«Proiektu honek garai berriei erantzun beharko diela uste dugu»

Iñigo Terradillos / Iker Larrañaga 2018ko urr. 31a, 10:15
Eider Olazar. I.T.

Info7ri jarraipena emango dion irrati proiektu berriak izango dituen xehetasunetan buru-belarri murgilduta dabil Aztibegia elkartea. Eider Olazar bertako lehendakaria da.

Info7 irratiak abenduaren 15ean etengo du bere jarduna, eta urtarrilean euskara hutsezko irrati bat jarriko dute martxan. Eider Olazar (Tolosa, 1982) Info7 irratiko kazetaria eta Info7ko sortzaile den Aztibegia elkarteko lehendakaria da. Irratiaren hamairu urteak nolakoak izan diren kontatu du, eta proiektu berriaren nondik norakoak azaldu ditu.

Urtarrilean proiektu berri bati ekingo diozue. Zergatik baten etetea eta beste baten sorrera?
Arrazoi nagusia lizentziak dira. FMn emititu ahal izateko lizentziak lortu ditugu. Etxean, autoan... pizten dugun irratian emititzeko behar diren baimen legalak lortu ditugu. Tokian tokiko gobernuek ematen dituzte baimen horiek, gure kasuan, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Ipar Euskal Herriko administrazioak, baina, ez da batere mundu erraza, eta nahiko iluna ere bada. Nazio ikuspegirik ez dago, hortaz, komunikazio talde handiek daukate FMko diala hartuta. Erdara da nagusi, espainiar eta frantses komunikazio taldeak direlako nagusi, beraz, euskararen presentzia oso txikia da. Aztibegiaren helburu nagusia Euskal Herri mailako irrati proiektu legal bat izatea zen, ez baitago apenas. Eztabaida pixka bat ere sustatu nahi genuen egoera desorekatua eta antidemokratikoa iruditzen zaigulako. Irratia egiteaz gain, eztabaida hori sustatzen aritu gara, legalitate hori lortzeko. 

Lizentzia lortzeko erakundeek lehiaketak egiten dituzte, baina, hauek oso tarteka izaten dira. Bitartean zein egoeratan egiten dute lan irratiek?
Arautu gabeko egoera batean. Lizentziak dituzten irratiek emititzeko baimena duten eremu jakin batean baino askoz ere eremu zabalagoan emititzen dute eta esan genezake mundu guztiak horrela funtzionatzen duela dialean. Oso kaotikoa da eta ez dago batere kontrolik.

Eta lizentziak zer ematen du?
Legalitatea ematen du. Horrek, besteak beste, diru laguntzak eskatu eta lortzeko aukera ahalbidetzen du. Publizitatea beste modu batera egitea, ekonomikoki garatu ahal izatea... azken batean, proiektua zentzu guztietan garatzea dakar, bai giza baliabideen aldetik, eta baita baliabide teknikoen aldetik ere. Hain justu, hori izan da urte hauetan gure arazo nagusia, teknikoki ez dugula oinarri sendorik izan.

Orain, baina, baduzue lizentzia.
Lizentziak. Bat baino gehiago lortu baititugu.

Zonalde desberdinetan emititu ahal izateko?
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleria osoak entzun ahal izango du, baita Nafarroako iparraldean ere. Hego Euskal Herrian lizentzia gehien izango dituen irrati pribatua izango gara. Ipar Euskal Herrian, berriz, lanean jarraituko dugu lizentziak lortzeko.

Lizentziak lortzea hain zaila bada, nola eskuratu dituzue?
2012. urtean jarri zuten martxan lehiaketa. Lizentzia gehien lortu zituen proiektua izan zen gurea. Baina, Iñigo Urkullu lehendakaritzara iritsi zenean, gobernuak bertan behera utzi zuen Patxi Lopezen garaian martxan jarritako lehiaketa.

Zergatik utzi zuen bertan behera?
Arrazoi desberdinak argudiatu zituzten, baina nik uste dut komunikazio talde hainbaten presio eta interesak egon zirela. Bertan behera utzi zutenean, auzitegietarako bidea hasi genuen. Helegiteak jartzeak bide luzea ekarri du, pentsa, Espainiako Auzitegi Gorenera iritsi arte. Azkenean, auzitegiek arrazoia eman digute. 2012an lehiaketa martxan jarri, proiektua aurkeztu eta auzitegietatik azken erabakia 2017an iritsi zitzaigun. Albiste oso pozgarria izan zen, nekea ere suposatu duena, baina, aukera bat da beste oinarri eta abiapuntu bat izateko. Balorazioa egin ondoren ikusi genuen Info7 irratiak gauza ikaragarriak zituela; aipatzekoa da, esaterako, irratiak izan duen oinarri herritarra. Hilero ekarpen ekonomikoa egiten duten bi mila bazkide ditugu gaur egun, eta hori izugarrizko altxorra da, gure oinarri ekonomiko nagusia baita. Ehunka kolaboratzailek Info7ren zabalpena eta emisioa ziurtatu dute, hori entzun nahi izan dutelako. Horiek guztiak gabe ezingo genuke gaur egun egiten dugun irratia egin. Aztibegia elkartean baloratu genuen anbizio gehiagorekin jokatzeko garaia iritsi zela. Abenduan azken emisioa eskainiko du Info7k Urruñatik, eta komunitateko parte den guztia gonbidatu nahi dugu agur polita izan dadin.

Zein modutan esango duzue agur?
Goizean hiruzpalau orduko saio bat egingo dugu. Gustatuko litzaigukeena da gure komunitateko partaideak mikrofonoetatik pasatzea. Kontzertu txikiren bat ere egingo dugu eta ondoren bazkaria izango da.

Urruñatik emititzen du 'Info7' irratiak, eta hor aldaketa bat emango da.

Bai, hala da, izan ere, estudio nagusia Donostian izango da ziurrenik.

Urruñan estudio nagusia izateak bazuen halako esanahirik?
Estudio nagusia jartzeko aukera han zegoen. Arriskuak ere baziren, gure herrian komunikabideek ez zutelako oso errealitate gozoa bizitu. Aztibegia Egin irratiaren itxierak utzi zuen hutsunea betetzera edo saiakera egitera zetorren, eta ez ordezkatzera. Asko aldatu da zentzu askotan herri hau eta proiektu honek garai berriei erantzun beharko diela uste dugu.

'Info7' euskaraz da, baina, ez erabat euskaraz.
Gure apustua hasieratik, euskarari tarte handiena ematea izan da. %80 gutxi gorabehera euskaraz izan da Info7n, baina frantsesak eta gaztelerak ere tokia izan dute. Proiektu berriari dagokionean, aukerak sortu ahala joango gara erabakiak hartzen.

Noizko dago jarrita proiektu berriaren data?  
Oraindik ez dago jarrita. Aurkezpena egingo da eta emango dira xehetasunak. Euskarazko irratia izango dela aurreratu genezake, lizentziak ere euskarazkoak izan dira eta. Hori bai, momentuz Info7ren itxieran zentratuko gara.

Proiektu berriaren sorrerarekin 'Info7'-ren agurra itzalpean ez geratzeko?
Eta sentsazio gozo eta politarekin amaitzeko, hori izan delako guretzat Info7. Proiektu herritar guztiek bezala burukomin asko eman dizkigu, neke eta norberaren ordu asko eskatzen dituztelako proiektu kuttunek. Irrati hau ere horrela sentitzen dugu, eta hala agurtu nahi dugu bertako partaide izan diren guztiekin eta zapore gozo horrekin.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!