Haur sahararrei agurra, ostiralean

Tolosaldeko Ataria 2018ko abu. 13a, 16:36
Uztailaren 2an egin zieten harrera, Anoetako plazan. JON MIRANDA

Ostiral honetarako, hilak 17, agur festa antolatu du Tolosaldea Sahararekin elkarteak. Tolosako Zerkausian eta alde zaharreko kaleetan ospatuko dira egitaraurako prestatutako jarduerak, 17:00etan hasita.

Saharako errefuxiatu kanpamentuetatik 32 haurrek pasa dute udara eskualdean. Tolosako San Esteban auzoko aterpetxean egon dira hamahiru haur, eta gainerakoek, eskualdeko familietan hartu dute ostatu. Tolosan, Anoetan, Amasa-Villabonan, Alkizan, Ibarran, Berastegin, Larraulen eta Lizartzan. Iazkoaren aldean, hamar harrera familiatik hemeretzira igaro da kopurua, eta aterpetxean bi haur gehiago izan dira. Hala ere, jada amaitu zaie bertako egonaldia.

Tolosaldea Sahararekin elkarteak, Leaburu-Txaramako eta Orexako Udalen laguntzaz, festa erraldoi bat antolatu du. Bertan, aurtengo udara eskualdean igaro duten haur horiei, behar bezalako agurra eman nahi diete. Horregatik, ostiralean, sahararra bihurtuko da Tolosako Zerkausia, 17:00etan hasiko den jaian.

Lehenik, haurrek puzgarrietan eta jarduera desberdinetan jolas egin ahal izango dute. Gero, ekitaldi politikoaren txanda helduko da. Fronte Polisarioko ordezkariak eta Tolosaldeko Udaletako kideak egongo dira bertan. Behin hura bukatuta, manifestazioa egingo dute alde zaharreko kaleetan barrena. Kalejira amaitutakoan, berriz ere, Zerkausian bilduko dira, afari herrikoia ospatzeko. Norberak, bere janaria eta edaria eraman beharko du. Azkenik, egunari festa sahararrarekin emango diote amaiera, musika eta guzti.

 

Egitaraua:

17:00. Haur jolasak eta puzgarriak.

19:00. Ekitaldi politikoa.

17:00. Manifestazioa.

17:00. Afari herrikoia.

17:00. Festa sahararra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!