Euskaraldiak baditu bere enbaxadoreak, Tolosaldean ere

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko ira. 18a, 18:26

11 eguneko esperimentu soziala izango da Euskaraldia, eta eskualdeak osatu du bere Hamaikakoa; herritarrek ostegunetik aurrera izena eman ahal izango dute, herriz herri

Tolosako Euskal Pizkundea plazan eta letra bana eskuan hartuta. Horrelaxe agertu da, Tolosaldeko Euskaraldiaren Hamaikakoa, eskualdeko gizartearen aurrean. Aurpegi ezagunak batzuk, eta herritar anonimoak beste zenbait, baina guztiek bat egin dute, helburu bakarrarekin: hizkuntz ohiturak aldatzeko gogoz dira, Euskaraldia egitasmoan parte hartuz.

Horrela, Iker Galartza, Elixabet Azpiroz, Kike Amonarriz, Tarba Dedah, Armando Roca, Garbiñe Biurrun, Unai Mendizabal, Ane Urkola, Jokin Altuna, Axun Lopetegi eta Mila Canseco izango dira, Tolosaldean, Euskaraldiaren enbaxadoreak. Antolatzaile taldeak hautatu ditu Hamaikakoko kideak, eta guztiek baiezkoa eman diote konpromiso eta erronkari.

Galtzaundi Euskara Taldeak joan den uztailaren 30ean aurkeztu zuen, Euskaraldia, eskualdean. «Urte osoa daramagu horri begira eta, Euskal Herriko mila txokotan bezala, Tolosaldean ere gogoz heldu diogu egitasmoari», azaldu du Mikel Artola Galtzaundiko kideak. 26 herritan taldetxoak osatu eta antolakuntza lanetan ari dira, honezkero, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarteko ariketa prestatuz; bide horretan, Galtzaundiko kideek nabarmendu dute «poztekoa» dela egitasmoak Tolosaldean sortu dute mugimendua.

11 eguneko ariketa soziala izango da Euskaraldia, eta herritarrek bi rol izango dituzte aukeran, izena eman eta parte hartzeko. Ahobiziak izatea aukeratzen dutenek, euskara ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egin beharko diete, parekoak beste hizkuntza batean erantzunda ere; konpromiso horrekin batera, ezezagunei ere euskaraz hitz egingo diete Euskaraldiko egunetan.

Bigarren rola Belarriprestarena izango da, eta Ahobiziaren osagarri izango da, nolabait. Izan ere, Belarriprestek prestutasun osoa azalduko dute euskaraz entzuteko; beraiei euskaraz hitz egitea nahi dutela adieraziko dute egunotan. Paper bat zein bestea txapa baten bidez identifikatu ahal izango dituzte parte hartzaileek, gainerakoei norbere hizkuntz posizioa argitu, eta elkarrizketak errazteko.

Ostegunetik aurrera, izen ematea

Euskararen ezagutza igo den arren, erabilera datuek kezka piztu izan dute, azken urteotan, Euskal Herrian; besteak beste, horri heltzeko proiektua da Euskaraldia. Lehen aldiz jaso du, halako egitasmo batek, zazpi herrialdeetako eragile eta erakundeen babesa.

Parte hartzeko bi baldintza izango dira: 16 urte beteta izatea, eta euskara ulertzea. Behin irizpide horien mugetan sartzen denak, erabaki egin beharko du Ahobiziaren edo Belarriprestaren txapa jantzi behar duen.

Tarba Dedah eta Iker Galatzak erabaki dute, jada, 11 egun horietan hartuko duten rola zein izango den. Tarba Dedahk Belarripresta izango da: «Sahararra naiz, eta iaz Tolosako ikastetxeekin egindako Eusle kanpainan parte hartu nuen. Ordea, jende guztiak gazteleraz hitz egiten zidan, eta oso zaila suertatu zitzaidan lagunek nirekin euskaraz hitz egitea. Horregatik, Euskaraldian Belarriprestaren txapa eramango dut soinean».

Iker Galartzak, berriz, Ahobiziaren rola aukeratu du: «Egun on! Baita zuri ere! entzutea gustatzen zait, eta gustatzen zait, aurrean dudan dendaria ni ulertzen saiatzen denean. Horregatik, inguruan Belarriprest asko izan nahi nituzke».

Hamaikakoko kideek egin bezala, Euskaraldian izena eman nahi duten herritarrek, ostegunetik aurrera izango dute horretarako aukera, www.euskaraldia.eus atarian, nahiz herrietako izen-emate puntuetan.

Ariketa sozialari ekin baino egun batzuk lehenago, parte hartzaileek dagokien txapa eskuratu beharko dute –Belarriprestarena edo Ahobiziarena–, aurrez iragarritako lekuetatik. Eta, behin txapa soinean izanda, 11 eguneko esperimentu kolektibo batean murgilduko dira, Euskal Herriko gainerako auzo, herri eta eskualdeekin batera. «Badakigu Tolosaldean sekulako aukera dugula Euskaraldi arrakastatsu bat osatzeko».

Izen-emateak

  • Abaltzisketa: liburutegia
  • Aduna: udaletxea
  • Albiztur: kultur etxea
  • Alkiza: udaletxea
  • Altzo: taberna
  • Amasa-Villabona: liburutegia eta kiroldegia
  • Amezketa: udaletxea
  • Anoeta: liburutegia eta kiroldegia
  • Asteasu: Patxinee, Iturri ondo eta Kabela
  • Berastegi: udaletxea
  • Bidania-Goiatz: udaletxea
  • Elduain: zentroa
  • Gaztelu: udaletxea
  • Hernialde: ostatua
  • Ibarra: udaletxea eta kultur etxea
  • Ikaztegieta: ostatua
  • Irura: kulturunea
  • Larraul: udaletxea eta liburutegia
  • Leaburu-Txarama: ostatua
  • Lizartza: udaletxea
  • Orendain: taberna
  • Orexa: ostatua
  • Tolosa: musika eskola, kultur etxea, Galtzaundi, kiroldegia
  • Zizurkil: udal bulegoak eta kaleko informazio mahaiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!