Tolosana paper fabrikako langile bat amiantoagatik gaixotu izana onartu du Donostiako epaitegiak

Iñigo Terradillos 2018ko eka. 20a, 09:35

Joxe Mari Olamuzu ibartarra pleurako mesoteliomaren ondorioz hil zen 2016ko abenduaren 19an. Urte bereko maiatzean diagnostikatu zioten gaitza. Amiantoarekin jardunean aritzeagatik eratortzen den gaixotasuna izaki, lan gaixotasun moduan onartua izatea eskatu zuen, baina, ukatu egin zioten.

Tolosana paper fabrikan egiten zuen lan, mantenuan, eta Onkologikoaren txostenak bere gaixotasuna amiantoarekin zuzenean lotu zuen arren eta Osalanek amiantoarekin harremana izan zezaketen langileen zerrendan sartu zuen arren, Gizarte Segurantzak nahiz Asepeyo aseguru etxeak ez zuten bere lan jardunarekin lotzen.

Bada, Donostiako gizarte arloko hirugarren epaitegiak orain ebatzi du lan gaixotasuna zela berea. Bere borrokaren garaipena ikusterik ez du izan, ordea. Emazteak helegitea jarri zuen, eta epaitegiak ebatzi du bere gaixotasuna amiantoarekin lotutako lan gaixotasunen zerrendan dagoela, eta bai Osalanen txostenak, bai eta bere lankideen lekukotzak ere argi uzten dutela Tolosana paper fabrikan lanean aritu izanagatik kutsatu zela. Epaiaren ondorioz, alargunaren pentsioa eguneratuko da, kalte ordainak barne, eta aukera izango da enpresari kalte ordainak eskatzeko.

Asviamie Amiantoaren Biktimen Euskal Elkartearentzat epaia berri ona da, «amiantotik eratorritako lan gaixotasunak ezkutatzeko gizarte segurantzak eta aseguru etxeek duten asmoa apurtzen duelako». Elkartearen ustez, «arbuiagarria» da erakunde horien jarrera: «Amiantoaren aurkako neurriak betetzen ez dituzten enpresekiko malgutasuna dute, eta oztopoak jartzen dituzte lan gaixotasunak errekonozitzeko, biktimei epaitegietako bidea hartzera behartuz».

Joxe Mari Olamuzu ibartarrarena bezalako kasu asko direla Tolosaldean ohartarazi dute Asviamie elkartetik, «mekanikari asko baitago enpresa askotan mantenuan aritu direnak, eta, ziur gutxi edo asko amiantoarekin lan egin dutela». Elkartetik Osalanen zerrendan egoteak duen garrantzia azpimarratu dute, eta amiantoa manipulatu edo horrekin harremana izan zutenei egin diete deia: «Osasun arreta areagotzeko, gaixotasunak garaiz detektatzeko, lan gaixotasun moduan onartuak izateko eta dagokion kalte ordaina jasotzeko ezinbestekoa da zerrendan egotea».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!