[Kronika] Altuna III.a, lau eta erdiko txapeldunorde

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko aza. 18a, 19:49

Joseba Ezkurdiak 22-17 irabazi dio Jokin Altunari Nafarroa Arenan jokatu den lau eta erdiko txapelketaren finalean. Amezketarrak deseroso aurkitu dela aitortu du eta arbizuarrak egin duen lana ederra izan dela ere aipatu du. Ezkurdiak txapelketa oso ona jokatu ondoren txapela janztea lortu du.

Partida hasiera oso gogorra izan da. Lehen sakea amezketarrari egokitu zaio, eta lehen pilotakadarekin egin du finaleko lehen tantoa. Gero, ordea, tantoak egitea kosta egin zaio. Ezkurdia oso serio hasi da hasieratik, eta indar handia eman die pilotakadei, bolea aprobetxatuz nahiz ezker pareta erabiliz. Horrela, 4-4 jarri dira hasieran, eta zazpigarren tanto gogorraren ondoren, zortzigarrena, arbizuarrak egin du, bolea ikusgarri bati esker.

Ondoren, aldea handitzea lortu du (4-9), baina Altunak ez du amore eman eta bi tantora hurbildu da (7-9). Ezkurdiak, ordea, berdin jarraitu du, eta pilota bizi mugituz, berriro ere errenta txiki bat lortu du, lehen atsedenaldi luzera lau tantoko aldearekin heldu delarik (8-12).

Itzuleran, Altuna gehiago asmatzen hasi da, eta Ezkurdiak tantoren bat edo beste ere galdu du, 14nako berdinketara heldu direlarik. Bigarren zatian Altuna hobeto aritu da fisikoki, baina erasoan ez du asmatu, eta hor egon da gakoa. Ezkurdiak, berriz, txapelketa osoan zehar erakutsi duen maila berbera erakutsi du finalean, eta azken txanpara ere hobeto heldu da.

Altuna 15-14 aurreratu da, baina bigarren atsedenaldi luzera ere Ezkurdia heldu da aurretik: 16-18. Lehenengo atsedenalditik itzuli ondoren ez bezala, Joseba Ezkurdiak hobeto amaitu du partida. Gainera, Altunak ezker eskuko hatz batean min hartuta amaitu du partida, eta azken pilotakadetan ere nabaritu da hori. Azkenean, lehen tantoan bezala, baina beste aldera, azken sakearen bitartez lortu baitu garaipena, eta ondorioz txapela, Arbizuko aurrelariak: 17-22. Sekulako poza hartu du Ezkurdiak txapeldun zela ohartu denean. "Jokinek gora egin du txapelketan eta banekien gogorra izango zela. Ikaragarri pozik nago txapel honengatik", aipatu du partida amaitu bezain laster.

Orokorrean, oso partida gogorra izan da, erritmo bizikoa eta pilotakada askokoa. Hala ere, historiara ere pasako da, Nafarroa Arenan jokatu den lehen final nagusia izan baita, eta gainera, botilerorik gabekoa. Pilotaleku berria ere nabaritu da partidan zehar, batez ere ezker horman pilota geratu egin delako zenbait tantoetan. Finalaren ondorengo prentsaurrekoan ez du adierazpenik egin nahi izan pilotalekuari buruz.

Hala ere, argi eta garbi hitz egin du partidari buruz. "Ni partida guztian deseroso sentitu naiz, bera gehiago izan da, eta merezimendu osoz lortu du txapela". Partida gogortu duela bai, baina defentsari esker izan dela aitortu du. "Erasorako frontoi desegokia da. Erasoan ez dut asmatu, aurrera egin behar nuelako zenbait pilotetan". Finalak, askotan, detaile txikietan erabakitzen direla azaldu du, baina gaur tanto batzuk oparitu dizkiola ere esan du. "Berak abiadura eman dio pilotari eta oso zaila zen aukerak izatea, eta gero gainera, izan dudanean, ez dut asmatu"

Amaitzeko, gerturatu diren zaletuei "Afizioari eskerrak eman nahi dizkiot, plazer bat baita beraiek hor egotea. Beti izaten ditut ondoan, beti laguntzen eta animatzen. Nahiz eta galdu, ospatzeko gauzak baditudala iruditzen zait, eta beraz pozik nago egindako lanarekin". Orain, Abaltzisketako Zalbide sagardotegian egingo dute afaria 150 lagun inguruk.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!