Ironia

Ekai Txapartegi 2018ko eka. 19a, 14:11

Lagunartean ironia erabiltzea inteligentea da, esan gabe esatea baimentzen digulako. Sozialki onartutakoaren mugak zabaltzen dizkigu ironiak. Oso ondo etortzen da, adibidez, zuzenean blaust askatu ezin daitezkeen egia deserosoak umorearen bitartez elkarrizketan sartu eta atsegin egiteko. Joanak bikain marrazten du egoera metafora honekin: ironia zera da hitzekin egindako atximurka txiki bat.

Hobeto komunikatzeko tresna ahaltsua da ironia. Umorearen eta kritika-asmoaren bitartez hizlariaren irismena luzatzen du. Baina horretaz gain, hizkuntzaren azpialdeak ere erakusten ditu ironiak. Hizkuntzak nola funtzionatzen duen aztertzeko ohikoa da ironia aztertzea. Izan ere, ironiak nahita bitan ebakitzen du hizkuntza, literalki esandakoa batetik eta adierazitakoa bestetik. Hizkuntzaren erabilera ez literal hori da ironiaren berezko ezaugarri bat, filosofiaren fokua erakartzen duena.

Ahaleginik gabe ateratzen zaigu ironia. Ahaleginik gabe ikasten dugu ironia erabiltzen. Baina horrek ez du esan nahi bere mekanika sinplea denik. Ironia fenomeno konplexua da, eta ez da mugatzen esan nahi denaren kontrakoa adieraztera. Ironia sortzeko esaldiari itzulia ematea ez da nahikoa. Zenbaitetan hizkuntza ere ez da beharrezkoa, egoera ironikoak ere gerta litezkeelako. Horregatik, ironiak nola funtzionatzen duen ulertzea, noiz eta zergatik darabilgun, galdera konplexuak dira, hizkuntzalari, filosofo eta adimen artifizialean aditu direnak aspalditik arakatu dituztenak. Joana aipatuz, ironia gauza serioa da. Akademian bederen.

Horretan aritu da Anoetako filosofoa eta azkenean bere proposamenak alorra astintzea lortu du. Ingelesez argitaratu berri duen liburu honekin bera ere erreferentzia bihurtu da. Orain arteko proposamen nagusiak bildu ditu, banan bana aztertu, euren artean erkatu eta adibideen suan probatu ditu. Bakoitzaren ahuleziak agerian jarri ondoren, bere proposamena egitera ausartu da. Eta nik behintzat argi daukat Joanaren proposamena aurrekoak baino sendoago dela, osoagoa eta intuitiboagoa delako.

Ironiak, aztergai gisa, Garmendia abizena darama orain. Ironia aztertu nahi duenak Joanaren liburutik pasa behar du nahitaez. Eta hori ez da lorpen makala. Ez da liburu bat argitaratzea, erreferentzia bihurtzeak dauka hemen meritua. Erreferentzia globala gainera, filosofiaren eta hizkuntzalaritzaren partida mundu mailan jokatzen delako. Ironia aztergai globala da eta euskaldunak, kultura hainbeste maite dugula esaten dugunak, hortxe jarri gara, Joanari esker, puntaren puntan.

Cambridge University Press editorialean gutako batek monografiko bat argitaratzea sekulako lorpena da. Kirolean norbaitek pareko zerbait lortuko balu albistegiak irekiko lituzke. Filosofiaren eta kulturaren alorra apalagoa da, ordea. Konformatuko ginateke liburu honek balioko balu gutxienez gazte euskaldunak filosofiara erakartzeko. Pentsatzea eta pentsamendua baliotzen duen herria izaten jarrai dezagun filosofo gazte gehiago behar ditugulako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!