Izarne Mayoz bosgarren izan da Europako junior txapelketan

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 23a, 12:14
Mayoz, Espainiako selekzioaren mailota jantzita duela, atzoko lasterketaren aurretik. Argazkiak: Espainiako Txirrindularitza Federazioa

Asteasuarra podiumeko postuetatik gertu geratu zen, atzo arratsaldean, Aigleko Europako txapelketan. Junior mailako eliminazio proban aritu zen. Eskualdeko gainerako txirrindulariek, orain arte behintzat, ez dute zorte bera izan.

Pistako Europako txapelketa ari dira jokatzen, egun hauetan, Suitzako Aigle hirian. Bertan, 23 urtez azpiko nahiz junior mailako kontinenteko txirrindulari onenak daude, eta tartean, eskualdeko lau gazte ari dira Espainiako selekzioarekin lehiatzen. Horietako bat da Mayoz.

Junior mailako eliminazio probako finalean aritu zen atzo asteasuarra, 14 partaideen artean meritu handiko bosgarren postua lortuz. Bere aurretik, txapeldun izan zen Gloria Scarsi italiarra, Shari Bossuyt belgikarra, Marta Jaskulska poloniarra eta Petra Sevcikova txekiarra sailkatu ziren, hurrenez hurren. Asteartean, berriz, junior kategoriako scratch probako finala jokatu zuen, baina ez zuen aurreko postuetan amaitzea lortu, eta hamaikagarren amaitu zuen.

Aiglen dagoen eskualdeko beste emakumezko txirrindularia, Eukene Larrarte da. Asteartean, 23 urtez azpiko kategorian, eliminazio probako finala jokatu zuen tolosarrak. Berez, zortzigarren amaitu zuen tolosarrak, baina akats bat tarteko, behin-betiko sailkapenean bederatzigarren izan zen.

Gizonezkoek, berriz, zorte txarragoa izan zuten. Batetik, Unai Iribar ibartarrak, ezin izan zuen scratch modalitateko kanporaketa gainditu, atzo. Bere seriean bederatzigarren izan zen, eta kanporaketa fasean aritu ziren 21 txirrindularietatik, kanpoan geratu ziren 4 gazteetako bat izan zen ibartarra. Finalera sailkatzeko postu batera geratu zen Iribar, eta azkenean, arratsaldean jokatu zen finalean, sailkatze fasean, ibartarraren seriean onena izan zen Matthew Walls britainiarrak lortu zuen urrezko domina.

 

 

Iribarren ondotik, eguerdian, Luis Mari Garikano tolosarra aritu zen lehiatzen, taldekako jazarpen proban, Marc Buades, Joan Marti Bennassar eta Gorka Etxaberekin batera. Hala ere, ez zuten zorterik izan, eta zazpigarren amaitu zuten bere seriean, seigarren izan ziren errusiarrengandik segundo bakarrera. 4 kilometroko lasterketa izaten da, eta azken bi kilometroetan, errusiarrek baino denbora hobea markatu zuen Garikanoren taldeak. Alabaina, ez zuen ezertarako balio izan, eta 4:15:295 denborarekin konformatu behar izan zuten.

 

 

Gaur, deskantsu eguna dute eskualdeko txirrindulariek, nahiz eta zenbait proba jokoan egongo diren Aigleko belodromoan. Bihar, Mayozen txanda izango da; larunbatean, berriz, Iribar eta Larrarte arituko dira pistan; eta azkenik, igandean, Luis Mari Garikanok hartuko du parte berriz. Hauxe da egutegia:

Abuztuak 24, ostirala:

10:50. Izarne Mayozek, omnium probako lehen lasterketa.

Abuztuak 25, larunbata:

10:00. Eukene Larrartek, omnium probako lehen lasterketa.

10:20. Unai Iribarrek, omnium probako lehen lasterketa.

Abuztuak 26, igandea:

09:30. Luis Mari Garikanok, Madison probako kanporaketa.

16:40. Luis Mari Garikanok, sailkatuko balitz, Madison probako finala.

*Ordutegiak moldagarriak dira, ez dira behin-betikoak; probetan sortu daitezken gorabeheren arabera aldatu daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!