«Komunikatzen dugu, hitzen bidez esaten duguna baino askoz gehiago»

Jon Miranda Labaien 2018ko eka. 18a, 21:02

Txipren ospatu berri den kongresu batetik bueltan hartu du Joana Garmendia Mujikak (Anoeta, 1978), TOLOSALDEKO ATARIA-rekin hitz egiteko beta. Nabari zaio komunikazioaren zirrikituak ikertzen ibili eta gero, baduela eskarmentua aztergai duen hori komunikatzeko.

Noiz eta non abiatu zenuen zure ibilbide akademikoa?

Filosofia ikasketak egin nituen EHUn, gero itzulpengintza masterra eta ILCLIk Euskaldunon Egunkariarekin batera antolatu zuen Hizkuntza, Informazioa eta Komunikazioa masterra egin nituen. Aldi berean doktoretza kurtsoarekin hasi nintzen. Filosofia analitikoan egin nuen, eta tesia, berriz, 2007ko urrian aurkeztu nuen: Ironiaren azterketa pragmatiko-kritikoa. Tesia egin nuen bitartean kanpoan egon nintzen eta bukatu ondoren Standfordera joan nintzen. Handik bueltan bi urtez ikertzaile bezala aritu nintzen ILCLI institutuan eta lau urte daramatzat unibertsitatean irakasle, Euskal Hizkuntza eta Komunikazio sailean. Ikertzen ere jarraitzen dut.

ILCLI zer da?

Ingelesez, Institute for Logic, Cognition, Language, and Information du izena. Diziplina arteko ikerketa institutu bat da. Han biltzen gara filosofian, psikologian, adimen artifizialean, matematikan, eta hizkuntzalaritzan aritzen garenak. Ikerketa alor diferenteetatik etorrita ere, gai batzuen inguruan ikerketa elkarrekin egiten dugu. Han egin nuen tesia eta han jarraitzen dut ikertzen. Kongresuak eta proiektuak antolatzen ditugu. ILCLIren barruan alor diferenteak daude, gogoaren filosofia, logika... eta gure atalean hizkuntza eta argudiatzea lantzen ditugu. Ni hizkuntza alorreko arduraduna naiz eta Gogoa aldizkaria publikatzen dugu. Hizkuntza, argudiatzea eta ezagutzari buruzko gaiak euskaraz lantzen dituen aldizkaria da eta bertan idazkari teknikoa naiz ni.

Ikerketaren arloan zein toki betetzen du euskarak?

Erabaki pertsonala da zein hizkuntzatan egiten duen norberak ikerketa. Egia da euskaraz ez dela ikerketa asko egiten edo gai batzuen inguruan, behintzat, gutxi. Jende askok publikatzeko beste hizkuntza bat hartu behar izaten du, askok gaztelaniara jotzen dute eta guk ILCLIn ingelesaren aldeko hautua egiten dugu. Nazioarte mailan egiten dugun guztia ingelesez egiten dugu, hori da gure apustua. Gure arteko harremanak, bai, euskaraz dira, eta saiatzen gara aldizkaria euskaraz ateratzen, euskaraz idazten... Ez bakarrik euskaraz eginda geratzen delako, euskara bera aberastu egiten delako, esapideak lantzen goazelako, terminologia ugaritu egiten delako. Filosofia egin daiteke euskaraz, arazorik gabe. Nahiko era naturalean egiten dugu guk, baina oro har egoera ez da oso ona. Alor batzuetan euskara zaindua lantzea asko kostatzen zaigu. Betiko erronka da.



Zuen arloan ikertu nahi duenak horretarako aukerarik izaten al du?

Nire ustez, unibertsitate mailan ikerketak garrantzi handiagoa izan beharko luke. Egitura espainola dauka EHUk eta ez dago kanpora oso irekia. Kanpoko eredu batzuk ekartzea ez da erraza izaten. ILCLI, esate baterako, Stanfordeko unibertsitatearen CSLI izeneko institutuan inspiratuta dago. Hangoa ikusi eta horrelako egitura bat sortzen saiatu ginen hemen. Helburua zen diziplina diferenteetako jendea gai batzuen inguruan ikerketa egiten jartzea ahalik eta maila puntakoenean. Baina ez da erraza, burokrazia izugarria baita.

