Izurritea bide

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko aza. 4a, 10:30

Pinuen gaixotasunak aukera bezala ikusten dituzte askok; orain arte egokia izan ez den basogintza politika irauli dezakeela diote. Etekin ekonomikotik harago, zer landatu beharko litzatekeen, zerbait landatu behar ote den eta gaixotasunei aurre egiteko zer egin daitekeen izan du 'ATARIA'-k aztergai.

Tolosaldeko herri bat baino gehiagotan pil-pilean dagoen gaia da. Ingurura begiratu eta udazken koloretan ikusi ahal ditugu bazter asko, baina bada ezinegona sortzen duen kolorerik ere; intsinis pinuek hartutako kolore marroi-gorrizta. Izurrite baten ondorio da, Dothistroma pini eta Lecaonosticta acicola izeneko onddoek gaixotu dituzte, eta ondorioz xingola marroia eta xingola gorriak jota daude. Ez dira gaixotasun berriak, mutazioak dira, hostoetan sortzen diren onddoak dira, eta lehortu egiten dituzte, hortik kolore marroi-gorrizta, eta hortik ere ez direla hazten, gaixotasunak fotosintesia ez egitea dakarrelako, eta beraz, moztu egin behar dira, askok landatzean bilatu zuten errentagarritasuna galduz.

Ez da lehen aldia, ordea, gaixotasun horiek ez dira orain azaldu. 1975. urtean jada onddo batek baino gehiagok kaltetu zituen pinuak, 1997. urtean ere zabaldu zen, baina 2008tik hona piztu dira alarmak. 2012tik aurrera egin du nabarmen gora, dena den. Tolosaldean gogor jo du izurriteak eta pinudien bi herenetik gorako afekzioa dago. Datuei erreparatuta esan behar da Gipuzkoako baso eremuarekin alderatuz, Tolosaldeko basoek, herrialdeko basoen %18 osatzen dutela. Eskualdean ere kezka iturri da beraz, pinuen osasuna.

Egoera honek, dena den, aukera berriak irekitzen ditu. Hori da batetik eta bestetik entzun daitekeen kontuetako bat: hondamendi ekologiko eta ekonomikoa izan liteke, baina aurreratzean zer egin erabakitzeko aukera ere ireki dezake. Gipuzkoako Basozainen elkartea da iritzi hori plazaratu duen agenteetako bat. «Batzuk intsinis pinuarekin jarraitu nahi dute eta berriro landatu dute. Askok nahiago dute espeziez aldatzea eta eukaliptoa aukeratzen dute (...). Beste zuhaitz espezie batzuk ere aukeratzen dira, bai ipar-amerikarrak (Douglas izeia, sekuoiak, akazia) bai asiarrak (Japoniako zedroa). Halere, baso jabe bakar batzuk bertako zuhaitzen alde egiten dute eta pagoak, haritzak, lizarrak edo gereziondoak landatzen dituzte, edo landatu beharrean, basoa bere kasa datorrela uzten dute. Azken aukera horrek, hala ere, ez du inongo laguntza publikorik jasotzen», esan dute ohar bidez.

Pinudien jabeek Gipuzkoako Foru Aldundiaren edota Eusko Jaurlaritzaren gomendioen zain daude, oro har. Gipuzkoako Foru Aldundiak dio onddoak intsinis eta Pinus negra pinudien %36ari eragin diola, eta bi norabidetan ari da lanean: batetik, gaitza sendatzeko saiakera egiten ari da eta, bestetik, diru laguntzak ematen ditu, pinuak mozteko. Izan ere, pinu guztiak ez daude gaitzak jota, eta osasuntsu dauden horiekin ari dira lanean, sendatu ahal izateko dauden tratamendu fitosanitarioak aztertzen ari direlarik. Diru laguntzak berriz, badu baldintzarik, moztu eta gero zuhaitzak landatu behar dira, beti ere landatzen dena eukaliptoa ez bada, aukeratzen den espeziak erresistenteak behar dute izan. Diru laguntzak batik bat, hazkuntza moteleko espezien alde ematen dira, ekoizpenerako horren interesgarriak ez diren espezieak ere babesteko.

