«Osasuna ez dugu salgai jartzen lanera joatean»

Iñigo Terradillos 2018ko eka. 20a, 09:32

Jexux Uzkudun Hernaniko Orbegozon mekanikari aritu zen. Jendea gaixotzen eta hiltzen ikusi zuenean amiantoarekin lan egindakoen zerrendan sartu eta bere bizitzako borroka bilakatu du.

Amiantoaren ondorioak noiz hasten dira agertzen?

Gaixotasunak 25-50 urtera sortzen dira. Asvestosis delakoa esaterako, amiantoaren hautsa arnasteagatik biriketako gaixotasuna sortzen da, eta arnasteko zailtasun handiak edukiz amaitzen da. Pleurako mesotelioma eta peritoneo mesotelioma amiantotik soilik eratorritakoak dira. Gero, biriketako minbizia dago. Tabakoaren ondorioz sortutakoaren oso antzekoa da. Batzuetan orban batzuk agertzen dira, eta horrek bereizten du. Azken urteetan eztarriko minbizia eta obarioetakoa ere onartu da.

Osalanen zerrendan egoteak zer esan nahi du?

Orain urte batzuk zerrendan zeudenen kopurua 4.000 pertsonara ez zen iristen, eta gaur egun 8.500 baino gehiago daude. Froga modukoa da. Osalanek egiaztatzen du amiantoarekin lan egin duzula, zerrendan sartzen zara, eta ez duzu frogatzen egon beharrik amiantoarekin lan egin duzunik. Horregatik da hain garrantzitsua zerrenda horretan egotea.

Paper fabriketan lan egitearen kasua da ibartarrarena. Non gehiago egon zitekeen?

Kalderak eta ur beroa eta gasa doazen hodiek amiantoa zuen estalki bat zeramaten berotasuna ez galtzeko. Mantenuko langileez gain, elektrikariak ere kutsatu zitezkeen. Esaterako, kableak amiantoarekin estaltzen ziren. Mekanikari askok erabili ditugu amiantoa zuten guanteak. Amiantoa leku askotan zegoen, ez soilik teilatuetan uralita moduan, baizik eta aislante moduan material eta leku askotan.

Euskal Herrian beste zonalde batzuetan baino biktima gehiago daude.

Espainiako estatua kontuan hartzen badugu, ikusten da Bilbon biriketako minbiziarekin hildako kasu gehien dagoela. Tabakoaren eraginez sortutako minbizia bada ez du zentzu gehiegirik leku batean bestean baino askoz kasu gehiago egoteak. Bilbon industri jarduera handiagoa dagoelako da hori.

Zergatik da garrantzitsua lan gaixotasun moduan errekonozitzea?

Neurriak hartzeko. Lan munduan ezagutzen diren minbizia eragiten duten produktuak debekatuz, esaterako. Borondatea baldin badago erraza da. Borondate falta hori aldatu dadin, tamalez, epaitegien bidetik jo behar da, aldeko epaiak izan, eta enpresek kalte ordainak ordaindu behar dituztenean hasten dira neurriak hartzen. Enpresen argudioa izan da 80. hamarkadara arte inork ez zekiela amiantoa kaltegarria zenik. Bazen araudi bat, bereziki hautsa zegoen enpresentzat, neurtu egin behar zutena, ze hauts mota zen ikusteko, ondoren neurriak hartu. Inork ez zuen betetzen.

Zergatik?

Lan gaixotasunei ez zitzaien garrantzia ematen. Espainiako ministerioak egiten duen estatistikak erakusten du amiantoagatiko minbizia kasuak azken bost hilabetetan sei direla, eta asvestosisagatikoak, berriz, hemeretzi. Jende gehiena erretiro aurreratua hartua edo erretiratuta dagoenean gaixotzen da, jendeak ez du baja hartzen, beraz, ez dira estatistikan sartzen. Bestalde, Osakidetzako medikuak behartuta daude horrelako kasuren baten aurrean jakinarazpena egitera. Hori Osalanera iristen da. Osalanek ikerketa egiten du, eta ondoren aukera izaten da lan gaixotasuna errekonozitzeko.

Hori betetzen al da?

Mediku batzuek bai. Tolosan, esaterako, Asuncion klinika da okerrena. Interes pribatuak tarteko ez dute bat bera ere komunikatzen.

Zergatik ez dira neurriak hartzen?

Langileen ezjakintasuna dago, eta bestetik ondorioak luzerako izaten direnez enpresek ez diote garrantziarik ematen. Azterketak ondo eginez gero, amiantoaren arrastoak langile askotan nabarituko lirateke, baina, beste aldera begiratzen da. Osalanek orain urte gutxi egin zuen ikerketa batean azaldu zuen zenbat diru joaten zaion Osakidetzari lan gaixotasunengatik, berari ez dagozkionak ordainduta. Lan gaixotasun bat errekonozitu ondoren, pasa beharko litzaioke aseguruari edo gizarte segurantzari. Kudeaketa zintzoa egingo balitz ez litzateke gertatuko.

Hori zergatik gertatzen da?

Madrilgo politikoengatik aipatzen da ate lerragarrien kasua, baina hemen ere beste horrenbeste gertatzen da. Darpon orain euskal gobernuan dago eta bihar IMQn, eta lehen IMQtik etorri zen.

Ez da gehiegi hitz egiten lan gaixotasunei buruz.

Ez dute nahi, eta ahal badute estali egiten dute. Lan gaixotasun bat errekonozitzeko horren guztiaren, sistema guztiaren aurka borrokatu behar duzu.

Zer mezu zabalduko zenieke kutsatuta egon daitezkeenei?

Amiantoarekin lan egin duenaren ustea edo susmoa badu, Osalanen zerrendan sartzeko. Lanera joaten garenean osasuna ez dugu salgai jartzen, osasuna defendatu egin behar da. Kutsatutakoek ez dute erremediorik, egia da, baina, egin duten mina ordaindu behar dute erantzuleek. Horrela lortuko baitugu sekula gehiago horrelakorik ez gertatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!