Sailkatzea etorkizuna eraikitzeko

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko eka. 25a, 09:36

Europa Ekonomia Zirkularrari begira jarri da. Hondakinak murrizteko eta birziklatze azpiegiturak bultzatzeko neurriak iragarri ditu, hondakinak hobeto kudeatzeko eta ikuspegi zirkularra emateko asmoz.

Ontzien gehiegizko erabilpena jarri du orain, jomugan, erabilera bakarreko ontzien erabilpena gutxitzeko eta ontzi berrerabilgarrien erabilpena sustatzeko helburuz. Ez da berria eta bide horretan hainbat neurri ere iragarri zituen duela urte batzuk, baina helburu horiek apaltzen joan da pixkana eta 2014rako zabortegiak itxita egon beharko luketela eta 2016rako hondakinen %60a birziklatu beharko zirela esatetik, helburu horiek aldatzera pasa zen.

Orain 2035ra begira jarri da eta birziklatze tasa %65ean egon beharko duela esan du, eta ez %70ean. Erraustegiak ere egon dira jomugan, baina oraingoz diru publikoz eraikitzen jarraitzen dira, Europako ekialdeko herrialdeetan ari dira eraikitzen, batez ere, eta baita, jakina denez, Euskal Herrian bertan.

Tolosaldean %62

Tolosaldea jada Europak eskatzen duen bataz bestekotik gertu dago, dena den. Iaz eskualdean hondakinen %62 ingurukoa izan zen datua. Kopuru hori hobetzen jarraitzea da erronka nagusia.

2011tik hona nabarmen egin du gora Tolosaldean gaika biltzen diren hondakinen kopuruak, baina zenbatekoak goia jo duenaren mamua ere hor dago. Ezagunak baitira hondakinen gaiarekin azken urteetan eman diren gorabehera eta liskarrak. Antza herritar guztiak daude birziklatzearen alde, baina birziklatzea errazteko eta hobetzeko hondakinak biltzeko erabili beharreko sisteman egon da hika-mika; atez atekoa, edukiontzi irekiak, txip bidezko edukiontziak, auto-konposta... Alderdikeriaz ere jokatu da gaiaren inguruan eta helburuak atzean utzita, batzuen eta besteen arteko liskarretan zentratu izan da eztabaida. 2013an lehertu zen gaia eta ordutik sistemen gorabeherak bizitu dira eskualdean.

Kokatzeko esan 2011n eskualdean %25,34a bakarrik biltzen zela gaika, eta ordutik gora egin duela kopuruak: 2013an %43 (azken seihilekoan hasi ziren gaika biltzen), 2014an %62,8, 2015ean %60,44, 2016an %60,64 eta 2017an %62. Eskualdeko hainbat herritan atez ateko sistema jarri eta lehen urte hartan, 2014an, Tolosaldeak %24, 3 gutxitu zuen zabortegira bidalitako errefusa kopurua.

2013. urtera arte Tolosaldean orokorrean, edukiontzi irekiak zeuden. Hau da, papera eta plastikoak biltzeko edukiontzi bana, beira jasotzeko beste bat, baita arropak biltzekoak ere eta gainontzekoa beste edukiontzi batean. Hau da, organikoa ez zen banatzen eta errefusa zen biltzen zen gehiena. Urte hartan eman zen jauzia, eta organikoa banatu beharraz mintzatzera pasa ziren herritarrak; organikoa eta errefusa, birziklatu ezin daitekeen hori, erraustegira bidaltzen den hori. 2013an hasi zen jauzia, baina 2014an lurreratu zen birziklapena. Ordutik hainbat aldaketa eman dira herrietan; atez atekoan hasi, batzuk utzi dute, txip bidezko edukiontzietara pasa dira batzuk, irekietara beste batzuk... Gaur egun Tolosaldeko 20 herri Zero Zabor Herriak dira, hau da, organikoa herrian bertan kudeatzen dute eta gainontzekoak ekarpen guneetara eramaten dituzte; bi herritan atez ateko sistema erabiltzen dute; beste bitan atez ateko sistema mistoa darabilte, hau da, organikoa eta errefusa atez ate biltzen dute eta gainontzekoa edukiontzi irekietan; beste bi herritan txip bidez irekitzen diren edukiontziak dituzte organikoa eta errefusa biltzeko, eta besteak edukiontzi irekietara bideratzen dituzte; eta beste bi herritan edukiontzi irekiak dituzte papera, plastikoa, organikoa eta errefusarentzat.