Ikerketarako laguntzak asko murriztu ziren krisiaren aitzakiarekin eta humanitateen arloan bueltan ekartzea kostatzen ari zaie. Begiratu irakasleoi, adibidez; gure kontratuan ikertu egin behar dugula esaten zaigu baina hori egiteko baldintza egokirik ez dugu. Bi gauzak batera egitea ez da erraza izaten askotan. Guk batez ere proiektuekin funtzionatzen dugu, hiru edo sei urterakoak, diru laguntzak ematen zaizkigu eta diru horrekin kongresuetara joan eta gauzak antolatzen ditugu. Hala ere humanitateen arloan oso zaila da laguntzak lortzea. ILCLIn suertea dugu alde horretatik, talde indartsua dugulako.

Humanitateen arloa, pentsamendua, filosofia, baloratuta al daude gure gizartean?

Ez dakit gizartean, baina instituzioen eta unibertsitate mailan ez. Segur aski beste leku batzuetan hemen baino gehiago baloratuko dute, eta gutxiago ere bai beste batzuetan. Baina hemen zientzietara, esperimentaletara, arlo teknikoetara ohituago gaude. Egunkarietan irakurtzen dugu gauza teknikoetako proiektuak bultzatzen direla. Ez dut ukatzen horiek garrantzi handia dutenik, baina giza zientzietan egiten diren gauzek ere balore berdina beharko lukete.

Proiektuak lortzeko, baremo batzuk hartzen dituzte kontuan, eta nabarmen ikusten da besteen neurrira egindakoak direla. Gure lan egiteko era eta emaitzak ez dira berdinak, eta beraz, borroka handia egin behar izaten dugu. Lan asko egin eta oso argi eduki behar duzu zergatik, zertarako eta nola egin nahi duzun lan. Bestela errazkeriatan erortzeko arriskua dago.

Filosofoa zarela esango zenuke?

Ez. Filosofian doktorea naizela esatea nahiago dut. Platon zen filosofoa, ez ni. Psikologo edo ingeniari esaten da, baino filosofo hitza ez da erabiltzen. Ez dakit zergatik den, baina ez dugu horrela esateko ohiturarik. Nik filosofia egiten dut, baina ez nuke filosofo naizenik esango.

Hizkuntzaren filosofian espezializatu zara, pragmatikaren arloan.

Hizkuntza aztertzeko era oso diferenteak daude, ohituta gaude gramatikara, semantikara, sintaxira... Esan izan da pragmatikak hizkuntza testuinguruan aztertzen duela. Guk nahiago dugu esan, hizkuntza ekintza bezala aztertzen dugula. Alegia, hitzek esanahi bat dute, arau batzuk daude esaldiak sortzeko, hori guztia egia da. Baina hitz egiten dugunean, hori baino zerbait gehiago gertatzen da eta hori aztertzen saiatzen da pragmatika. Hitz batzuen esanahia jakinda, arau batzuk jakinda norbaitek esaten duen esaldi bat uler dezakegula dio hizkuntzaren teoria tradizionalak. Eta gehienetan ez da horrela izaten. Komunikatzen dugu, hitzen bidez esaten duguna baino askoz gehiago. Mekanismo hori aztertzen dugu, hiztunaren asmoa zein izan den eta entzuleak asmo hori nola igartzen duen. Prozesu horretan arreta jartzen dugu guk.

Eta ironia non sartzen da pragmatikaren barruan?

Pragmatikak hizkuntzaren erabilera guztiak aztertzen ditu eta fenomeno asko daude garrantzitsuak direnak. Ironia nahikoa kuttuna du pragmatikak. Gauza oso berezia da. Badirudi erabiltzen ditugun hitzek beste testuinguru batean izango luketen pisu bera ez dutela izaten ironikoki ari garenean. Hor gertatzen den fenomenoa berezia da.

Oraindik badago zer ikertua ironiaren inguruan?

Bai, asko gainera. Txipren egon berri naiz kongresu batean eta ironia aztertzen zuten hitzaldi asko egon da. Jende asko ari da horretan. Pragmatikaren teoria guztiek dute ironiarentzat azalpen bat. Eskola diferenteak daude eta gure artean ez gara ados jartzen. Paul H. Gricek 1967an atera zuen lehenengoa eta ordutik proposamen pila bat egon dira. Asko dago azaltzeko.

Zuk zergatik aukeratu zenuen ironia zure tesirako?

Standfordeko John Perry hizkuntzaren filosofoak eta Kepa Kortak pragmatikako teoria orokor bat proposatu zuten, Critical Pragmatics izenekoa. Nik egin nuena izan zen aplikatu teoria hori, ironia esplikatzeko. Filosofia analitikoaren barruan nahikoa doktorego orokorra zen egin nuena eta bide ezberdinak har nitzakeen, baina hizkuntzaren filosofia beti asko gustatu izan zait eta horri heldu nion. Kepa Kortak klaseak ematen zizkidan, gai batzuk jorratzen hasi nintzen berarekin eta gai bat aukeratzekotan ironiarena gai polita zela iruditzen zitzaigun, bide asko ematen zuena. Horrelaxe aukeratu genuen. Eta oso gustura segitzen dut. Oso gai emankorra da eta polita.

