Ate bat, elkarbizitza linguistikora

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko aza. 13a, 15:44

Hamaika egunez euskara hutsean aritzeko edo euskaraz entzuteko hautua izango da Euskaraldia, baina ariketa –itxuraz– sinple horretatik askoz harago iritsi nahi dute antolatzaileek, Euskal Herriko argazki soziolinguistikoa aldatze bidean.

Euskaraldia ate bat izan zen Galtzaundi euskara taldearentzat, duela urtebete inguru. Beren elkartea Tolosatik eskualdeko herri guztietara zabaltzeko lanekin bat egin zuen 11 eguneko ariketaren aurkezpenak, eta Igor Agirre Galtzaundiko komunikazio arduradunak azaldu du, elkarri lagundu ziotela bi egitasmoek: «Gogoz hartu genuen, Galtzaundik berak herri guztietara iristeko bideak ireki nahi zituelako, euskaltzaleak elkartuz. Euskaraldia tresna egokia iruditu zitzaigun horretarako eta, aldi berean, erronka bat ere ezarri zigun, lanean hasteko».

Arnasguneetako egoera soziolinguistikoa aztertu eta lantzetik zetorren euskara elkartea, baina «kontuan hartzekoa da, Tolosaldeko arnasguneak jada ez direla horren arnasgune». Horrela, Agirrek gaiari hortik heldu beharraz ohartarazi du: «Arnasguneetan, Euskaraldiak balio beharko luke herritarrek kontzientzia aktibo bat hartzeko. Izan ere, askok esaten dute honezkero badirela Ahobizi, edo beren herrian ia erabatekoa dela euskararen erabilera. Datuek, ordea, beste zerbait adierazten dute gero».

Zazpi herrialdeetan hamaika egunez martxan izango den ariketarako eskualdea prestatzeko, bilera orokorrak nahiz herrietakoak egin dituzte, eta oraindik ere izango da saiorik, herritar bakoitzaren rolari eusteko gomendioekin. Horixe baita, hain justu, Euskaraldira herritar gehien erakarri dituen arrazoia: ariketa soziala. «Horrelako egitasmo baten atzean erakunde, eragile eta bestelakoak egoteak indarra ematen dio deialdiari, eta pentsa daiteke gizarteko zati bati eragiten diola; kasu honetan, euskalgintza soziala eta administratiboa eskutik doaz. Hala ere, gure inguruan hauteman ahal izan dugunagatik, ariketa edo esfortzu horrek erakarri du jendea», dio Igor Agirrek.

Ondo zehaztutako epealdia izatea, eta epealdi horretan norbere egitekoa zein den argi eta garbi izatea. Bi arrazoi horiek dira, besteak beste, Tolosaldeko herritarrak Euskaraldira batu dituztenak. «Ez da momentu edo egun bakarrerako kontua, eta konpromisoa eskatuko du» Agirreren ustez, «bai norbere burua, bai gainerakoak proban jartzeko».

Ohiturak eta elkarbizitza jokoan

Hamaika egunez euskaraz aritzeko nahiz entzuteko konpromisoa hartu, eta euskararen erabilera areagotzea da, labur esanda, lehen Euskaraldiaren jomuga. Hori hasiera besterik ez da izango, ordea: denbora tarte horrek herritarren hizkuntz ohiturak aldatzeko akuilu lanak egitea ere nahi dute antolatzaileek.

Baina, aste eta erdian hartutako rola nahikoa al da, ohiturak eta eguneroko komunikatzeko moduak aldatzeko? Galtzaundiko kideek baietz uste dute: «Esperientziak erakusten du hala dela eta, adibidez, Lasarten funtzionatu zuela. Han, inkestetako datuek diote hizkuntz ohiturak aldatu dituela antzeko ariketa batek. Egia da Tolosaldeko eta Lasarteko egoera soziolinguistikoa ez direla berberak. Hala ere, gure itxaropena da gaztelaniara jotzen duten horiei kontzientzia piztea, eta aurrerantzean aldatzen saiatzea».

