«2017an kudeatutako hondakinen %59a zabortegietatik desbideratzea lortu zen»

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko eka. 25a, 13:14

Tolosaldea orokorrean, gaikako bilketan «maila egokian» dagoela dio Josu Amilibia Tolosaldeko Mankomunitateko lehendakariak, herri gehienak %70etik gora baitaude. Irura, Zizurkil eta landa eremuko herri batzuk kopuru horretatik behera daude halere, eta Tolosa eta Irurako organikoan inpropio asko daude.

Zein da Tolosaldeko argazki orokorra, gaikako bilketari dagokionez?

Tolosaldeko Mankomunitatean hondakinen gaikako bilketa hiru taldetan bereizten dugu, jatorriaren arabera. Etxe eta herriguneko jatetxe eta komertziotakoa dago, alde batetik. Eskualdea osatzen duten udalerri guztietan jatorri hori duten hondakinak gaika sailkatzeko aukerak ezarriak dituzte, herri bakoitzaren eskaera eta ezaugarrietara egokitutako sistemen bitartez. Eremu horretan sortutako hondakinen %63a gaika jaso zen 2017an. Bestetik, industrialdekoa dago. Kasu horretan eskualdeko industrialde guztietan sortutako hondakinak jasotzeko atez ateko bilketa sistemak ezarriak daude. Sortutakoen %59a birziklatzera bideratu zen 2017an. Azkenik garbiguneetan jasotzen diren hondakinak daude. Etxeetan, zein komertzio edota enpresa txikiek sortutako hondakinen bilketarako gune osagarria dago Tolosan. 2017an azpiegitura hauen bitartez kudeatutako hondakinen %59a zabortegietatik desbideratzea lortu zen.

Eta zein da biltzen den organikoaren kalitatea? Egiten al dira karakterizazioak?

Materia organikoa konpostatu ahal izateko eta kalitatezko konposta lortu ahal izateko ezinbestekoa da jatorrian sailkapen egokia egitea. Egun organikoaren gaikako bilketa egiten den herri guztietan egiten dira karakterizazioak mankomunitatearen eskutik, urtean behineko maiztasunarekin. Organikoaren inpropioen muga %5ean ezarrita dago. Karakterizazioa egiteko prozedura beti berdina da, eta herriaren arabera eta bilketa sistemaren arabera hartzen dugun lagina da aldatzen dena, jatorria ahalik eta gehien identifikatzeko aukerarekin egiten da. Adibidez, Alegian, Anoetan, Ibarran eta Zizurkilen, alde batetik, etxeetako organikoaren lagin desberdinak hartzen dira, eta, bestetik, jatetxe, ikastetxe eta komertziotan jasotakoa. Iruran, Tolosan eta Villabonan, aldiz, etxeetako organikoa eta komertzio eta jatetxetakoa era bateratuan jasotzen da, eta laginak auzoka hartzen dira.

Materia organikoaren karakterizazioak hartzen duen garrantziaz jabetzeko herri guztien artean 30 inguru egiten dira. Guzti hauetan organikoaren purutasuna gutxienez %95koa izan behar du, konpostatze plantetan arazorik sor ez dadin.

Nora bideratzen dira orain, Tolosaldeko hondakinak?

Hondakin motaren arabera azpiegitura desberdinetara bideratzen dira; batzuk mankomunitatearen esku gelditzen dira eta hondakinak birziklatzeko edo balioztatzeko kudeatzaileei entregatzen zaizkie, hala nola papera eta kartoia, beira, arropa, landare olioa, eta garbiguneetan jasotzen diren hondakinak. Beste frakzio batzuk aldiz Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren eskuetan uzten dira, ontzi arinak, materia organikoa eta errefusa, GHKren azpiegituretan (edo aldi baterako beste kudeatzaileen azpiegituretan) kudeatuak izateko.

Auto eta auzo konpostaren aldeko apustua egin zen batez ere, 2014an, zein da gaur egungo egoera?

Tolosaldeko Mankomunitatean, urte asko dira auto-konpostajearen aukera eskaintzen hasi ginela. Esan behar da, hasiera hartan familia gutxi batzuk hasi zirela materia organikoa, batez ere, sukaldatu gabea, etxean konpostatzen. 2014-2016 epealdian aldiz, landa eremuan materia organikoa auto edota auzo-konpostajearen bitartez kudeatzeko lan lerroa jorratu zen, egungo ia 3.000 familia konpostatzera iritsi garelarik. Hondakinen sorrera gutxitzen duen neurri bat da, prebentzioarena, alegia, eremu hauetan sortzen den materia organikoa tokian bertan kudeatzen baita, hondakina izatera iritsi gabe.