Ironikotzat duzu zure burua?

Jada ez dakit. Jendeak bere buruaz duen pertzepzioa ez dakit oso objektiboa ote den. Ironiari buruzko nire intuizioez ere askotan ez naiz fidatzen, teoria askorekin kutsatuta nagoelako. Ingurukoei galdetzen diet horrelakoetan. Adibide bakar batekin kateatzen gara askotan ikerlariok.

Ironia zer da?

Ironia ezberdinak daude. Situazio ironia, hitzezko ironia eta ironia dramatikoa dira bereizten diren nagusiak. Komunikazio barruan, hitzen bidez gertatzen den ironia aztertzen dut nik, beti nahitakoa izaten dena. Situazio ironia ez da nahitakoa. Duela urte batzuk gertatutako adibide bat dut hori azaltzeko: Turkian, LGTB mugimenduaren eskubideen defentsan manifestazio jendetsu bat egin zuten eta poliziak haien aurka kargatu zuen. Manifestazioa geldiarazi nahian, ur kanoiak botatzen hasi zen polizia eta eguraldi ona egiten zuenez, ur horrek ortzadar bat sortu zuen manifestazio gainean. Ironikoa izan zen egoera hori.

Ironia da, zerbait esan eta kontrakoa adieraztea. Hori da normalean ematen den definizioa eta jende gehienaren ikuspegia ere hori izaten da. Baina ez da beti horrela izaten. Beste gauza batzuk ere ironiko hartzen ditugu komunikazioaren barruan. Aristotelesek badu zerbait esana ironiari buruz, erretorikak landu du ironia, literatura kritikek ere bai, baina pragmatikan Grice izan zen lehena ironiari buruz idazten: bere arabera, ironian zerbait esango bagenu bezala egiten dugu, eta kontrakoa komunikatzen dugu. Berehala sortu zitzaizkion arazoak definizioarekin; badaude adibide batzuk non ez diren betetzen bere usteak. Hor hasten da korapiloa.

Ironiak lagunduta joan behar izaten du gorputz espresioarekin?

Ez, beti ez du lagunduta joan behar. Ironiaren inguruan auzi batzuk badaude oso potoloak direnak. Ironiaren arrastoak esaten zaio horri, edo nola komunikatzen dugun ironia. Esperimentalki ere aztertzen dute orain, ironikoki aritzean ahotsaren tonua aldatzen ote dugun edo imintziorik egiten ote dugun. Baino ironiak ez du beti horrekin lagunduta etorri behar.

Ironiak behar al du bere testuingurua?

Ez da zerbait kulturala. Ironia komunikazioan ematen den fenomeno orokor bat da. Hala ere, kultura guztietan ez dago berdin ikusia. Harreman handia du umorearekin eta umorea kultura guztietan ezberdina da. Ironiak, termino senide batzuk ditu eta ez dira berdin-berdin erabiltzen hizkuntza guztietan: ironia, sarkasmoa, parodia, zinismoa... Adibidez, orain AEBn guztiari sarkasmoa deitzen diote eta hori azken hamarkadetan eman den aldaketa izan da.

Berez, kulturartekoa da ironia, baina testuinguruak garrantzia handia du eta bi pertsonak elkar ezagutzen ez badute eta kultura partekatzen ez badute, are zailagoa da erabiltzen.

Umorea, ironiaren ezinbesteko osagaia da?

Ironia askotan umorearekin lotuta dago. Ironia kasu asko umoretsuak dira. Nik uste dut, ironiak oinarrizko dituen ezaugarri batzuk sortzen dutela askotan umorea, baino ez du zertan beti. Pentsatzen dut ironian beti dagoela talka bat eta kritika adierazpen bat.

Ironiko jaio, edo ikasi egiten da ironiko izaten?

Pertsonalitate kontua da neurri handian. Jende bat oso ironikoa da, beste jende bati ez zaio batere gustatzen, beste batzuei kosta egiten zaie ulertzea... Gauza berezia da. Hizkuntzaren figura ezberdinen ondoan jartzen dugu ironia, metaforarekin edo hiperbolearekin. Baino ez genuke esango inoiz pertsona bat oso metaforikoa denik metafora asko erabiltzen dituelako. Ez da soilik hizkuntza nola erabiltzen duzun, badirudi ironiarekin zure buruaz zerbait esaten duzula.

