Josu Artola eta Alberto Aranburu, motorrekin bikain

Asier Imaz 2018ko uztailaren 4a

Josu Artola, podiumeko hirugarren postuan

Gordexola Xtreme Enduro probaren XI. edizioan Artola amezketarrak hirugarren amaitu du sailkapen nagusian

Joan den asteburuan, ostiraletik igandera, Bizkaiko Gordexola herrian mendiko moto lasterketa jokatu da: XI. Enduro Gordexola Xtreme. Josu Artola amezketarra eta Alberto Aranburu tolosarra bertan izan dira. Biek podiuma ezagutzeko aukera izan zuten.

Moto festa ostiralean hasi zen, egiaztapenekin. Lehia iluntzean etorri zen, Gaueko Kronoarekin. Josu Artolak hirugarren amaitu zuen, bere sasoi ona erakutsiz. Larunbatean, bigarren egunean, zirkuituari hiru itzuli eman behar zizkioten moto gidariek, 48 kilometroko ibilbidea osatuz. Josu Artolak laugarren amaitu zuen, lehen bietatik urrun, baina hirugarren postutik 15 segundora. Sailkapen nagusian postu bat galdu zuen bigarren egunean amezketarrak.

Hirugarren eta azken egunerako geratu zen podiumaren osaketa. Super Finala 10:00etan hasi zen eta ia minutu erdiko aldea atera zion bere aurkari zuzenari, hirugarren postua berreskuratuz eta podimera igoz. Mario Roman Serrano izan zen lehen kaxoira igo zena, Pol Tarresen aurretik.

Alberto Aranburuk 13. amaitu zuen Gordexola Xtreme mendiko motoen proba. Juniorren mailan, ordea, tolosarra hirugarren postuan geratu zen, Peio Etxebeste eta Manuel Santaolallaren atzetik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!