Txapelaren gozoa, Aortzakoentzat

Mikel Iraola 2018ko aza. 19a, 09:01

Penaz baina harro amezketarrak, pozez txoratzen eta hunkituta Ezkurdiaren senide bidaniarrak. Halaxe amaitu zuten atzoko eguna batzuek eta besteek. Izan ere, txapela bakarrak ezin bi buru estali.

Jokorik onena erakusten ari diren bi pilotariak izan ziren, atzo, nor baino nor gehiago, lepo bete zen Nafarroa Arenan. Eta gehiago Joseba Ezkurdia izan zen.

Indar erakustaldia eman zuen arbizuarrak. Konplexurik gabe jokatu zuen, zital, erasokor. Eta bide horri jarraiki lortu zuen bere ibilbideko lehen bakarkako txapela. Merezitako txapela. Halaxe aitortu zuen Altunak berak: «Ez dut nire jokorik onena egin. Bera gehiago izan da hasieratik, eta merezita irabazi du txapela».

Txapelaren gozoa, beraz, Arbizura joan da oraingoan. Baita Bidania-Goiatz eta Alegia aldera. Izan ere, bidaniarra da Joseba Ezkurdiaren amaren sendia, Aortza baserrikoa. Pozik ziren neurketa amaieran:

«Binakako txapela agian bereziagoa izan zen, lehena izan zelako eta harekin asko indartu zelako Joseba. Honek ere ziur indar asko emango diola. Baina sekulakoa da lortu duena. Galdu edo irabazi ospatu egingo genuen, eta irabazi ostean, bikoitza ospatuko dugu», aitortu zuen Joxe Antonio Galarraga Alegian bizi den osabak. Izeba Margari ere txoratzen zegoen: «Urduri izan gara gaur. Ia ez dut bazkaldu ere egin. Baina orain ez zaigu ezer falta. Ez dago hitzik esateko zer sentitzen den».

Altunaren eskualdeko zaleak, berriz, amezketarra hirugarren txapela janzten ikusi gabe itzuli ziren. Baina bazen denen ahotan esaldi bat: «Izango dira final gehiago. Eta horrela jarraituz gero, txapelak ere bai».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!