Zero Zabor

Zero Zabor eskualdearen izendapena jasotzeko bidean ere egon zen Tolosaldea. Hondakinak bereiztea eta bilketa selektiboa ahalik eta handiena izatea ziren eman beharreko lehen urratsak, eta gertu egon zen Tolosaldea. Horretarako %80 edo %90eko birziklatze tasetara iristeko nahia erakutsi zuten orduko agintariek.

2014tik hona kopuruek gora egin dute, baina saltorik nabarmenena errefusa eta organikoa ez bereiztetik, bereiztera pasatzerakoan eman zen. Tolosaldeko Hondakinen Mankomunitateak 2013ko urrian Alegia, Anoeta, Irura, Zizurkil eta Amasa-Villabonan atez ateko sistema jarri ondoren balorazioa egin zuen, eta gaikako bilketako datuak irauli egin zirela zioten: %14,5etik %84,7ra pasa zen kopurua. «Sistema berri bat ezartzeak sor ditzakeen ustekabeko batzuez gain, bilketa normaltasunez burutzen da egunero, aparteko arazorik gabe», esan zuten orduan. Herritar guztiak ez ziren eta ez dira birziklatzearen aldekoak hala ere, eta bai orduan eta baita oraindik ere, hainbat herritan sailkatu gabeko poltsak uzten dituzte edukiontzietatik kanpo. Horren aurrean bai orduan eta baita oraindik ere, isunez hitz egiten zuten agintariek eta Tolosaldeko Hondakin Kontsortzioko arduradunek, baina horiek herri bakoitzeko udalen esku daude, eta herri gehienetan nahiago izan dute isunez hitz egitea baino, heziketaz hitz egin.

Gaika biltzen den hondakinen kopuruak gora egin du etengabe azken urteetan, beraz, eta iaz %62a jaso zen horrela; %29,69a organikoa izan zen, %12,35a papera, %11,76a beira, %11,50 ontzi arinak, %3,24a kartoi komertziala, %2,20 arropa eta %0,20 landare olioa.

Argazki orokorra, bilakaera

Urte asko joan dira sortutako hondakinak zabor bezala izenpetu, eta poltsa batean sartuta euren etorkizuna baztertu zela. Etxean sortutako hori zaborra zen, eta zaborra edukiontzira nahi bezala sartuta, zabortegira bidaltzen zen, horrek eragiten zuen kaltea aintzat hartu gabe. Azken urteetan ordea, hondakinez hitz egiten da eta horrekin batera Zero Zabor filosofiaz; hau da, gure eguneroko jardunean erabili behar ditugun materialak alferrik galdu eta elementu kutsakor bihurtzen ez uzteaz.

Eskualdeko herri ia guztietan sortu ziren Zero Zabor taldeak eta murrizketan eta birziklapenean jarri zuten azpimarra. Herritarrei hori dagokiela argudiatuta. Produktuak sortzen dituztenek horren berreskurapenaren kostua bere gain hartu beharko luketela uste dute, legedia moldatuz, baina herriz herriko mugimenduetan, herritarrek egin dezaketen horretan zentratu ziren. Kontsumoa murriztean eta hondakin gutxiago sortzean dago gakoa, sortzen ez dena ez da bildu behar, ez da garraiatu behar eta ez da tratatu behar. Birziklapenaren beharraz ohartarazi zuten, eta esan, sortu diren hondakinak zabor ez bihurtzeko birziklatu behar direla.

Horretarako produktuak birzikla daitezkeen materialekin eginak egon behar dute eta material hauek erraz bereizteko diseinatuak; gaikako bilketa erraztu behar da, produktuaren etiketak nola jokatu adierazi behar dio erabiltzaileari; eta bilketa sistema eraginkorrak behar dira. «Sistema zirkular bat nahi badugu, hondakinetan dauden materialak berreskuratzeko bitarteko eraginkorrak ezarri behar dira. Ezinbestekoa da kutsatzeko eskubidea desagertzea. Hondakinak nahasian ateratzeko aukera kendu beharra dago», zioten.

Helburuak horiek izanda hondakinak biltzeko sisteman geratu zen eztabaida, baina Zero Zabor taldeek eta Tolosaldeko Hondakinen Kontsortzioak behin eta berriz errepikatu zuten, sistema garrantzitsua izanda, helburuak zirela benetan ezinbesteko. Atez ateko bilketa sistema jarri zen eskualdeko herri bat baino gehiagotan, eta gerora bere horretan Alegia eta Ikaztegietan bakarrik mantentzen badute ere, orduan hartutako ohitura onek eragina izan dute eskualdeko gaikako bilketa datuetan. Oraindik herritar guztiek ez dute menperatzen hondakinen banaketa, hala ere, eta esfortzu eta kanpainak egin badira ere Tolosaldeko Mankomunitateak informazio kanpaina bat abiarazi behar izan du eskualdean, hondakinak zein edukiontzitan bota behar diren erakusteko.

