Zailtasunak daude oraindik, osasungintza zerbitzua euskaraz jasotzeko

Iñigo Terradillos 2018ko aza. 7a, 08:00

Uemak egindako azken behaketak erakusten duenez, Hego Euskal Herriko osasun zerbitzu publikoetako bost langiletik batek ez du hizkuntza eskakizunik ziurtatuta.

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak osasungintzan bi urtez behin egiten duen behaketaren datuak aurkeztu ditu. Lehen aldiz, gainera, famili mediku eta pediatrez gain, erizainak, harrerako langileak eta larrialdietakoak ere hartu dituzte kontuan. Aurrerapausoak eman dira, baina, hala ere, adierazi dute herritarrek «zailtasunak» dituztela askotan osasun zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko. Izan ere, bost langiletik batek ez duela hizkuntza eskakizunik ondorioztatu dute. Hala, osasungintza publikoa euskalduntzeko hezkuntzan eragin beharra nabarmendu dute, unibertsitatean, euskal adarrean plaza gehiago gordez, esaterako.

Uemako kide diren Hego Euskal Herriko 87 herrietako osasun zerbitzu publikoak aztertu dituzte. 240.000 biztanle inguruko lurgunea da orotara, eta kontuan hartzekoa da, Uemako kide direnez, biztanleen %70 baino gehiago euskalduna dela. Beraz, udalerririk euskaldunenak lirateke. Bada, horietako osasun zerbitzuetan lanean ari diren 616 langileen hizkuntza gaitasuna aztertu dute, azken behaketan. Horien artean daude familia sendagileak, pediatrak, erizainak, harrera langileak eta larrialditakoak. Horietatik 133 (%21,60) langilek ez du hizkuntza eskakizunik, hau da, bostetik batek. Tolosaldeari begiratuta, eta beste eskualdeekin konparatuta, egoera «ona» dela azpimarratu dute, eta hizkuntza eskakizunik ez duten langileak badiren arren, pediatra guztiak euskaldunak direla nabarmendu dute Uematik, beste hainbat zonaldetan betetzen ez den ezaugarria.

Osakidetzari eta Euskal Autonomia Erkidegoari begiratuta, aztertu diren 533 langileetatik, 76 dira hizkuntza eskakizunik ez dutenak, %14,25. Osasunbidearen edo Nafarroaren kasuan, berriz, %68ra igotzen da hizkuntza eskakizunik gabeko langileen ehunekoa.

Joera orokorra onerakoa bada ere, osasungintzaren alorrean oraindik «lan handia» dagoela egiteko azaldu du Uemak. Hala, mankomunitateko hainbat anbulatoriotan urratsak eman eta langile guztiek hizkuntza eskakizuna duten moduan, beste zenbait udalerritan egoerak okerrera egin duela adierazi dute, areagotu egin baita hizkuntza eskakizuna egiaztatu gabe duten sendagileen kopurua. Udalerri batzuetan, gainera, bereziki «larria» dela azaldu dute, «mediku edo pediatra guztiak baitira euskaraz egiten ez dutenak».

Oporraldietako ordezkapenekin gertatzen dena ere nabarmendu nahi izan dute Uematik. Izan ere, «egoera onena izan daitekeen lekuetan ordezkapenek kolokan jartzen dute zerbitzu elebiduna». Ziurgabetasuna «etengabea» dela diote, eta eskatzen dute «udalerri euskaldunetan egingo diren kontratazio berri guztietan, behintzat, profesional euskaldunak hartzea».

HEZKUNTZAN AZPIMARRA

Lan poltsan ez dagoela profesional euskaldunik argudiatzen dela ikusita, hezkuntzan eragin beharra ikusten du Uemak. «Eskariari aurre egiteko dagoen plaza kopurua ez da nahikoa, beraz, euskal adarrean plaza gehiago gorde beharko lirateke», esan dute. Uemaren ustez, osasun zerbitzuetan lan egiteko euskara eskatzen ez den bitartean, ikasle askok gazteleraz egiten dituzte oraindik ikasketak, «erraztasun gehiago» ematen zaizkielako. Gainera, «arazo handiak» dituzte oraindik euskarazko adarrean ikasteko. «Beraz, eskubide urraketa iraunkortu ez dadin, hezkuntza sailetik hartutako erabakiekin eragin behar da».

Herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzea da Uemaren helburua. «Uemako herriak euskaldunak dira, bertako herritarrak euskaraz sentitzen dira eroso, eta bereziki garrantzitsua da hizkuntza eta ohitura horiek mantentzea». Gurea bezalako eskualdea jarri dute eredutzat, «eragile» ere badelako. «Udalerri askok osatzen dute Tolosaldea, txikiak eta euskaldunak, eta bertako herritarrek ingurukoengan eragin dezakete, eredu izateko ardura hori ere badute».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!