Gizonezkoen traineru ligak martxan daude. Maila nagusian, Eusko Label Ligan, Tolosaldeko 10 ordezkari daude. Ugaitz Mendizabal patroiaren kasua berezia da: Orioren bi taldeetan azaltzen baita irurarra. Hala eta guztiz ere, denboraldia Anjel Larrañagaren ondoan egingo du. Larrañaga Orioko bigarren taldearen entrenatzaile berria da.
TKE 1 Ligan lau dira eskualdekoak, Zarautzen eta Zumaian. TKE 2 Ligan, hamar. Horietako bat lehen esan bezala entrenatzailea.
Eusko Label Liga aurreko asteburuan jarri zen martxan. Parekotasun handia izan zen, eta eskualdeko arraunlariek liga irabazteko aukerak dituztela agerian geratu zen. Endika Lopez eta Jon Lizarraldek dituzte aukera gehien, Hondarribiarekin.
Emakumeen ligak
Asteburuan erabakiko da Euskotren Ligan zein lau traineru ariko diren lehian. Sailkapen estropadak larunbatean eta igandean jokatuko dira. Bi denborak kontuan hartuta, liga nagusian eta bigarren mailan ariko diren ontziak zehazturik geratuko dira.
Lehen sailkatze estropada Sestaon izango da, bihar, 18:00etan. Bigarrena igandean, Zierbenan, 11:45ean. Tolosaldeko trainerua bertan izango da lau onenen arteko lehian sartzeko asmoz.