Festa hasi besterik ez da egin

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko ira. 2a, 16:10

Tolosaldea zortzigarren izan da XI. Emakumezkoen Kontxako Banderaren lehenengo jardunaldian, San Juan irabazlearengandik 34 segundora. Uretan gertatu denaz haratago, eskualdeko herritarrek, arranplan eta portu inguruan jarri duten festa giroa gaindiezina izan da.

Berdin zion kaleak, berdin zion postuak, eta berdin zion nork irabazten zuen gaurko jardunaldia. Eskualdeko traineruko arraunlariek bazekiten zaila izango zela aurkarien antzeko denboretan ibiltzea. Hala ere, euren txandako ontziekin parean ibili dira ziabogaraino, segundo asko galdu gabe. Maniobran, ordea, bi olaturen arteko zuloan harrapatuta geratu dira, eta lau bat segundo galdu dituzte Kaikurekiko. Bizkaitarrak eta Hibaikakoak ziren Tolosaldearen aurkari zuzenak, eta horiekin batera ibiltzen saiatu dira.

Ez dute lortu, ordea, horien aurretik geratzea, eta beraz, Enbata ontzia izan da motelena gaurko jardunaldian. Hala ere, emaitza horri aurre egiteko neskek portuan erakutsi duten indarra eta festarako gogoa dira nabarmendu beharreko elementu nagusiak. Noski baietz. Txaranga eta guzti, itsasotik irteterako, zain zituzten eskualdetik inguratutako ehunka jarraitzaile. Kalejiran eraman dute ontzia portuan egokitu zaien tokiraino, eta bertan, Zarauzko arraunlariak batu zaizkie (hauek harreman estua dute Tolosaldeko Arraun Klubarekin). Orduan hasi da eromena eta festa.

Enbata ontzua utzi bezain pronto elkarri heldu eta gurasoak ere hasi dira ospakizunean. Berdin zion zergatik egiten zuten, kontua ospatzea baitzen. Jauzika, txarangaren inauteri doinuekin gozatu ahal izan dute neskek, bertatik igarotzen ziren arraun zaleen txundidurarako. Zuzendaritzako kideak inguruan zeuden, aurpegi serioagoekin, baina egindako lan onaren ondorioz jasotako sariaren garrantziaz jabetuta. Sabino Alijostes klubeko lehendakariari amorru puntu bat nabari zitzaion: "Pena handia izan da ziabogan galdutako denborarena. Hori horrela ez balitz, bestelako emaitza bat izango genuke, seguru!". Hala ere, oso kontentu azaldu da neskek egindako estropadarekin.

Kalean txarangak bere lanean jarraitu du, eta Donostiako portuan giro paregabea jarri dute inauteri doinuekin. Arraunlariek ez diote dantzatzeari utzi, eta ondoren argazkiak ateratzeko unea heldu da. Behin gaurkoak amaituta, datorren igandean beste zita garrantzitsu bat izango dute neskek. Jose Luis Perez Koteli entrenatzaileak baliteke aldaketak egitea eta arraunean gutxiago aritu direnei aukeraren bat ematea. "Guztiek festa erraldoi bat bezalakoa den estropada hontaz gozatzea nahiko nuke", adierazi zuen sailkapen probaren aurretik, gauzak horrela joango balira.

Tolosaldea lehen txandan ariko da, Kaiku, Hibaika eta Donostiarrarekin batera. Ohorezko txandan, berriz, San Juan, Riveira, Orio eta Arraun Lagunak arituko dira. Eskualdeko neskak gaurkoa bezalako estropada egiten saiatuko dira, eta ea ba hurrengo igandean aurkari zuzenen aurretik geratzea lor dezaketen. Bitartean, hemen dituzue gaurko emaitzak:

XI. Emakumezkoen Kontxako Bandera (Lehen jardunaldia eta sailkapen nagusia):

  1. San Juan: 10:41:66
  2. Riveira: 10:47:76 (+ 6:10)
  3. Orio: 10:48:86 (+ 7:20)
  4. Arraun Lagunak: 10:55:40 (+ 13:74)
  5. Hibaika: 11:01:42 (+ 19:76)
  6. Donostiarra: 11:06:66 (+ 25:00)
  7. Kaiku: 11:06:76 (+ 25:10)
  8. Tolosaldea: 11:15:66 (+ 34:00)
Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!