Tolosaldea, zazpigarren ETEko lehen estropadan

Mikel Iraola 2018ko eka. 18a, 15:30

Emakumeen Traineruen Elkarteak antolatutako lehen estropada jokatu da asteburuan, nahiz eta ez den puntuagarria izan. Zazpigarren amaitu du eskualdeko ontziak, eta bere txanda irabazi du.

Hilabete luzetako lanaren ondoren, indarrak neurtu eta traineruaren maila non dagoen jakiteko garaia iritsi zaio Tolosaldeari. Asteburuan, sortu berria den ETEk antolatutako lehen estropada jokatu da Portugaleten. Denboraldiaurreko estropada izan da, ez baita puntuagarria izan, baina lehiaketaren erritmoan sartzen joateko balio izan die eskualdeko arraunlariei.

Zazpigarren izan dira, ia Donostiarraren pare. Lehen txandan hartu zuten parte, eta baita irabazi ere. Lea-Artibai, Lapurdi eta Colindres izan zituzten aurkari txanda horretan, eta bizkaitarrei 25 segundoko aldea atera zieten helmugan, eta minututik gorakoa beste biei.

Nagore Urdapilleta arraunlariak adierazi duenez, zailtasunak izan zituzten irteeran: «Uretara denboraz justu xamar sartu ginen, eta ondorioz, beroketa motz geratu zitzaigun. Nahiko hotz izan ginen. Irteerako unean, arazoak izan genituen korrientearen eta haizearen eraginez, eta zuzenketak egiten ari ginela eman zuten irteera. Nola edo hala irten ginen, eta segituan jarri ginen norabide egokian», azaldu du.

Zailtasunak izan arren, laugarren denborarik onena egin zuten ziabogan, San Juan, Deustu eta Orioren atzetik, bi segundora: 05:04,91. Ziaboga, ordea, zabaletik hartu, eta ondoko kaletik zihoan Colindresekin palak trabatu zituzten. Ondorioz, hiru segundoko penalizazioa jarri zieten azken denboran.

Hala ere, burua hotz mantendu zuten Tolosaldeko arraunlariek, eta lanean jarraitu zuten, gogor. Txanda irabazi arren, hurrengo bi txandetako denborak gehituta, zazpigarren amaitu zuten, Orio txapeldunarengandik 38 segundora. Bosgarren Hondarribia izan zen, eskualdeko arraunlariengandik zazpi segundora; Donostiarra, berriz, bi segundora izan zuten.

Emaitzarekin «oso gustura» daudela onartu du Urdapilletak: «Pozik gaude, baina aldi berean, badakigu gauza asko ditugula hobetzeko. Horretarako jarraituko dugu lanean, batik bat, amets hau betetzeko aukera eman diguten guztiei eskertzeko eta nondik gatozen erakusteko: herri eta ibai txiki batean lan eginez emaitza txukunak lor daitezkeela erakutsi nahi baitugu».

Hurrengo estropada, datorren larunbatean, hilak 23, jokatuko dute, Baionako uretan. Hau ere ez da puntuagarria izango; txapelketarako kontuan hartuko den lehen estropada hilaren 30ean jokatuko da, Sestaon.

SAILKAPENA

  1. Orio. 11:10,61
  2. San Juan. 11:13,14
  3. Deustu. 11:32,62
  4. Donostia Arraun Lagunak. 11:34,07
  5. Hondarribia. 11:42,23
  6. Donostiarra. 11:45,78
  7. Tolosaldea. 11:49,14
  8. Kaiku. 11:49,47
  9. Lea-Artibai. 12:11,93
  10. Hibaika. 12:16,84
  11. Lapurdi. 12:48,54
  12. Colindres. 13:15,95

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!