«Jokin Altuna ehuneko ehunean ikusten dut»

Asier Imaz 2018ko aza. 15a, 15:11

Jokin Altunak Nafarroa Arenan asteartean egin zuen entrenamendua. Bere ondoan Ioritz Egiguren (Tolosa, 1997) izan zuen, afizionatu mailako pilotaria. Elkarren aurka aritu ziren lehian. Tolosarrak ehuneko ehunean ikusten du amezketarra, Joseba Ezkurdiaren aurkako partidarako.

Nola ikusi zenuen Jokin Altuna entrenamenduan?
Txapelketa guztian bere lesioarekin arrastaka ibili da, baina asteartean ehuneko ehunean ikusi nuen. Gerra emateko prest dagoela esango nuke.

Nolako entrenamendua egin zenuten?  
Beroketak egin ondoren, lau bat partida jokatu genituen elkarren aurka. Lehen biak 22ra eta besteak motxagoak.  

Bateren bat irabazi al zenion?
Bai, zortea alde bateren bat irabazi nion.

Nolako pilotalekua da Nafarroa Arena?  
Entrenatzeko hotz xamarra; pabiloi handi baten iskinean frontoi bat. Harmailak jarri gabe zeuden oraindik eta hotz geratzen zen. Ez zuen frontoi bat ematen. Bestalde, niri behintzat lurra gustatu zitzaidan, bizia eta ona iruditu zitzaidan.

Aurrez ibili al zara Jokin Altunarekin entrenamenduetan?
Zazpi Iturriko pilotariak gara biok, eta bere garaian elkarrekin ibiliak gara entrenamenduetan. Gero, profesionaletara jauzi egin zuenean, Bilboko buruz buruko finalerako deitu zidan.  

Zortea ematen diozu, orduan.
Espero dut horrela izatea.  

Altuna III.ak berarekin entrenatzeko eskatzea, polita izango da.
Izugarrizkoa da. Horrelako pilotari batek zurekin entrenatzen duela ikustea, zeozertarako balio duzula sentitzea da. Izugarrizko poza eman zidan bere deiak.  

Aholkuren bat eman al zenion finalari begira?  
Nik berak esaten zuena egiten nuen. Ez nintzen horretan sartu, berak pilotaz nik baino gehiago dakielako. Animoak ematea zen nire lana. Berak badaki finala nola jokatu behar duen.   

Joseba Ezkurdia izango du aurkaria. Sasoi betean dagoen pilotaria.
Orain bezala ez dut inoiz ikusi Ezkurdia. Lehen esan bezala, ordea, Altuna behetik gora dator. Ligaxkako partida bezalakoa ez da izango finala. Edozer gerta daiteke; partida gogorra izango da baina Jokinen alde ikusten dut.

Zer egin beharko luke irabazteko?  
Bere lana guztiz ondo egin beharko du, bestela oso zaila izango da. Nire ustez pilota azpitik ibili beharko luke, Ezkurdiak ahalik eta gehien botera joka dezan. Gero, une erabakigarrietan nork asmatzen duen ikusi beharko da, detaile txiki horietan egongo baita partida nire ustez. Bi pilotariak dira oso onak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!