«Fumigatuko bada, beharrezkoak diren ingurumen baldintza guztiak kontuan hartuta izango da»

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko aza. 4a, 10:30

«Erabilerak antolatzea, mendiaren ustiapen iraunkorra bultzatzea eta ingurumenari dagozkion alderdiak ekonomia, gizarte eta kultura alorreko jarduerekin batzea» dira Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten dituen basogintza politikaren gakoak. Horretarako baso jabeei Gipuzkoako Mendien Foru Arauan zehaztutako eginbeharrak bete ditzaten laguntza ematen dietela ere esan du Foru Aldundiak, beti ere, «interes orokor eta partikularrak modu orekatuan uztartuz».

«Mendi publiko nahiz pribatuen ustiapena eta erabilera natura ondasun direla aintzat hartuz, iraunkortasun eta gehieneko erabilera printzipioen arabera, mendien arrazoizko erabilera natura ingurunea behar bezala zaintzearekin eta basoen egonkortasunik handiena lortzearekin bateragarri eginez. Era horretan mantendu ahal izateko mendien biodibertsitatea, produktibitatea, birsortzeko gaitasuna, bizitasuna eta gaur egun zein etorkizunean Gipuzkoako toki, eskualde zein lurralde mailako funtsezko zeregin ekologikoak, ekonomikoak eta sozialak betetzeko duten ahalmena, beste ekosistema batzuei kalterik eragin gabe», gehitu du.

Bide horretan, diru laguntzak ematen ditu, 2018koak itxita daude jada, apirilaren 16an argitaratu ziren Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta 2019an irekiko dituzte berriz, eta Aldizkari Ofizialean emango dute horien berri. Diru laguntzak bertakoa den edozein zuhaitz espezie landatzeko ematen dituzte. Laguntzaren zenbatekoa aukeratutako espeziearen hazkunde mailaren arabera ematen dute; hazkunde ertaineko espezieek %65eko laguntza dute eta hazkunde motelekoek %80koa.

Pinuen gaixotasunek ezinegona eragin dute pinu jabe askorengan, eta bide horretan, jabeei zer aholkatzen dieten galdetuta, ez dutela espezie jakin bat landatzeko aholkatzen esan du Foru Aldundiak. «Baso jabeek erabaki behar dute beraien nahien arabera eta beraien lur sailen ezaugarrien arabera zein den erabili nahi duten espeziea. Irizpide garbirik ez duen jabeak aholkularitza teknikoa eska diezaieke adituak diren teknikariei».

Kobre oxidoa fumigatzeko aukeraren aurrean Foru Aldundiaren iritziaren inguruan ere galdegin dio ATARIA-k: «Foru Aldundiak bat egin du Eusko Jaurlaritzarekin eta beste lurralde batzuetan eraginkorra izan den aire tratamendua Gipuzkoan ere egiteko baimena eskatu dio Espainiako Gobernuari, honek eman behar baitu oniritzia. Noski, egingo bada beharrezkoak diren ingurumen baldintzak kontuan hartuta izango da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!