Bizikletek hartuko dute eskualdea, ostiralean

Tolosaldeko Ataria 2018ko ira. 19a, 10:27

Europako Mugikortasun Astearen barruan, Tolosa eta Ibarra arteko bizikleta bira ospatuko da ostiralean, eta bi herrietako ikastetxe guztiek hartuko dute parte.

Ibarrako plazatik abiatuko da bira, 16:45ean, Intujai taldearen laguntzarekin, eta Euskal Herria kale osoa gurutzatuz Tolosan sartuko da. Santa Klararaino errepidetik egin ondoren, alde zaharra gurutzatu ondoren Samaniego Ikastetxera joango da, bidegorritik.

San Frantzisko pasealekuan hartuko du testigua Herrikide Ikastetxeak, eta Araba Etorbidetik gora joanda, Laskorain Ikastolaren txanda izango da Iurreamendi auzoan. Nafarroa etorbidetik barrena, Zumardi Handira joango dira bizikletak, eta festa batekin borobilduko dute arratsaldea.

Udalek merienda prestatuko dute, eta puzgarriak eta jokoak ere egongo dira. Mugikortasun jasangarri baten alde lan egiten duten ikastetxeei ere aitortza egingo diete erakundeek. Aurten Mugi Tolosa eta Ibarrako Ibilbide osasuntsuak ekimenak sarituko dituzte. Hain zuzen, Herrikide, Orixe, Inmakulada, Laskorain eta Uzturpe ikastetxeetako ikasleek hirugarren adinekoen mugikortasuna eta heziketa fisikoa sustatzeko ekimen hauetan hartzen dute parte, adinekoei ibilaldietan lagunduz.

16:45. Ibarrako plazatik hasiera.
17:00. Samaniego Orixe.
17:10. Herrikide Jesuitinak.
17:20. Laskorain.
17:30. Festa Zumardian. Sari banaketa, jokoak, tailerrak eta puzgarriak.

*Euria eginez gero, ekitaldia bertan behera geratuko da.

Goizean, Aiztondon

Goizean, 10:00etatik 12:00etara bitartean,Aiztondo bailarako Mugikortasun Festa ospatuko da, Zizurkil eta Villabona elkartzen dituen Zubimusu zubian eta inguruko kale nahiz errepideetan. Bailarako ikastetxeetako ikasleek eta irakasleek inguru horietako kaleak hartu eta mugikortasun iraunkorrarekin harremana duten jokoak egingo dituzte. Parte hartzaileei bertako produktuez osatutako hamaiketako osasungarria eskainiko zaie.

Horrekin batera, Adunako herri eskolako ikasleek eta irakasleek Aduna eta Andoaingo mugan dagoen bidegorritik abiatuta (Sorabillako autobus geltokitik) bizikleta bira egingo dute eta 10:30 aldera Zubimusu zubira helduko dira, bailarako gainerako ikasleekin elkartzeko. 09:30etik 12:30era motordun trafikoari lotutako mozketak egongo dira eta soilik oinezkoek, bizikleta erabiltzaileek eta baimendutako ibilgailuek igaro ahal izango dute motordun trafikoari itxitako eremuetatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!