Polemiken gaineko polemika pilatzen ari da gaiaren inguruan, eta tratamendu fitosanitarioei lotuta bada ahoz aho dabilen gaia, kobre oxidoa fumigatzearena. Eusko Jaurlaritzak eta hiru diputazioek Espainiako Gobernuari eskatu diote jada xingola marroia eta xingola gorria gaitzek jotako pinudiak fumigatzeko baimen berezia. Eta horren aurrean kexak nagusitu dira. Naturkon erakunde naturalista eta kontserbazionistak biltzen dituen kolektiboa da horietako bat. Baimen hori tramitatzen hasiak direla salatu dute eta fumigatzea «kontrola ezina» dela esan du. «Abiadura horiekin airez zabaltzen den produktua nora joango den ezin denez kontrolatu, Europako Batasunean airezko tratamendu fitosanitarioak debekatuta daude, oso kasu bereziak izan ezik», gogoratu du. Eta debekua arrazoitua dela ohartarazi du: kobre oxidoa arnastea toxikoa dela dio eta bronkioei eragiten diola nabarmendu du. «Uretako faunarentzat, gainera, oso toxikoa izateagatik, administrazioak berak tratamendu hauetan 50 metroko segurtasun muga errespetatzea exijitzen du». «Azalduko al digute gure ordezkariek nola pentsatu duten ziurtatzea gure ibaiak eta edaten dugun ura ez direla pozoituko gure mendietako 124.000 hektarea fumigatzen badira?».



Ekologistak Martxan ere iritzi berekoa da, eta harago joan da, «ingurumenaren kontrako atentatu» bezala aurkeztu du. 40.000 hektarea baino gehiagoko azalerari ezarriko liokete tratamendua eta hori zentzugabetzat jo du. Kobre oxidoa zer den ere azaldu du. «Kobre oxidoa espektro orokorreko biozida gisa sailkatutako gai kimikoa da, egurra babesteko erabili ohi da. Europako Batasunak dio oso toxikoa dela uretan bizi diren izakientzat eta arrisku larri eta kronikoa dakarrela ingurumenarentzat». Fumigatzea «neurri selektiboa ez denez, ez ditu ekosistemak bereiziko, eta fumigatutako esparruetako akuifero eta errekak kutsatuko ditu, bertan bizi diren izaki guztiak kaltetuz, izan pertsona, animali edo zuhaitz osasuntsu edo gaixo».

Gipuzkoako Foru Aldundiko Basogintza zuzendaritzara jo du ATARIA-k fumigatzearen inguruan galdetzeko, eta fumigatzea «aukeretako bat» dela esan du, oraindik ez dutela behin betiko erabakirik hartu. Euskal Herriarekin batera Zeelanda Berrian eta Txilen daude pinudi gehien, eta herrialde horietan gaixotasunari aurre egiteko fumigatu izan dela esan dute, horregatik hartu dutela kontuan, baina oraindik ez dela ziurra pinudiak fumigatuko dituzten. Zentzu horretan Neiker-Tecnalia Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea ere ari da lanean. Alemaniako Jena Unibertsitatearekin batera arriskuen mapa bat ari dira osatzen, eta horretarako Zeelanda Berriko eta Kanadako adituekin jarri dira harremanetan.

