«Herri bizitza» indartzeko 150.000 euroko diru laguntza banatuko dute

Ataria 2018ko irailaren 25a

2.500 biztanle baino gutxiago dituzte udalerrientzat bideratuta dago honako diru laguntza.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Landaola, Gipuzkoako Landa Garapen Federazioaren bitartez, 150.000 euroko diru laguntza banatuko du 2.500 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan, «herri bizitza» indartzeko jarduerentzat. Diru laguntza honek ez du inoiz gaindituko diruz lagungarria den zenbatekoaren %75a edo 3.000 euroko kopurua.

Tolomenditik jakinarazi dutenez diru laguntza hauen helburua landa eremuko Gipuzkoa zein noski Tolosaldeko udalerri txikietan «herri bizitza garatzeko eta komunitate bizitza sustatzeko gauzatzen diren jarduerak finkatzea da».

Honela diru laguntza lerro honek, besteak beste, bere gain hartuko ditu herri kirol jarduerak, musika, antzerki edo dantza ikuskizunak, bertsolari saioak, errezitaldiak, ipuin kontaketak, pailazoak, hitzaldi edo mahai inguruak, ikastaroak, tailerrak, lehiaketak edota belaunaldi arteko harremanak sendotzeko jarduerak.

Onuradunei dagokionez, laguntza hauek Gipuzkoako udal, udal elkarte edo tokiko entitate txikiek, auzo elkarteek edo juridikoki eratuta dauden elkarteek eskatu ahal dituzte, ekonomikoki bideragarriak diren proiektu edo programak direnean. Informazio edo zehaztasun gehiago jasotzeko Tolomendi Landa Garapen Elkartera jo daiteke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!