Zia edo boga: "Arraun liga upategi bat balitz..."

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko ekainaren 29a

Aitortza bat, denboraldiko lehen zutabeari ekiteko. Aurten, Eusko Label ligako lehen estropadak San Joan eguneko lehen potea eskuan nuela harrapatu nau. Bai, arraun zalea beti izan da festazale.

Itxuraz Bilboko ur arreetako kontuek Tolosako Beti Alai tabernako joan-etorriekin antzekotasunik ez duten arren, ordea, irudi hark balio lezake, datozen asteburuetako traineru dantzari begiratzeko.

Ardo onenak bezala hasi baitira batzuk: urtetan egurrezko upelean ondutako mahats zukua nola, dastamen guztien neurriko ikuskizuna eskainiz eta, ezinbestean, hitzordua topa batekin amaituz.

Beste zenbaitzuk, berriz, parekatu litezke edozein ardo txuriren zapore eta freskotasunarekin: aurrez itxaropen ozenegiak piztu gabe, baina bizi-bizi eta tentagarri, hozkailuan atondu den kopa baten antzera.
Eta, noski, festa egun batek pilatu ditzakeen edalontzi guztien artean, probabilitate kalkuluen kontua da, pikatutako ardoa ere tartean izatea: joan den igandean, segundoak eta –batez ere– postuak galdu zituzten askok. Biharamunean, ajea ziur.

Enologoentzat alderaketa merkeegiak lirateke honakoak, baina, zorionez, hasi besterik ez da egin tosta arteko festa, eta etorriko dira analisi fundamentuzkoagoak.

Bitartean, ezin nabarmendu gabe utzi, Tolosaldeko 10 herritar ariko direla, arraunean, patroi nahiz prestatzaile lanetan, Eusko Label ligan; beste 14, ARC ligetako ontzietan. Eta, Euskotrenek nahiz ETE ligak ere eskainiko dituzte nahikoa arrazoi, inguruotan, itsaso nahiz pantailari begira jarri, eta paladak, segundoak, urduritasunak eta pozak topa eginez kontatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!