Zergatiak

Pinuen gaixotasunarekin harremana dutenak ez dira ados jartzen xingola marroiaren eta xingola gorriaren zabalkundearen arrazoiak zerrendatzeko garaian. Uda honetako hezetasun handiak eta beroak izurritea areagotu dutela esan izan da, baina Naturkonek, esaterako, monokultiboa ere aipatu nahi izan du. Lurra kaltetzen joan garela esan du. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako baso politika pinuaren monokultibora zuzendu da gehienbat kolektiboaren hitzetan, diru laguntzetan oinarrituz, eta ondorioz, pinuak gailendu dira gure inguruan, gaixotasunaren zabalkundeari lagunduz. Pinuak landatzean etekin ekonomiko azkarra izan dute askok, baina aro hori bukatu da. Soroetako adibidea ez dela jarraitu ere esan du, hau da, lurrari ez zaio atseden hartzen utzi, eta leku askotan pinuen hirugarren landaketa ere egin dute, lurra kaltetuz. 100 urte dira pinua zabaldu zela gure inguruetan, eta nahiz eta landaketek lurra makaltzen duten, ez da eten. Makalaldi horrek ere lagundu du onddoen zabalpenean.

Fraisoro eskolako Baso Kudeaketa eta Natura Ingurunea zikloaren irakasle eta sailburu den Maixa Otegi ere iritzi berekoa da. «Monokultiboa beti da txarra, baita hemengo espezie bat jartzen bada ere. Espezie bakar bat jarriz gero gaixotasun bat sartzen bada erraz zabalduko da. Industriarako ona izan daiteke, baina basogintza egoki batek nahasketa behar du».

Aukera

Baso politika eza ere salatu da azken hilabeteetan, «basogintzan inertziak indar handia du, baina gaur egungo erronkei aurre egin nahi badiegu, garai berrietara egokitzeko ahalegina egin behar dugu. Basozainok ere, nola ez, badugu zer ikasi eta ohitura zahar batzuk aldatu beharko ditugu. Ez da gure zeregina, ezta pentsatu ere, baso politika erabakitzea, baina egunero ikusten ari garenaren aurrean ezin dugu isilik jarraitu, eta basoan ardura duten erakundeei, Aldundiei bereziki, eta beste eragileei (baso jabeen elkartea, egurzaleak, sindikatuak...) bizi dugun egoera honen inguruan hausnarketa serioa, eta egungo baso politikak jarraitu beharreko ildo nagusiak zehazteko eskatzen diegu», esan du, esaterako, Gipuzkoako Basozainak elkarteak.

Mahai gainean jarri diren aukeren artean dago eukaliptoa landatzearena ere, eta egurzaleak horren alde azaldu dira. Baina emango lukeen errentagarritasun ekonomikoaz harago, osasun arazoak ere ekarri ditzakeela ohartarazi dute basozainek: «Inork ez du ohartarazten eukaliptoek dituzten gaitzez, hala nola Mycosphaerellaz, ezta kanpoko koniferoak gehiegi landatzeak ekar ditzakeen arazoez ere (birsorkuntza gaitasuna, gehiegizko itzala, beste espeziekin lehia, ongarrien erabilera, gaitzak...). Horretaz gain, ez dago batere garbi zein izango den etorkizunean zuhaitz egurraren balioa, bai zerrarako erabiliko denarena, bai papergintzara bideratuko denarena». Eukaliptoaren inguruan informazio asko zabaldu da eta errentagarritasuna jarri da guztiaren gainetik. Dituen ezaugarrien artean hori nabarmentzen da beti, pinua bezala azkar hazten dela eta errentagarria dela, baina suteak zabaltzerakoan oso kaltegarria ere izan daiteke, eta hori bakarrik landatuz gero, pinuek bizi duten egoera berriz ere errepikatzearen arriskua hor dago.

Eukaliptoa ere gaixo dago, beraz, eta ez da espezie bakarra gaztainondoak ere gaixo daude, Europako lizarrak ere gaixo daude eta hona iritsi daiteke... Haritzak bezalako hemengo espeziak landatzeko diru laguntza lerroa ere zabaldu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, baina Fraisoroko Maixa Otegi ez da espezie bakar bat bultzatzearen aldekoa: «Gereziondoa, pagoa, gaztainondoa... baditugu espezie gehiago ere».

