Emariko erabiltzaileak, «lanean hasteko gogoz»

Tolosaldeko Ataria 2018ko ira. 25a, 09:25

Emarik, Tolosako Udalak sustatutako enpresen elkarlanerako guneak, sei enpresa-proiektu hartuko ditu urritik aurrera. Irati Hartsuaga, Gorka Egia eta Mertxe Gordillo ekintzaileek proiektuaren inguruko iritzia eman dute.

Irati Hartsuaga
«Laneko ingurune egoki batean lan egiteko aukera eskaini dit Emarik»

Zerk bultzatu zintuen Emarin izena ematera?
Itzultzailea naiz eta autonomo gisa egiten dut lan. Pentsatzen dut, ni bezala, oso gauza gutxi behar duen jendeak askotan hartu izan duela etxean lan egitearen hautua. Baina azkenean pisua egiten da aukera hori, eta Emariren aurka ikusi nuenean, bi helburutarako ikusi nuen egoki: batetik, ni etxetik ateratzeko eta izateko aukera laneko ingurune egoki batean lan egiteko; eta bestetik, jende berria ezagutuz edota nire lana zabalduz, bide berriak aztertzeko. Helburu horiekin eman nuen izena.

Zertan datza zure enpresa-proiektuak?
Dagoeneko ari naiz itzultzaile gisa, baina jakin nahi nuke ze bide egin dezakedan online munduan. Gaur egun sare sozialetarako eta interneteko mila zerbitzutarako eduki asko sortzen da, eta hizkuntza erabiltzeko beste modu bat da. Beraz, ikusi nahi nuke hortik bidea ireki daitekeen ala ez.

Emarin alboan izango dituzun gainerako enpresetatik zer jasotzea gustatuko litzaizuke?
Oso arrotzak egiten zaizkidan gauzak. Egia da proiektu oso ezberdinak daudela hemen. Ekonomia munduan murgilduta dagoen bat daukagu, eta hark hobeto jakingo du nik baino enpresa bat eramaten. Beste bat zerga kontuetan ibilia da, eta horretarako laguntza ere beti da ona. Batez ere ez delako nire esparrua eta laguntza bat jasotzea beti lagungarria da.

Gorka Egia
«Aukera parean jartzen denean, heldu egin behar zaio»

Azalduko zenituzke zure enpresa-proiektuaren nondik norakoak?
Udaletxeetan aholkularitza zerbitzuak eskainiko ditun enpresa bat sortzeko asmoa dut, parte hartzean, gardentasunean, jasangarritasunean, justizia sozialean, demokrazian, ekintza konkretu batzuk eskainiko dizkiena, kalitatezko pauso batzuk eman ditzaten. Alkate izan naizen garaian ikasitakoan sakonduz, praktikan jarri nahiko nuke hori guztia, beste leku batetik.

Zer dela eta erabaki zenuen Emarin sartzea?
Aukera paregabea zen. Coworking espazio bat, etxetik gertu, oso moduan... Tolosako Udala eskertu behar dut maila pertsonalean, guk aukera hau izan dezagun egin duen ahaleginagatik. Aukera parean jartzen denean, heldu egin behar zaio.

Emariko gainerako kideen elkarlanetik zer atera nahiko zenuke?
Elkarlanak ekartzen duena hobea da. Produktu hobeak sortzea, giro hobean lan egitea, gauza asko. Eta gero elkarlana ez dut mugatu nahi hemen daudenekin bakarrik, hemendik kanpo ere bilatu nahiko nituzke sinergiak.

Mertxe Gordillo
«Ez da bakarrik lekua, proiektu oso bat da»

Zein arrazoirengatik eman zenuen izena Emarin?
Nik banuen nire enpresa, duela lau urte sortu nuen, baina orain arte etxetik egiten nuen lan. Alde batetik, hori oso ondo dago. Erosoa da, baina azkenean behar duzu leku finko bat, soinurik gabea... Aukera hau atera zen eta aurrera egin nuen. Ez da bakarrik lekua, proiektua oso bat da. Garrantzitsua da beste pertsona batzuekin harremanetan izatea.

Zer eskaintzen du zure enpresak?
IKTen inguruko hezkuntza zerbitzuak eskaintzen ditut. Sare sozialen eta nerabeen inguruan. Familiak galduta daude gai horietan, eta aholkularitza eskaintzen diet. Eskolei ere bai, erreminta berriak behar baitituzte beren lanean.

Eta Emariko elkarlanetik zer lortu nahiko zenuke?
Ematean eta jasotzean dago gakoa. Alde batetik emaile izan behar zara. Nik nire esperientzia partekatuko dut. Hori niretzat oso baliagarria, eta espero dut baliagarria izatea besteentzat. Jende gazteagoa izango dut alboan eta beraien ikuspegia jakitea onuragarria izango da niretzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!