Bestalde, Belarriprestek duten garrantziari ere fokua jarri nahi izan dio Agirrek: «Egun horiek interesgarriak izango dira, ikusteko, gure eskualdean zenbat jendek ulertzen duen euskara». Izan ere, datuen arabera, 10 herritarretik 8,5 gai dira euskara ondo ulertzeko: «Pentsatzen duguna baino gehiago dira, eta probabilitateak dio, parean dugunak ia beti ulertuko digula, euskaraz egiten badiogu». Horregatik, Belarriprest gurak izango duen pisuaz ohartarazi nahi izan du, bai Tolosaldera, bai Euskal Herrira begira: «Hainbat kasutan, Ahobiziari lana erraztuko dio Belarriprestak».

Ulertu bakarrik egiten duten horiek euskara ikasten hasteko bultzada bat ere izan daiteke Euskaraldia, baina, horra iritsi aurretik, egungo ezagutza mailarekin errealitatea iraultzeaz ari da Igor Agirre: «Askotan, simetriara jotzen dugu elkarrizketetan, eta gure kideak euskaraz ez baldin badaki, euskaldunok gaztelaniara jotzen dugu ia beti. Euskaraldiak lagundu egingo digu, ikusten, posible dela elkarrizketa bat bi hizkuntzatan mantentzea eta, ondorioz, bereari eusten diona euskalduna ere izatea».

Euskaraldiak hizkuntz erabilera datuak dantzan jarriko ditu 11 egunez, bai, baina, zenbaki eta grafiko soziolinguistikoez harago, elkarbizitza ariketa bat ere bilakatuko da, euskal lurraldeko hainbat txokotan: «Kasu askotan, Euskaraldian parte hartzeak aldaketa handiak sortuko ditu egunerokoan, eta pertsonen arteko elkarbizitzan negoziazio prozesuak sortuko dira. Bikote harremanetan, familietan, etxean nahiz lantokietan, jende askok azaldu egin beharko du bere erabakiaren zergatia, eta beste aldekoek onartu egin beharko dute».

2019, erakundeen urtea

Euskaraldia ez zen hasteko eta bukatzeko sortu, eta antolatzaileak 2019ko ariketari begira dira jada: erakunde eta entitateen urtea izango dela aurreratu du Igor Agirre Galtzaundiko kideak. Dena den, sektorez sektore gaia lantzeko saiakera egin dute, aurten ere, euskara taldetik.

Horren adibide dira merkatariak, eta Tolosan eta Ibarran Belarriprest eta Ahobizien dinamikarekin bat egin dute hainbat komertziok: «Saltoki gehienek oso ondo hartu dute proposamena, eta bi parametro izango dituzte egunotan. Batetik, pegatinen bitartez, saltokiak identifikatu ahal izango dira: Belarriprest ote diren edo ez. Bestalde, saltzaile bakoitzak bere rola hartzeko aukera izango du, norbanako gisa. Izan ere, saltoki batzuen kasuan, akaso saltzaile batek euskaraz jakingo du, beste batek ulertu egingo du, eta beste batek ez. Saltoki hori ez da Belarripresta izango, baina saltzaileek egitasmoarekin bat egin nahi baldin badute, aukera izango dute horretarako».

Euskal Herriko hizkuntza ohiturak aldatzeko proposatutako ariketa hainbat ikerketaren bitartez lekukotuko du Soziolinguistika Klusterrak. Tolosaldea, berriz, hamaika egun horiek emandakoa eta parte hartzaileek bizi eta sentitutakoa tokian tokiko taldeek jasoko dute: «Haiek aritu dira izen-emateak jasotzeko, txapak banatzen nahiz azalpenak ematen, eta herritarren testigantzak ere haien ahotik jasoko ditu Galtzaundik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!