Xabier Artolak eta Idoia Besadak Euskal Herriko Txapelketa irabazi dute, hirugarrenez jarraian

Ataria 2018ko urr. 20a, 20:51

Argazkia: Goierriko Hitza

Euskal Herriko Txapelketa irabazi dute hirugarren aldiz jarraian eta, ondorioz, Nestor Basterretxearen garaikurra Irurako udaletxean geratuko da.

Handia egin dute Xabier Artola irurarrak eta Idoia Besada pasaitarrak. Udaberri Dantza Taldeko dantzariek 42. Euskal Herriko Dantza Txapelketa irabazi dute, Seguran.

2016an eta 2017an ere izan ziren garaile, baina, arauek agintzen duten moduan, urte osoan zehar garaikurra Irurako Udaletxean egon eta gero, itzuli egin behar izaten zuten. Aurtengo garaipenarekin, ordea, hirugarren txapela dute jarraian eta, hortaz, ez dute itzuli beharko. Iruran geratuko da Nestor Basterretxeak egindako eskultura.

Bigarren saria, Villabonara

14 bikotek hartu dute parte aurtengo edizioan. Lapurtarrek osatua zen bikote horietako bat, Arabakoa beste bat, eta gainerakoak, gipuzkoarrak izan dira.

Artolak eta Besadak eskuratu dute puntuaziorik altuena, 74 punturekin. 2016an gertatu moduan, Oinkari Dantza Taldeko Ane Urruzola billabonatarra bigarren sailkatu da, Iker Sanz bikotearekin batera, puntu bat gutxiago pilatuta, 73. Hirugarren, Larraitz Larrañaga eta Amets Amubieta azpeitiarrak izan dira, 69 punturekin.

Basterretxearen eskulturaz gain, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko trofeoa, txapela, lepokoa, 800 euroko diru-saria, oroigarria eta Dantza Jantzien saria ere eskuratu dute Artolak eta Besadak.

Irudian, Artola eta Besadaren agurreko dantza:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!