Atariak 5 urte

Beti bezperan bizitzea

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko urr. 5a, 09:57

'Tolosaldeko Ataria'-ren erredakzioa.

Beti bezperetan bizitzea da, kazetariaren kondena. Gertatzera doana kontatzeko, egutegiari aurrea hartzea baita komunikabideen egunerokoa; eta, aurreikusi gabeko zerbait gertatzen denean, erlojuari erronka jotzea, albistera ahalik eta azkarren iristeko.

TOLOSALDEKO ATARIA-k bost urte daramatza, jada, bezperan bizitzen, 2013ko urriaren 6 hartan lehen zenbakia argitaratu zenez geroztik. Denbora tarte horrek balio izan du, eskualdean gertatzen dena euskaraz kontatzeko moduak eta oinarriak sendotzeko, baina, hala ere, ekilibristen lana da, sarri, TOLOSALDEKO ATARIA eutsi, elikatu eta zaintzearena: eskualdeko 28 herrien presentziaren, erakundeen nahiz gaien arteko oreka mantendu behar da. Horregatik, eta aktualitatearen sokagatik, TOLOSALDEKO ATARIA-ren erredakzioan ia ezinezkoa da, irailetik irailera, antzeko bi egun izatea.

Esku hotzekin neguan, eta ihintza giroz udan, 08:00en bueltan zabaltzen da ATARIA-ren ataria. Ia beti, ikusten ez den lana egiten dutenak izaten dira goiztiarrenak: administrari, kudeatzaile eta komertzialek ez dute zertan bezperetan bizi, ez dute zertan jet lag informatiborik izan. Haiek dantza gehiago egiten dute, kronologia ekonomikoarekin: nola geunden iaz, eta zer egin dezakegun, hurrengo urtean berdin edo hobeto egoteko.

Bai, bezperan bizitzearena erdi-gezurra da, eta atzera bezain aurrera ere begiratzen du ATARIA-ren motorretako batek. Baina, tira, bezperan bizitzearena erdi-egia ere bada, orduan. Irakurleen «gaur» «atzo» da, honezkero, kazetariarentzat; eta izan daiteke «bihar» edo «herenegun» ere. Astelehenean idaztea, asteartean irakurriko dutena, baina, beharbada, igandean gertatu zena; denboraren legeak erabat iraultzea.

Eta ez, bakarrik, kazetaritzak bere DNAn daraman aje horrengatik. Azken orduan zuzendu beharreko egunkariko orriengatik, edo azken orduan agendan txertatu beharreko deialdiengatik ere bai; edo sare sozialen abiadari jarraitzeko beharragatik. 11:00etako albiste emankizuna baino lehen, irratsaioan aipatu beharreko guztiak arrapaladan esateagatik. Edo, loak hartu ezinda, bi aste barru astekariak izan lezakeen azalarekin pentsatzen aritzeagatik.

Finean, koordinatzaile, erredaktore, kudeatzaile nahiz harpidedun, guztiek egokitu behar izan dute garai berrietara, bost urteotako epean. www.ataria.eus da horren adierazle nagusia: informazioa eta sare sozialak kontsumitzeko moduak aldatu dira eta, horrekin, baita informazioa ekoizteko moduak ere.

Lan taldeak pizgarririk baldin badu, dena den, hori irakurleen harrera da. Eta, 2013tik hona, webguneko zenbakiek eguneroko lana hauspotu besterik ez dute egin. 2013an 58.117 bisita eta 22.314 erabiltzaile izan zituen. www.ataria.eus-ek ; bada, 2017ko hamabi hilabeteek, 1.086.435 bisita eta 257.941 erabiltzaile izan zituzten, orotara.

Eta beti desberdin bizitzea

Errutina deitzen zaio, opor egunetatik kanpoko guztiari; lanari eta, ondorioz, berezko bizitzari. Norbere ardura da errutinari ñabardura ezkor hori eranztea eta, egia esan, eskualdeko komunikabide baten bihotzetik, errazagoa da eguneroko martxa umorez hartzea.

Beti bezperan eta (ia) beti desberdin bizitzea baita, TOLOSALDEKO ATARIA sortzea. Gai batetik bestera bi orduan aldatzea, edo kronika baten lerro artean ibili eta gero, aurrez aurreko elkarrizketa bat prestatzea.

Egia da: benetako errutina monotono bat eskertzekoa litzateke sarri. Baina horrek ez luke irakatsiko tentsio uneak kudeatzen, edo beldurrak gainditzen. Hori ere bai baita, ATARIA, lan taldeko kideentzat: norbere burua ezagutzeko modu bat. Aurrez sekula egin gabeko lanetan trebatzeko eskola, edo bakarrik egoten ikastekoa, agerraldi jendetsua vs. kazetari bakarra formatuan adibidez.

Burbuila propiotik atera, eta errealitate oso bestelakoetara bidaiatzeko txartela ere bada ATARIA. Jende miresgarria ezagutzekoa; miresgarria eta maitagarria, tarteka. Eta, ziur aski, kazetari betebeharragatik ez balitz, asetu gabe geratuko liratekeen jakin-minetarainoko zubia ere bada.

TOLOSALDEKO ATARIA unibertso bat da, bai, baina unibertso oso bat kabitzen da bertan; unibertso osoak kabitzen dira bertan. Eta guztiek merezi dute, bezperatik kontatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!