Europako neurriak aipatu izan dira birziklapena hobetu beharraz hitz egiteko, 2016rako hondakinen %60a birziklatu beharko zela esaten zen. Tolosaldea kopuru horretara iristen da, ezta?

Indarrean dagoen 22/2011 Hondakinen Legediari erreparatzen badiogu, helburu desberdinak finkatzen dira: 2020. urterako 2010ean sortutako hondakina %10ean gutxitu behar da. Tolosaldean 2010. urtean etxetako hondakinak 21.600 tona izan ziren. 2017an %12a gutxiago sortu dugu. 2020. urterako gaikako bilketaren portzentaia %50ekoa izan behar duela ere badio araudiak. Egun, Tolosaldean %64ean gaude. Bestalde, egungo egoera, aplika daitekeen araudi-esparrua eta aipatutako hierarkia kontuan izanda, 2020rako EAEko hondakinak prebenitzeko eta kudeatzeko planean, besteak beste, honako helburu estrategikoak proposatzen dira: sortutako hondakinen kopuru totala %10 jaistea 2020rako erreferentzia urtetzat 2010 hartuta eta hondakinen gaikako bilketa gutxienez %75koa izatea 2020an.

Zein da erronka, beraz? Gaikako bilketan %75ean kokatzea?

Orokorrean maila egokian gaude, herri gehienak gaikako bilketa portzentai egokiak baitituzte. Gehienak %70etik gora. Bi erronka nagusi aurreikusten dira, alde batetik, %70etik behera dauden herriak lanketa egin beharko lukete gutxienez maila horretara iristeko (Irura, Zizurkil eta landa eremuko herri batzuk, baita Andoain ere). Eta bestetik, organikoaren karakterizazioetan emaitza txarrak ematen dituzten herriek ere lanketa egin beharko lukete eta hemen Tolosa eta Iruraren kasuak daude, mugatik oso goitik baitaude eta honek etorkizunean arazoak sor ditzake organiko guzti hori tratatzerakoan.

Tolosaldeko bataz bestekoa, iaz, %62koa izan zen gaikako bilketari dagokionez. Zein balorazio egiten duzue?

Esan bezala, herri gehienak %70- %80tik gora daude. 2018 orain arteko datuetan %64 inguruan gaude, iaz baino puntu bat gehiago. Balorazioa ona da, baina esan bezala, lehen aipatutako herriek mankomunitatearen datuak zigortzen dituzte. Gaikako bilketaren indizean, batez ere, Andoainek, eskualdeko populazioaren laurdena izanda %45 inguruan daudelako gaikako bilketan.

Sistema aldaketak egon dira hainbat herritan, eragina izan du horrek gaika biltzen diren hondakinetan? Zer diote datuek?

Aldaketa guztiek dute eragina. Atez atetik edukiontzietara pasa diren herriak orokorrean datu onak mantendu dituzte, Villabona eta Ibarraren kasuak adibidez. Tolosan gaikako bilketari eutsi diote, baina organikoaren karakterizazioetan atzera egin dute nabarmen, eta hau kezkatzekoa da. Irurak hasieran gaikako bilketari eutsi zion, baina behera egin du nabarmen azkenaldian eta organikoaren karakterizazioetan emaitza txarrak ematen ditu.

Zeintzuk dira orain, mankomunitatearen asmoak?

Hondakinei dagokionez, lehen aipatu bezala, herri guztiak %70etik gora egotea izango litzateke erronka eta organikoaren karakterizazio guztiak %5eko inpropioetatik behera egotea. Bestalde, mankomunitatean erronka berriak edukiko ditugu. Orain hausnarketa prozesu batean gaude eta hondakinez harago, zerbitzu berriak emateko aukera aztertzen ari gara eta baita egoitza berri bat eraikitzeko aukera lantzen ere.

Egoitza berrian mankomunitateko zerbitzu berrien bulegoak eta hondakinen inguruko azpiegiturak eta baliabideak egongo lirateke, kamioiak, bulegoak, tailerra eta abar.

Erlazionatuak

Sailkatzea etorkizuna eraikitzeko

Rebeka Calvo Gonzalez 2018 eka 25 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!