eta erakundeak eta 2019a euren urtea izango da, Euskaraldia ez baita hamaika egun hauetan bukatzen. Horren adibide, Zizurkilen bertan, edo Tolosan eta Ibarran merkatariekin hasi duten lana. Belarriprest eta Ahobizien dinamikarekin bat egin dute hainbat komertziok.

Erronka baita arnasguneetan

Tolosaldeko Aduna, Alegia, Altzo, Amezketa, Anoeta, Baliarrain, Berastegi, Gaztelu, Ikaztegieta, Irura, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa eta Tolosa Uemako udalerriak dira eta mankomunitateko gainerako herriekin batera Euskaraldirako Hamaika egun baino gehiago hamaika aldiz gehiago! deitu duten proposamena landu dute. 11 egun hauetan 11 alor lantzea da proposamen osagarri honen funtsa: «Hamaika konturen inguruan hausnartzeko, hutsuneak ikusarazteko, jokaera eredugarriak nabarmentzeko eta hamaika konpromiso hartzeko aukera ematen du, maila pertsonalean zein kolektiboan», azaldu du Miren Segurola Uemako koordinatzaileak.

Interneten, mugikorretan, hornitzaileekiko harremanetan eta fakturetan, irakurtzen ditugun liburu, egunkari eta aldizkarietan edota ikusten ditugun filmetan ohiturak aldatuta eragin daitekeela uste dute Uemako kideek. Herri euskaldunetan Euskaraldian lantzeko identifikatutako 11 arloen artean daude hedabideak, Interneta, lantokia, aisialdia, kalea, merkataritza, agiriak, zerbitzu publikoak, etxea eta kultura. Hamaikagarren puntuan adierazi dutenez, «herritarrek euskaraz egin ezinaren ondorioz, askotan sentitzen duten ezinegona, indar eraldatzailea izatea nahi dugu».

Hedabideen arloari dagokionez, egitasmo zehatz bat jarri dute martxan Uemako udalerriek, Berria egunkariarekin batera. Herritarrek egunkaria non irakurri nahi luketen adierazteko kanpaina bat hasi dute. Tabernetan-eta euskarazko egunkariaren presentzia areagotzea da asmoa, bereziki. Hilabetez, egunkaria doan bidaliko du Berriak jendeak aurrez hautatutako taberna, kafetegi edo jatetxeetara; ondoren, sei hilabetean eskaintza berezia egingo zaie harpidetzan. Anoetan, Altzon eta Alegian, adibidez, aparteko ahalegina egingo dute kanpaina horren alde: dirua jarriko dute harpidetza horren zati bat ordaintzeko.

Erakundeak eta eragileak, bat

Tolosaldeko herriek gogoz heldu diote Euskaraldiaren egitasmoari. 26 herritan aritu dira ekimena dinamizatzeko taldetxoak sortzen eta udal ordezkari gehienek bat egin dute ekimenarekin. Hain zuzen, tokian tokiko taldeek jasoko dute hamaika egun hauek ematen dutena eta parte hartzaileek bizi eta sentitutakoa.

Euskal Herri mailan, berriz, Eskaraldiaren eragina ikerketa baten bidez neurtuko da eta Soziolinguistika Klusterrak ekimenaren inguruko ikerketa lana egingo du, hizkuntza ohiturak aldatzeko prozesuak aztertzeko eta ekimenaren eragina nolakoa eta zenbatekoa den ezagutzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!