Emandako datuekin ikusten da ezetz. Herritar batek hizkuntzaz aldatu behar duen bakoitzean eskubide urraketa ematen da. Gure kasuan, gainera, Uemako herrietan, herri euskaldunak izanik, eta kontuan izanda bertako herritarrak euskaraz bizi direla eta erosoena eta onena beraientzat euskaraz egitea dela, are eta nabariagoa da hori.
Borondate kontua al da?
Badakigu apurka apurka hobekuntzak ematen ari direla, bai Osakidetzan bai eta Osasunbidean ere. Datuak zertxobait hobeak dira, baina, gaiari errotik heltzea falta da. Hori borondate politikoa da, lehentasuna ematea euskarari.
Betebeharra ere bada.
Hizkuntz eskubide bat da herritarrentzat, zerbitzu hori euskaraz jasotzea, ez da kapritxo bat. Erakunde publikoei dagokie eskubide horiek bermatzea eta eredu izatea gainontzeko herri eragileentzat.
Langile batzuetatik bestera badela aldea ikusi duzue.
Bai. Pediatra eta larrialdietako langileen kasuan egoera okerragoa da. Pediatren kasuan, 40 langiletik 12k ez dute ziurtatuta hizkuntza eskakizuna, eta larrialdietako langileetan 40 langiletik 22k. Kontuan hartzen badugu pediatrak umeekin aurrez aurre egoten direnak direla eta larrialdietakoak berriz, une larri batean edo espero ez duzun batean artatzen zaituztenak direla, iruditzen zaigu horiei arreta berezia eskaini behar zaiela.
Zergatik gertatzen da hori lanpostu horietan?
Osakidetzak dioenez, zailtasunak dituzte profesional euskaldunekin postu horiek betetzeko.
Pediatra bakarra duten herrietan arazo hori nabarmenagoa izango da.
Bai. Eta Uemako kide diren herri batzuetan gertatzen da pediatra bakarra izanik hizkuntza eskakizunik ez dutela. Deban, Aramaion, Zestoan, Getarian, Aizarnazabalen, Usurbilen edo Elgetan, esaterako. Herri horietako umeek ez dute aukerarik euren pediatrekin euskaraz aritzeko.
Ze neurri hartzen dira Uematik?
Uemak bi urtez behin behaketa egin eta datuak azaleratzen ditu. Horretaz gain, uneoro udalei nahiz herritarrei laguntzen diegu kexak jartzen edota eskaerak egiten. Kanpainak egiten ditugu herritarrak animatzeko euren hizkuntz eskubideen aldeko aldarrikapenak egitera. Izan ere, egoera aldatuko bada herritarrak eskatu duelako izango da. Hori ikusi dugu herri batzuetan horrela gertatu dela.
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak jasotako kexen erdia osasun arlokoak dira.
Herritarrak kezkatzen dituen arlo bat dela erakusten du horrek, denok pasa behar izaten baitugu medikuaren kontsultatik. Egunerokotasunetik aldentzen den egoera batean joan ohi gara medikuarenera, gaixo edo arazoren batekin, eta zurea ez den hizkuntza batekin aritu behar izateak kezka edo ezinegona handitu dezake.
Kexen zati handi bat ordezkapenetatik dator.
Amezketan, esaterako, gertatu da, hainbat herritan udan beste urteetan gertatzen dena errepikatu dela. Mediku euskaldun baten ordez erdaldun bat jarri da. Gainera, askotan oso herri txikitan gertatu da.
Zergatik gertatzen da hori?
Osakidetzak erantzuten digu bi aukeren artean aukeratu beharra izaten dela: zerbitzua ez ematea edo zerbitzua ematea gaztelaniaz, herritarren hizkuntza eskubideak urratuz. Bigarrena aukeratzen duela erantzuten du.
Tolosaldeko egoera zein da?
Maila batean euskaraz egin dezakezula bermatzen duen agiri bat da hizkuntza eskakizuna, eta lanpostu bakoitzak maila jakin bat izatea behartzen du. Bada, Tolosaldean hizkuntz eskakizunik ez duten hamar langile daude, eta beste hainbat maila baxuagoko hizkuntza eskakizuna dutenak. Eskakizunik ez dutenen kasuan, derrigortasun data bat jartzen zaie hori egiaztatu ahal izateko. Hemen ere, mediku hori ordezkatzeko dauden zailtasunak argudiatzen dituzte, plazak eskuratuta dituztelako, eta askotan erretiroa hartzera arte itxaroten da ordezkatzeko. Dena den, Tolosaldeko egoera nahiko ona dela esango nuke, beste zonaldeekin alderatuta. Pediatren hizkuntza gaitasuna begiratzen badugu, guztiak dira euskaldunak, edo hizkuntz eskakizuna dute behintzat. Tolosan, Lizartzan, Alegian, Berastegin badira arazoak famili medikuekin edo erizainekin, baina, pediatra guztiak euskaldunak dira.