Sei enpresa-proiektu ariko dira, elkarlanean, Emari gunean

Mikel Iraola 2018ko ira. 21a, 20:29

Urritik aurrera hasiko da martxan Emari, Tolosako Udalak sustatutako enpresen elkarlanerako gunea. Zazpi ekintzaileren sei proiektu hautatu dituzte hasierarako, baina proiektu gehiago aurkezteko deialdiak zabalik jarraitzen du. Gaur egin dute inaugurazio ekitaldia.

Elkarlana eta ezagutza trukea. Bi balio horiek ditu oinarri Emari coworking gune berriak. Sei enpresa-proiekturen aterpe izango da Oriaburu eraikina, urriaren hasietatik aurrera. Eta, hain zuzen, esparru ezberdinetakoak izan arren, elkarlanean jardungo dute guztiek lan eremu berrian.

Zazpi ekintzailek garatutako sei proiektu hautatu dituzte oraingoz eta, norberak bere proiektu profesionala garatzen duen bitartean, elkarren arteko proiektuak ere sustatuko dituzte. Hori da Emariren funtsa, Olatz Peon alkateak azpimarratu bezala: «Emari-kideen ideia emaria bideratuko duen gunea da, lankidetzan oinarrituz, elkarren osagarri izanaz. Eta horretarako baliabideak jartzea funtsezkoa da».

Proiektuen bideragarritasuna eta elkarren arteko osagarritasuna izan dituzte kontutan enpresa-proiektuak hautatzerako orduan. Hortik enpresek eskainiko dituzten zerbitzuen aniztasuna: IKTei buruzko orientazioa, herrien antolamendua, hizkuntza zerbitzuak, nazioartekotzea, aholkularitza, edota pertsonen kudeaketarako software garapena.

Ekintzaileen profila ere anitza da: 28 eta 46 urte bitartekoak dira guztiak, lau emakume –Mertxe Gordillo, Irati eta Izaro Ezeiza, eta Irati Hartsuaga– eta hiru gizonezko –Gorka Egia, Jon Mikel Merino eta oraindik izenik eman ez duten hirugarren bat–. Tolosarrak dira Emarin lan egingo duten gehienak –bost–, eta beste bat Donostiatik dator.

Ilusioa eta elkarlanari esker ideia berriak hartzeko gogoa azpimarratu dituzte erabiltzaileek inaugurazio ekitaldian. Hasierak, ordea, itxaron egin beharko du, urrira arte. Hitzarmena sinatuko dute erabiltzaileek, datozen asteotan, eta hori egindakoan hasi ahal izango dira lanean. Urtebeterako sinatuko dute, hasiera batean, nahiz eta gehienez hiru urtez egon ahal izango diren bertan.

Erreferente bihurtu nahian

Asteko 7 egunez eta 24 orduz izango dute erabilgarri zazpi ekintzaileek, sarbide librea izango baitute, identifikazio-txartel bidez. Hilabetean 50 euro ordaindu beharko ditu pertsona bakoitzak, eta trukean hainbat zerbitzu erabiltzeko aukera izango dute: formakuntza eta aholkularitza, sarea, inprimagailua, publizitatea, bilera gelak, sukaldea...

Emarik ekintzaileen erreferentziazko berrikuntza eta sormen zentroa izateko helburua du. Hala aitortu du Peonek: «Tolosako ekonomiaren ardatz nagusietako bat izango da. Enpresa berrien eta enpleguaren sortzaile izatea nahi dugu; funtsezko aldagaia Tolosako garapen ekonomikoan. Gaurkoa hazi berri bat da. Mimoz landua. Emari belaunaldia; ale bat + bat, ez delako zertan bi izan».

Proiektu gehiagoren zain

Elkarlanerako espazioak 10 proiektu hartzeko lekua du, beraz, oraindik lau gehiagorentzat lekua dago. Eskaera berriak aurkezteko deialdia zabalik du udalak. Interesatuek, www.emari.eus webgunean edota udalaren arreta zerbitzuan eman ahal izango dute izena. Udalak berak aurreratu duenez, egun badira eskaera berriak, eta horiek aztertzen ari da espazioaren kudeaketa batzordea. Aurrera egingo balute, Udaleko Gobernu Batzordean onartuko dira.

Ordezkaritza zabala inaugurazio ekitaldian

50 pertsona inguru bildu dira gaurkoan Oriaburun: EAJko nahiz EH Bilduko ordezkariak, Tolosaldea Garatzen garapen agentziakoak, banketxeetako eta inguruko enpresetako kideak, bertan lan egingo duten ekintzaileen senideak...

Ekitaldia Oihana eta Beñat Iguaran bertsolariek gidatu dute. Hasierak zailak diren arren, zaila re errextuko da holako toki batean, nabarmendu du Beñatek. Oihanak erantzun: Bukaera ez, abiapuntu izateko korrontea. Ideia emaria hastea besterik ez da falta, beraz.

Erlazionatuak

Emari Coworking Guneko sei proiektuak

Tolosaldeko Ataria 2018 ira 21 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!