Asteburuan ekin zioten ligari eskualdeko azken hiru talde nagusiek. Gipuzkoako areto futbol ligan, seniorretan jokatzen dute Orixe Samaniegok, Anoeta FT-k eta Lauburu Ibarrak. Azken hauek dira iazko txapeldunak. Lehen jardunaldian, Orixeri galtzea tokatu zitzaion. Anoetarrek eta ibartarrek elkarren aurka jokatu zuten, eta azken hauek nagusitu ziren. Hala eta guztiz ere, jadanik argi dago liga eta koparen zeinentzat izango diren.
Idoia Odriozola Orixeko jokalaria da; 22 urte ditu ibartarrak. Naroa Lasa 21 urteko irurarrak Anoeta FT-n jokatzen du, eta Ane Artutxa tolosarrak, 27 urterekin, Lauburu Ibarran. Eskualdeko hiru taldeen ordezkariak dira.
DENBORALDI BERRIA
«Guretzat ez da erraza izango», hasten da Naroa Lasa. «Lauburun exijentzia mailak ez du gora egin», jarraitzen du Ane Artutxak eta «liga eta kopa Orixek irabaziko ditu», bukatzen du Idoia Odriozolak.
Denboraldia aztertzen txapeldun izango direnekin hastea onena. «Ondo gaude. Jende asko elkartu gara. Iazko gehienok jarraitu egiten dugu eta berriak etorri dira. Oraindik elkar hartzen gabiltza baina gustura gaude. Helburua, itxura ona eman, ondo pasa eta iazkoa hobetzea izango da. Seigarren amaitu genuen; ez da beharrezkoa ligan zenbat talde ginen esatea». Talde barruko giroa transmititzen du Odriozolak, eta jokalari berriei ere gauza bera esan die taldera elkartu direnean: «Giro ona dagoela taldean eta ligako lehen jardunaldian lehen afaria egingo dugula».
Naroa Lasa eta bere kideek zailtasun gehiago izan dituzte taldea osatzerako garaian. «Aurten taldea ateratzeko nahikoa lan izan dugu. Bederatzi bakarrik gara, baina nahiko gustura gaude. Batzuk taldea utzi dute, ikasketa edo lanagatik. Jende berria aurkitzea ez da erraza izan. Kontuan hartu behar da eskualdean hiru talde gaudela». Anoeta FT-ren ardatza ere giro ona dela dio Lasak: «Irabazi edo galdu garrantzitsuena hori da. Gogo handiarekin hartzen dugu dena, bai areto futbola eta baita taldeko afarien kontua».
Ane Artutxaren esanetan Lauburu Ibarrak ideia berdinarekin jarraitzen du: «Egia da asko garela aurten. Anoeta FT-rekin alderatuta, gu beste etapa batean gaude. Ikasleak oso gutxi dira taldean, gehienak beste kirol bat egitetik etorri gara areto futbolera, beste erritmo eta filosofia batekin egin nahi dugulako kirola. Lehiakortasuna beti hor egoten da, baina helburua giro onean ibiltzea da».
ORDIZIAREN JAITSIERA
Aurtengo ligako berrikuntza Ordizia da. Iaz goierritarrak maila bat gorago zeuden, baina ez zuten jarraikortasunik aurkitu. Erritmo horretan hainbat jokalarik ez zuten jarraitu nahi, eta ondorengorik ez zuten aurkitu. Ondorioz, mailaz jaistea erabaki zuten. Horrek taldea puskatzea ekarri zuen. Jokalari batzuk Ordizian jarraitzen dute, baina besteak Gipuzkoako senior ligako beste hainbat taldetara joan dira; talde horien maila igoz.
«Talde oso indartsua izaten jarraitzen du. Aurre-denboraldian beraien aurka jokatu genuen, eta beroketak egiterako garaian ia ikusten zen beste maila batean daudela. Gu partidan sartzerako bigarren zatia izaten da. Beraiek lehia hasi baino 10 minutu lehenago erabat kontzentratuta daude», argitzen dute Lauburukoek. Orixekoek umorez hartzen dute ligan maila igo izana: «Guk argi dugu ez gaudela maila horretan. Gure helburua ahalik eta ondoen egitea da. Pena bakarra daukagu: kopa irabaztekoak ginela, baina orain Ordiziarekin ez dugu irabaziko, ligak ere ziurrenik ihes egingo digu».
