Jokin Etxeberria eta Andoni Goikoetxea, Euskadiko txapelaren bila

Mikel Iraola 2018ko abuztuaren 4a

Euskadiko Txapelketan arituko diren lau segalariak, Gipuzkoako txapelketa amaitu berritan

Asteasuko Sarobe baserriko larreetan jokatuko da, bihar, 12:00etatik aurrera, Euskadiko Sega Txapelketa. Jokin Etxeberria amasarra eta Andoni Goikoetxea gazteluarra dira parte hartzaileen artean.

Lau segalari arituko dira bihar nor baino nor gehiago Asteasun. Horietako hiruk badakite zer den Euskadiko txapela janztea.

Andoni Goikoetxea gazteluarrak 2006. urtean irabazi zuen txapelketa. Joan den urtean, Julen Gabirondo urnietarra izan zen garaile, 2015ean bezalaxe. Parte hartzaileen artean txapela gehien eskuratu dituen segalaria, berriz, Igor Esnaola legorretarra da: 2016, 2014, 2013. Azken txapelketa izango da Esnaolarentzat.

Adituen arabera, ordea, Jokin Etxeberria da txapeldun izateko faborito nagusia. Izan ere, eta orain arte Euskadiko txapelketarik lortu ez duen arren, Gipuzkoako txapelketa irabaztetik dator amasarra. Uztailean jokatu zen, Asteasuko Bulano baserriko larreetan.

Azken urteotan egin den moduan, Gipuzkoako txapelketa jokatu duten lau segalariak arituko dira Euskadikoan. Orduan, Etxeberriak erakustaldia eman zuen, 2.811 kilo belar ebakiz. Gabirondo izan zen bigarren, 2.752 kilo moztuta. Hirugarren postua Igor Esnaolarentzat izan zen, 2.623 kilorekin, eta laugarren postuan amaitu zuen Andoni Goikoetxeak, 2.621 kilo moztuta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!