Zer landatu behar da, beraz? Edo basoa bere horretan utzi behar al da? Iritzi bat baino gehiago daude, baina egia da, orain arte jarraitu diren ildoak errentagarritasunarekin lotuta etorri direla. Eta errentagarritasun ekonomiko horrekin lotuta beti daudela bi alde; Euskadiko baso elkarteek bilgune den Basoa elkartean esaterako, errentagarritasuna lortzea eta basogintza egitea elkarlotuta daudela uste dute. «Basoa eta produktua hartu behar dira kontuan, produktua dudan bitartean, baso berria daukat, eta horrek aldaketa klimatikoa eragiten duen CO2 isuria murrizten laguntzen du, basoberritzen lagundu, basoak garbi mantentzen laguntzen du...», esan du Gipuzkoako Fernando Otazua zuzendariak.



Ekonomia zirkularra aipatu izan da zentzu horretan, eta Tolosaldeak badu horretan eragiteko baliabide nahikorik, eta hor kokatu behar da biomasa. Azken urteetan biomasa hitza energia-iturri alternatibo bat adierazteko erabiltzen da, erregai modura, eta Tolosaldea Garatzenek badu daturik. Tolosaldea Garatzenen Energia Planaren barruan, iaz egin zuten eskualdeko biomasaren potentziala neurtzeko azterketa. Xabier Esteban Alonso Tolosaldeko energia teknikariak azaldu du zertaz ari garen: «Esku pribatuetan zein publikoetan dago biomasa hori. Egurra badago eta hainbat gauzetarako erabiltzen da, eta guk jakin nahi izan duguna da biomasa horrek, erregai moduan, alegia, zein potentzial duen eskualdean. Horretarako Hazi-ri eskatu genion lana, Tolomendiren eskutik».

2.500 tona vs. 40

«Tolosaldean biomasa, hau da, egurra badago. Balio askoko baliabidea da eta guk ikusi nahi genuena da biomasa hori, ezpalak nagusiki, zer portzentajetan atera zitezkeen eskualdeko eraikin publikoetan erabiltzeko», esan du. Biomasa horretarako apea (7 eta 20 diametro arteko egurra) hartu zuten kontuan, hortik ezpala ateratzeko, enborren puntez ari gara, alegia. «Ikusi zen eskualdean urtean 4.000 metro kubiko tona atera daitezkeela, bai hostozabaletatik eta baita koniferetatik ere, nagusiki pinuetatik. Hortik atera genuen, azterketa egin genuen urte hartan 2.500 tona atera zitezkeela ezpala moduko erabilpena emateko. Horrekin batera eskualdeko biomasa erabiltzeko azpiegiturak zituzten udalen zenbatekoa ere hartu genuen, eta ikusi genuen Tolosaldean urtean kontsumitzen dena 40 tona besterik ez direla».

Eskaera eta eskaintza neurtu zituzten, eta erabilpenak ekarriko lituzkeen mesedeez ere aritu da Esteban: «Baliabide energetikoen azterketa horretan argi geratu zen energia kontsumitzaile handiak kiroldegiek, osasun etxeek, hirugarren adinekoen egoitzak... ez daudela biomasa erabiltzeko egokituta. Baina aukera izan daiteke; menpekotasun energetiko handia dugu eta buelta emateko balio dezake. Euskadik %94ko menpekotasun energetikoa du, eta kopuru hori jaisten balio dezake. Bide batez, enplegua sortu dezakezu, basoak kudeatzen eta garbitzen lagundu...». «Badago baliabidea eraikin publikoetan kontsumitzen dena bider hamar egingo balu ere, baliabide nahikoa egongo litzateke».

Ezin une egokiagoa da gogoeta sakon bat egin eta aurrera begirako baso politikari buruzko eztabaida egiteko, eta batzuen eta besteen iritziak ikusita, horretan behintzat, bat egiten dutela ikusi daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!