Hondakinen kudeaketa arduratsuaren barruan bada besterik, konposta. Mankomunitatetik herrietan auzoetan edo eremu jakinetan banatuta, edo norbanakoen etxeetan auzo-konposta edo konposta egiteko kanpaina abiarazi zuen, eta konpostagailuak banatu zituzten herritarren artean, eta baita etxolak jarri ere hainbat puntutan.

Tolosaldean hondakinen kudeaketan eman den saltoa agerikoa da, baina oraindik ere landu egin behar den gaia da. Herritarrek etxean sortzen dituzten hondakinen ardura hartzen dutenean emango da benetako jauzia.

* Oharra: Tolosaldeko Mankomunitateak emandako datuak erabili ditugu. Tolosaldeko bataz bestekoa ematerakoan kontuan hartu behar da Andoain ere sartzen dutela eta Bidania-Goiatz berriz, kanpoan geratzen dela. Landa eremuari erreferentzia egiten diotenean Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alkiza, Altzo, Amezketa, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Larraul, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain eta Orexako bataz bestekoaz ari dira.


TOLOSALDEKO GAIKAKO BILKETA, URTEZ URTE

2013. %43 (Sei hilabete eman ziren gaika biltzen).

2014. %62,8

2015. %60,44.

2016. %60, 64

2017. %62.

 

2018KO LEHEN HIRUHILEKOAREN GAIKAKO BILKETA

Alegia. %83,83 (2017an %81,87koa izan zen eta 2016an %84,10).

Ikaztegieta. %82,16 (2017an %79,06 eta 2016an %81,81).

Anoeta. %75,39 (2017an %72,24 eta 2016an %70,75).

Ibarra. %75,97 (2017an 74,81 eta 2016an %74, 15).

Irura. %61,90 (2017an %62,25 eta 2016an %70,16).

Tolosa. % 68,78 (2017an %70,65 eta 2016an 71,71).

Villabona. %79,09 (2017an %81,07 eta 2016an % 75,81).

Zizurkil. %65,03 (2017an %57,18 eta 2016an %60,98).

Landa eremua. %63,90 (2017an %57, 18 eta 2016an %58,58).

 

2018KO ARGAZKIA, HERRIZ HERRIKO BILKETA SISTEMA

Alegia eta Ikaztegieta. Organikoa, errefusa, ontzi arinak, papera, eta komertzioetako kartoia atez ate, eta beira iglu motako edukiontzietan.

Anoeta eta Zizurkil. Organikoa, errefusa eta komertzioetako kartoia atez ate; ontzi arinak eta papera edukiontzietan; eta beira iglu motako edukiontzietan.

Ibarra. Etxeetako organikoa eta errefusa txip bidez 18:00etatik 23:00etara irekitzen diren edukiontzietan eta jatetxe zein komertzioetakoa atez ate, errefusa astean behin bota daiteke; ontzi arinak eta papera edukiontzietan; beira iglu motako edukiontzietan; eta komertzioetako kartoia atez ate, astean zehar egunero.

Tolosa eta Irura. Organikoa, errefusa, ontzi arinak eta papera ixte sistemarik gabeko edukiontzietan; beira iglu motako edukiontzietan; eta komertzioetako kartoia puntu berezietan.

Villabona. Organikoa ixte sistema duten edukiontzietan; etxeetako errefusa itxitura sistema duten edukiontzietan eta komertzio zein jatetxeetan atez ate astean behin; ontzi arinak eta papera edukiontzi irekietan; beira iglu motako edukiontzietan; eta komertzioetako kartoia atez ate astean bitan.

Orendain. Organikoa, errefusa, papera-kartoia eta ontzi arinak atez ate; eta beira iglu motako edukiontzietan.

Landa eremuz. Organikoa auto eta auzo-konpostaren bidez; ontzi arinak eta papera edukiontzi irekietan; eta beira iglu motako edukiontzietan. Errefusa Adunan eta Belauntzan atez ate; Albiztur, Altzo, Amezketa, Baliarrain, Berastegi, Berrobi, Elduain, Gaztelu, Larraul, Leaburu-Txarama, Lizartza eta Orexan itxitura sistema duten edukiontzietan; eta Abaltzisketa, Alkiza, Asteasu eta Hernialden itxitura sistema gabeko edukiontzietan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!