Gaztelun eta Berastegin izan dira lehenak, eta hitzorduz betea da, oraindik, agenda. Euskaraldiaren atarian, aholku eta gomendio saio praktikoak zabaltzeko Biziprest tailerrak antolatu dituzte Tolosaldean, eta azaroaren 8an izango da hurrengoa. Ordu eta erdiko saioak izango dira, doakoak, eta Euskaraldian izena eman gabe ere parte hartu ahal izango da hitzorduetan, ariketa sozialaren inguruko zalantza guztiak argituz.
Uemako kide diren udalerrietan, mankomunitateko teknikariak ariko dira tailerrak dinamizatzen, eta gainerako herrietan Galtzaundi euskara taldeko kideek egingo dute gidari lana. Imanol Haro Uemako teknikaria da, eta hasi da, jada, Tolosaldeko herrietan ikastaro praktiko horiek eskaintzen. «Euskaraldia bera kokatzen dugu lehenengo, eta oinarrizko bi figura zer diren azaldu ere bai: Ahobizia eta Belarripresta». Behin abiapuntua zehaztuta, rol bakoitza tailerreko parte hartzaileen bizitzetara egokitzen saiatzen dira tailerretan, Harok azaldu duenez: «Hor, bakoitzak bere buruari proposatu behar dizkio erronkak, eta ikusi, zenbateraino dagoen prest pertsona jakin batzuekin hizkuntza ohiturak aldatzeko, edo ez aldatzeko». Izan ere, hori da, finean, aholku tailerren helburua: «Euskaraldia ariketak norbere bizitzan zein eragin izango duen aurreikustea».
Egoera horiek irudikatu, eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarteko egunetan rolak behar bezala bete ahal izateko, gomendio orokorrak eta praktikoak eskaintzen dizkie, Harok, Biziprest tailerretako parte hartzaileei: «Batetik, ondo hausnartu behar da zer den Euskaraldia, eta norberak zein konpromiso maila hartu behar duen. Izan ere, iruditzen zait, zenbaitek Ahobizi izatea aukeratu dutela, jakin gabe, horrek zein konpromiso dakarren».
Bigarrenik, gomendio praktikoei dagokienez, hitzorduotan estres linguistikoa delakoari aurre egiteko moduak ere hizpide izango dituzte: «Estres linguistikoa da, egoera jakin baten aurrean euskara edo gaztelera erabili ez dakigunean, sentitzen dugun urduritasuna. Hori nolabait konpontzeko gako batzuk ere eskainiko ditugu tailerretan».
«PIZTUTA»
Imanol Haro teknikariak azaldu duenez, «oraingoz jende gutxi» ari da Biziprest tailerretan parte hartzen: «Baina, parte hartzen duten horiek eskertzen dute, eta esango nuke zerbait pizten diela tailerrak, indartuta ateratzen direla, nolabait».
Bide horretan, eta Euskaraldiak orain arte izan dituen izen-emate kopuruen harira, Harok uste du jende askok «erraztasunez» eman duela izena Ahobizi izateko: «Ez dakit gero, Ahobizi horiek, zenbateraino egongo diren konforme rol hori aukeratu izanarekin; akaso Ahobizi bezala izena eman duten asko Belarriprest dira. Uste dut jendeak ez duela bere ingurua behar den bezala irakurri eta, irakurketa errealago bat eginda, beharbada, asko ez ziratekeen Ahobizi izango».
Halaber, Harok Euskaraldia zabaldu den testuinguru sozialarekin ere lotu du, Belarriprest eta Ahobizi rol aukeraketaren proportziorik eza: «Oro har, euskalgintzan eta euskalgintzaren inguruan mugitzen den jendeari iristen zaio mezua, eta horiek izena ematen dute, eta horiek Ahobiziak dira. Nire irudipena da ez garela iristen ari, euskalgintzako zirkuluetatik urrun samar dauden horiengana. Dena den, orain ekingo diote nazio mailako izen-emate kanpaina indartsuari, eta ziur proportzio horiek bueltan emango dutela».
Euskaraldiak iraungo duen epealdiaren ondoren, berriz, Imanol Harok badu itxaropenik, tokian tokian egin izan diren antzeko esperientziak oinarri hartuta: «Antzeko ariketek funtzionatu izan dute, eta epe zehatz horietan aldatutako hizkuntz ohiturei eutsi izan diete herritar askok. Pentsatzen dut Euskaraldiarekin ere hori gertatuko dela».
AHOLKU SAIOEN AGENDA
- ALTZO: Azaroak 8, osteguna. 18:30ean udaletxean.
- AMEZKETA: Urriak 30, asteartea. 19:00etan Kultur Etxean.
- ANOETA: Azaroak 17, larunbata. 10:30etan udaletxean.
- IKAZTEGIETA: Azaroak 9, ostirala. 19:00etan udaletxean.
- IRURA: Azaroak 6, asteartea. 18:15ean Herri Eskola eraikinean.
- TOLOSA:
- Azaroak 7, asteazkena. 19:00etan Aitzol Udal Euskaltegian.
- Azaroak 10, larunbata. 11:00etan Kultur Etxean.
- Azaroak 13, asteartea. 19:00etan Aitzol Udal Euskaltegian.
-
VILLABONA: Azaroak 19, astelehena. 19:00etan Mintzolan.
- ZIZURKIL: Azaroak 20, asteartea. 19:00etan Atxulondo Kultur Etxean.