AFIZIOA
Afizioaren inguruan galdetuta, «ba al daukagu afiziorik bada?» erantzuten dute. Naroa Lasak beraien errealitatea kontatzen du: «Guraso bat edo beste, umeren bat eta ondoren mutilen partida baldin badago talde horietako jokalariak». Idoia Odriozolak egoera antzekoa deskribatzen du: «Ia ez da inor etortzen gure partidak ikustera; ordutegiaren arabera, agian, gurasoren bat». Ane Artutxak denetik ezagutu du. Iaz, liga irabazi ondoren, denboraldi amaierako partida garrantzitsuetan jendea Belabietara eramatea lortu zuten: «Zuk garrantzia handirik ematen ez badiozu partidei ematen afizioa ez da joango ikustera. Gure kasuan, denboraldi amaierako partida garrantzitsuetan, jendeari behin eta berriz joateko eskatu genion eta nolabaiteko erantzuna izan genuen».
PRENTSA ETA KIROL GIDA
Beraien argazkia prentsan ikustea ez zaie asko gustatzen, baina aldi berean, ardura bat dutela ere jabetzen dira: «Emakumeen areto futbolak ikusgarritasun bat edukitzeko, aurpegia eman beharra daukazu hainbat zentzutan. Jarraipena izateko, gazteagoek erreferentzia bat eduki behar dute, eta nahi edo ez guri tokatu zaigu une honetan».
TOLOSALDEKO ATARIA-k argitaratu duen Kirol Gidan talde eta jokalari bakoitza agertzen dira. Idoia Odriozolarentzat polita izan da, herriko haurrak gerturatu zaizkiolako areto futbolean ibiltzen dela esanaz; «gutxienez zerbait egiten dugula ikusten dute, eta hori pozgarria da».
Denboraldiak irauten duen bitartean, astero eta txandaka, hiru taldeak TOLOSALDEKO ATARIA-n egongo dira Aulkitik atalean.
ENTRENAMENDUAK
Lana eta ikasketak alde batetik, bestetik areto futbolerako afizioa. Nola uztartzen dituzte eskualdeko jokalariek? Ane Artutxak eskertu egiten du lanetik atera eta taldean kirola egiteko aukera izatea, eta entrenamenduetara gustura joaten dela dio. Naroa Lasak aurten alde horretatik gauzak aldatu egin direla azpimarratzen du: «Iaz jokalari asko kanpoan egoten ginen ikasketengatik. Aurten oraingoz hori aldatu da. Taldean gutxi gara baina entrenamenduetara joateko aukera daukagu. Urtarriletik aurrera ikusi beharko da, baina oraingoz, alde horretatik gustura gaude». Idoia Odriozolak ere iaz baino hobeto daudela esaten du: «Astean bi entrenamendu egiten ditugu eta jokalari asko elkartzen gara. Batzuk ikasleak dira eta besteak lanean dabiltza. Lehenengoek kale egitea errazagoa da, baina moldatzen gara. Partidei begira deialdiak egiten hasi behar izan dugu, jende asko gaudelako».
NOLA IKUSTEN DITUZU BESTEAK
Anoeta FT-ko Naroa Lasak oso indartsu ikusten ditu Lauburu KE Ibarrakoak: «Esperientzia handia daukate, ezagutzen dute kirola eta futbolaren mundua eta aurkari gogorrak dira». Orixeren inguruan, Lasak geroz eta hobeto jokatzen dutela aipatzen du: «Lehen euren aurkako partidak errazago ikusten genituen, baina orain guretzat mehatxu bilakatu dira».
Idoia Odriozolaren esanetan, eurentzat denak dira mehatxuak: «Badakigu Lauburukoak oso onak direla, ez zuten alferrik iaz liga irabazi. Euren aurka ahalik eta hobekien egitera joango gara. Anoeta FT berriz, gure mailatik hurbilago dago, eta borroka gehiago izango dela uste dut. Ea zer edo zer egiterik dugun euren aurka».