Artola eta Erasun, Bizkaia konkistatu nahian

Tolosaldeko Ataria 2018ko abu. 21a, 12:08

Alegiarrak eta asteasuarrak, gaur arratsaldean jokatuko dute Bizkaia Torneoko azken neurketa, izen bera duen Bilboko pilotalekuan. Gauean hasiko da jaialdia, eta Anboto taldea ordezkatuko dute bi pilotariek, Kolitzaren aurka jokatu beharko duten finalean.

Igandean, Zarauzko torneoko finalean garaipena lortu eta bi egunetara, partida bera errepikatuko da, gaur arratsaldean, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Hain zuzen ere, Artolak eta Albisuk, Irribarria eta Rezustaren aurka aritu beharko dute. Bizkaia torneoko finala jokatuko dute, eta beraz, txapelketa luze honen amaieran, talde onena zein den erabakiko da.

Aste honetan, Aste Nagusia ospatzen ari dira Bizkaiko hiriburuan. Hortaz, festa giroan murgilduta dagoen Bilbon arituko dira nor baino nor momentuko pilotari onenetakoak. Txapelketan zehar, sei talde desberdin izan dira, lehen nahiz bigarren mailako pilotariekin osatutakoak, eta bakoitzak, Bizkaiko mendi baten izena eraman du: Oiz, Anboto, Kolitza, Ganekogorta, Sollube eta Gorbeia. Probintziako bost herritan jokatu diren kanporaketen bitartez, sei taldeetatik bik bakarrik lortu dute gaurko finalera iristea.

Anboto eta Kolitza dira finalera heldu diren bi taldeak. Anboto, Asegarceko pilotariek osatzen dute, eta Kolitza, berriz, Aspekoek. Binakakoa, ordea, ez da jaialdiko partida bakarra izango. Lehena, lau t'erdiaren barruan jokatuko dute, Victorrek (Anboto) eta Ezkurdiak (Kolitza). Ondoren, Artola kantxaratuko da, gainerako hiru pilotariekin batera. Azkenik, Erasun zizurkildarrak (Anboto) jokatuko du buruz buruko partida, Elordiren (Kolitza) aurka. Berez, Dario zen Asperen izenean jokatzekoa, baina min hartuta dagoenez, aurrelari mallabitarrak ordezkatuko du errioxarra.

Alegiako aurrelariak, hortaz, berrogeita zortzi orduren buruan, udako bigarren txapelketa irabazteko aukera izango du. Hala ere, argi utzi nahi izan zuen igandean oso partida desberdina espero beharko dutela: "Ez zait iruditzen gaurko partidaren antzekoa aterako zaigunik. Asko kostatuko zaigu errepikatzea".

Bizkaia Torneoaren finala: Kolitza-Anboto.

Bizkaia pilotalekua (18:00).

Lau t'erdian:
Ezkurdia
Victor

Binaka:
Irribarria - Rezusta
Artola - Albisu

Buruz buru:
Elordi
Erasun

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!