Amaitu dira prestaketak Tolosaldeko traineruarentzat. Asteburuan jokatu dute Emakumeen Traineru Elkarteak antolatutako bigarren eta azken estropada ez puntuagarria, Donibane Lohizuneko uretan, eta datorren asteburuan erabakiko da zein ligatan lehiatuko den Tolosaldea.
Ohikoa baino distantzia luzeagoari egin behar izan diete aurre neskek, baita bero izugarriari ere. Eta hori gutxi balitz, oraindik itsasoari neurria hartzen ari dira eskualdeko gazteak. Hortaz, emaitza da gutxienekoa. Horrela diote Uxue Zuriarrain eta Eider Zubeldia bosgarren tostako arraunlariek: «Egindako estropadarekin ez ginen oso gustura geratu, baina horrek balio digu konturatzeko gauza asko ditugula hobetzeko. Bizitza osoan ibaian entrenatu izan dugu, eta itsasora ateratzen garen bakoitzean hutsune bat nabaritzen dugu. Entrenatzen jarraitzea baino ez zaigu geratzen», diote.
Lehen txandan aritu zen Tolosaldea, Hibaika, Donostiarra, Lapurdi eta Lea-Artibairekin batera. Lehen ziabogan donostiarrengandik gertu ziren, bi segundora eta tarte horri eutsi zioten bigarren ziabogarako. Estropadaren bigarren erdian galdu zuten denbora gehien. Hibaika izan zen azkarrena txanda horretan, eta 25 segundora iritsi ziren helmugara eskualdekoak.
Bigarren txandan, San Juan izan zen azkarrena, eta pasaitarrek irabazi zuten bandera. Bigarren, Orio izan zen 13 segundora, eta Donostiarraren lehen ontziak hirugarren egin zuen.
Sailkapena:
- San Juan
- Orio +13
- Donostiarra +30
- Hondarribia +37
- Deustu +41
- Hibaika +57
- Donostiarra +1:12
- Tolosaldea +1:22
- Lapurdi +2:31
- Lea-Artibai +2:47