30. ikasturteari ekingo dio Tolosaldeko Helduen Eskolak

Tolosaldeko Ataria 2018ko ira. 13a, 09:01
Tolosako helduen eskola, Igeralde kalean; Villabonakoa Errebote plazan dago.

Izen-ematea zabalik da irailaren 4az geroztik; ate irekien saioa egingo dute larunbat goizean.

1988-1989 ikasturtean hiru irakaslek ekin zioten, Tolosalde Helduen Eskolako bideari eta, hiru hamarkadaren ondoren, 500 ikasle eta 16 irakasleko hezkuntza komunitatea dira, gaur egun, eskualdean. 18 urtetik gorako herritarren behar eta interesei erantzuteko hainbat arlotako ikastaroak eskaintzen dituzte, eta hala egingo dute ikasturte berrian ere. Matrikulazio epea zabalik da, irailaren 4az geroztik. Informazioa nahiz kontsultak www.cepatolosaldeahhi.hezkuntza.net atarian, 012648aa@hezkuntza.net helbidean nahiz 943 67 26 60 (Tolosa) eta 943 69 03 12 (Villabona) telefonoetan egin daitezke.

Larunbat honetan, irailaren 15ean, ate irekiak antolatu dituzte, 11:00etatik aurrera. Bertan, helduen eskolen funtzionamenduaz nahiz eskaintzaz ariko dira. Batetik, Lehen Hezkuntzako oinarrizko ezagutzan lantzeko aukera izango da, euskaran, gazteleran, literaturan, ortografian, ingelesean, matematikan nahiz historian. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulu ofizialerako prestakuntza ere egin ahal izango da eta, halaber, 25 urtetik gorakoentzako unibertsitatera sarbide probetarako ikastaroa ere eskainiko dute.

Azkenik, euskara, migratzaileentzako gaztelera, memoria lantzeko teknikak, 2. mailako informatika, 3. mailako ingelesa, 2. mailako artea eta geografia txertatu dituzte eskaintzan. Ikasturtean barrena, berriz, ikasleekin elkarlanean antolatuko dituzte kultur jarduerak eta txangoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!