Atariak 5 urte

Irrati estudio bat kalean

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko urriaren 5a

'Ataria Irratia' urtean zehar askotan ateratzen da kalera zuzeneak eskaintzeko.

Gizakiak badu ameslariegi izateko joera; grina objektibotasunetik urruntzekoa. Bada, TOLOSALDEKO ATARIA-ren 5. urteurrena prestatzea, horixe izan da, erredakzioan: gogoak eta agendak elkarri egokitzea, efemeridea dantzan jartzeko.

Eta formula egokia sortu da uztartzetik, antza: irrati estudioa kalera ateratzea. Ez da ezer berria, ATARIA IRRATIA txangoak egin zalea baita, ikasturtean barrena, Tolosaldeko festa nahiz hitzordu berezien aitzakian. Bihar, ordea, orain arteko lasterketarik luzeena egingo du, Trianguloa plazan: 5 ordu zuzenean.

09:00etan hasita, irratsaio kaletarra ez da izango, ATARIA IRRATIA-ren eguneroko jardunaren isla besterik. Pasahitza magazinak hartuko du erdigunea, eta haren inguruan ibiliko dira kolaboratzaileak, saio tematikoak nahiz azpieskualdeetako kontuak.

Iñigo Terradillos eta Eneritz Maizen eskutik, beraz, Gaztelako arkuaren itzala hitz jario bilakatuko da, honako gonbidatuei eskeri: Lander Egia eta Agurtzane Belauntzaran bidaiariak; Iker Ibarluzea eguraldi aditua; Jon Ander Galarraga biologoa; Eutsi Goiari kirol saioa eta Joxe Angel Sarasola herri kirol aditua; Hamaiketakoa saioa, azpieskualdeetako kontuekin; (H)ari naizela saioa, Imanol Artola felixek gaiak jarrita, eta eskualdeko bertsolariekin; Erakutsiz ikasi atala; Hauspo artean trikiti saioa, Ander Malbadiren eta Eneritz Aulestiaren eskutik; Kokondo musika saioa, Oskar Tenaren gidaritzapean; Playback musika saioa, Adriana Gaultier DJarekin, eta Mingaina txulora sexuari buruzko saioa, Jon Imanol Etxabe sexologoarekin.

Horrez guztiaz gain, zuzeneko musikak ere tartea izango du, Loatzo musika eskolako klarinete ikasleekin, eta Maitane Iruin eta Nadine Husseinekin.

Irratsaio guztiek bezala, biharko emankizun kaletiarrak ere gauza bakarra beharko du, zentzua izan dezan: entzuleak izatea, irratiz bestalde, fm-ko 107.6an, ataria.eus webgunean irratian klik eginez edo Trianguloan bertan.

Erlazionatuak

Beti bezperan bizitzea

Itzea Urkizu Arsuaga 2018 urr 05 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!