Maila bikaina erakutsi dute eskualdeko txirrindulariek

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 27a, 12:05
Iribar, Mayoz, Larrarte eta Garikano, orain astebete, txapelketan parte hartu aurretik.

Eukene Larrarte eta Luis Mari Garikano tolosarrak, Izarne Mayoz asteasuarra eta Unai Iribar ibartarra, Espainiako selekzioarekin aritu dira, Aiglen, Europako pistako txapelketan.

Asteartean hasi, eta atzora bitarte, Aiglen (Suitza) izan dira lau txirrindulariak, 23 urtez azpiko kategoriako nahiz junior mailako lasterketetan parte hartuz. Guztiak ere, ahal zuten ondoen aritu dira, eta azkenean, Izarne Mayozek omnium proban lortutako bosgarren postua izan da eskualdeko kirolarien emaitzarik nabarmenena. Besteek ere, denborak hobetzeko eta inoiz ahaztuko ez duten esperientzia berri hau bizitzeko aukera izan dute bertan.

Asteazkenean, Luis Mari Garikano tolosarrak, taldekako jazarpen probako lehen lasterketan hartu zuen parte, Marc Buades, Joan Marti Bennassar eta Gorka Etxaberekin batera. Hala ere, ez zuten zorterik izan, eta zazpigarren amaitu zuten sailkatze proban, seigarren izan ziren errusiarrengandik segundo bakarrera. 4 kilometroko lasterketan, eta azken bi kilometroetan, errusiarrek baino denbora hobea markatu zuen Garikanoren taldeak. Alabaina, ez zuen ezertarako balio izan, eta 4:15:295 denborarekin konformatu behar izan zuten. Ostegunean, ordea, lau segundotan jaitsi zuten denbora: 4:11:229. Hala ere, denbora honek ez zien balio izan finalera sailkatzeko.

Izarne Mayozek, berriz, eliminazioan erakutsitako maila bikainari, ezin izan zion jarraipena eman. Junior kategoriako txirrindularia, omnium proban aritu zen ostiralean. Goizean, scratch-ean aritu zen, hamabigarren sailkatuz; tempo-an, aldiz, hamaikagarren izan zen. Sailkapen nagusian, hamaikagarren jarri zen asteasuarra. Arratsaldean, puntuazioan lehiatu zen, nahiz eta ez zuen proba amaitzerik izan, nekeagatik. Behin-betiko sailkapen nagusian, hamahirugarren izan zen Mayoz.

Omnium proban aritu zen beste txirrindularia, Eukene Larrarte izan zen. Kasu honetan, baina, tolosarra, 23 urtez azpiko kategorian aritu zen. Lehen lasterketan, hau da, scratch-ean, sentsazio onekin amaitu zuen, hamargarren postuan. Tempo-an, berriz, hamalaugarren izan zen, eta eliminazioan, hamabigarren. Azkenean, Larrartek, hamalaugarren amaitu zuen behin-betiko sailkapen nagusian.

Unai Iribar ere, omnium proban aritzekoa zen larunbatean, baina ibartarrak ezin izan zuen azkenean, eta Marc Buades kataluniarrak ordezkatu zuen. Madison-ean, bestalde, Iribarrek eta Garikanok ezin izan zuten proba amaitu. Eukene Larrartek, ordea, bai. Hamargarren izan zen tolosarra, Isabel Ferreresekin bikotea osatuz.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!