Pertsona nagusien bira, euren eskubideak aldarrikatzeko

Imanol Garcia Landa 2018ko ira. 27a, 15:59
Eskualdeko zenbait pertsona nagusien elkarteen ordezkariak izan dira Tolosako Trianguloa plazan egindako prentsa agerraldian.

Gipuzkoako pertsona nagusien eskubideen aldeko lehen bira egiten ari dira, eta egunotan eskualdetik igaroko da.

Pertsona nagusien eskubideen aldeko lehenengo bira egiten ari dira Gipuzkoan zehar. Agijupens Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunen Elkarteak antolatu du, eta egunotan eskualdetik igaroko da. Horren berri emateko prentsa agerraldia egin dute Ibarrako Bizi Nahi, Irurako Eguzkitxoko eta Tolosako Harizpe elkarteko ordezkariek.

Hiru helburu jarri dizkiote birari. Batetik, pertsona nagusien eskubideak aldarrikatu eta defendatzea. Horrez gain, hirugarren adineko jendea ahalduntzen joatea, Joxe Agustin Arrieta Agijupenseko lehendakariak azaldu duenez: «Izan dezala itzala gure gizartean. Izan ere, 65 urtetik gorakoak %25 dira eta nahi dugu protagonismoa izatea, bai protagonismo soziala eta baita politikoa ere». Biraren hirugarren helburua pixkana Agijupens elkartearen berri ematea da.

Arrietak gogora ekarri du elkartearen asmoak pentsioekin lotuta daudela, eta herenegun izandako albiste «ona» nabarmendu du: «Gure eskabidea da pentsioen igoera beti egon behar dela lotuta KPIarekin, eta era berean sostenibilitate faktore hori deuseztatu behar dela. Arazo larria da alargunena, bereziki adinekoena. Bere pentsioak oso murritzak dira eta horren aldeko apustua zaindu nahi dugu».

Hirugarren adinerako zinegotzia
Biraren bitartez Agijupens elkartekoen asmoa udalei eskabide batzuk egitea da. «Batetik pozik gaude udalak bere gizarte politika nahiko jator eta zintzo betetzen ari direlako, baina eskabide batzuk ere baditugu», zehaztu du Arrietak.

Besteak beste, Euskadi Lagunkoia egitasmoan sartzeko deia egin die eskualdeko udalei. Bestalde, «eskaera berezi» bat dutela azaldu dute: «Laster udal hauteskundeak izango ditugu eta guk nahiko genuke hirugarren adinerako zinegotzi bat izatea, eta ahal dela zinegotzi hori hirugarren adinekoa izatea». Horrez gain, «domotika bezalako aurrerapen tekniko handiak» sustatzea eskatu dute.

Pertsona nagusien bira bihar iritsiko da eskualdera, Alegiara zehazki. Legorretatik abiatuko da martxa eta Alegiara 12:30ak aldera iristea aurreikusten dute. Datorren asteko lehen hiru egunetan ere eskualdetik igaroko da. Horrela, astelehenean Alegiatik abiatu, 09:30ak aldera, eta Tolosara iritsiko da, 11:30ak aldera.

Asteartean, Tolosa eta Villabona arteko bidea egingo dute, eta asteazkenean Villabonatik abiatu eta Urnietara iritsiko da bira. Datorren ostiralean, urriak 5, amaituko da Donostian, 12:30ak aldera. Alderdi Ederren elkartuko dira egingo diren martxa guztiko kideak. Donostiako alkatearekin egon ondoren, Foru enparantzara joango dira, Markel Olano ahaldun nagusiari aldarrikapenen berri emateko.

Biraren antolatzaileek eskertu dute jendearen parte hartzea, eta animatu dituzte bira pasatzen den zein inguruko herrietako biztanle guztiak parte hartzera, «ez bakarrik adinekoak, baita gazteagoak direnak ere, beraientzat ere izango direlako lortutakoaren onurak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!