Umeak izan daitezke ironikoak?

Bospasei urterekin hasten gara ironiko izaten. Aurrena umeak literalki hitz egiten dute, gero hasten dira gezurra erabiltzen, umorea pixkanaka sartzen, eta beranduago dator ironia. Hor azterketa asko egiten dira: jakingo bagenu asmatzen zer ikasten duten umeek ironiko izaten hasten direnean, klabearekin emango genuke.

Zergatik gara ironikoak?

Nahikoa prozesu konplexua da ironia. Badirudi arrisku batzuk hartzen ditugula. Zuzenean zergatik ez esan? Ironikoki kritikak egiten ditugunean, arrastorik ez erabiltzea gustatzen zaigu gainera, sotilak izatea. Zergatik hortaz arrisku hori hartu? Esperimentu asko egin dira. Badirudi ironia bidez, nolabaiteko lotura intimoa lortzen dela entzulearekin. Esfortzu bat eskatzen diozu, zerbait inplizitua komunikatu diozu, horrek laguntzen du hizlaria eta entzulea lotzen, norbait kritikatze horrek ere badakar bat egite bat. Ironia bidez komunikatzen duzuna atzeman egin behar da. Ez dago erabat argi zer esan nahi duzun. Erabili dezakezu zerbait komunikatzeko baino airean zerbait utzita. Kritikak egiteko era ona izan daiteke, zuzenean aurpegira bota gabe. Entzuleak harrapa dezala zuk esandakoa nahi duen puntura arte. Entzuleari ere erantzuteko bidea errazten diozula suposatzen da.

Koldarra da ironia erabiltzea?

Ez du zertan. Sozialki garrantzitsua da ikustea nola egiten ditugun kritikak, nola adierazten ditugun gauzak. Umorea ere sor daiteke. Erabilgarria dela uste dut. Ironia bidez kritikatzen dena, ironia gabe kritikatzen dena baino gogorragoa iruditzen zaie batzuei eta beste batzuei justu kontrakoa. Bi aldetako emaitzak eman dituzte ikerketek eta orain berriz ari dira arlo horretan esperimentuak egiten. Nik defendatu dut ezetz, ironia bidez komunikatzen denak ez duela horrelako inpakturik entzulearengan, zeharka doalako, ez delako esplizitua eta umorea ere baduelako.

Zuk zure proposamena egin nahi izan diozu ironiaren ikerketari.

Grice eta gero, teoria ezberdinak aurkezten hasi ziren eta gaur egun bi talde nagusi bereizten dira: oihartzunezko teoria eta antzezpenaren teoria. Gricen oinarritzen naiz ni eta nire planteamenduan bere proposamenak dituen arazoak konpontzen saiatzen naiz pragmatika kritikoa erabilita, proposamen garatuago bat egiteko: asif theory deitu diot.

Nola defendatuko zenuke zure proposamena?

Gricen ildotik doa. Hiztun batek ironiko izan nahi duenean, egiten du zerbait esango balu bezala eta komunikatzen du zerbait, ez kontrakoa, baizik eta diferentea. Eta nire ustez, ironiaren bereizgarri bat da komunikatzen den horretan, beti dagoela jarrera negatibo bat. Gehienek esaten dute, normalean jarrera hori negatiboa izaten dela, baina batzuetan positiboa ere izan daitekeela. Eta nik beti negatiboa dela defendatzen dut, baita positiboa dela ematen duenean ere. Nire ustez, ironiaren arrastoei ez zaie behar baino garrantzia gehiago eman eta arrasto horiek definizio barruan sartzen ditut. Beste teoriak, oihartzunarena edo antzezpenarena, arrasto direla defendatzen dut.

Zergatik diozu beti dagoela zerbait negatiboa ironian?

Kritikoa esango nuke. Negatiboa ez da ulertu behar beti bortitza, gogorra edo mina bezala. Izan daiteke zerbaiti buruz kexatzea. Edo norbaiti adarra jotzea.

Urte guzti hauetan eutsi diozu zure teoriari?

2007an nire tesian proposatu nuen eta ordutik defendatu dut, askotan nire buruari kontra egiten ere bai.

Pragmatikaren arloan zer nolako onarpena du zure proposamenak?

Ni bezala, neo-gricearra da jende asko eta teoria horretara moldatzen saiatzen dira. Ados gaude gauza batzuetan eta beste batzuetan ez. Konbentzitu ere egiten diogu elkarri eta argumentu berrien bila aritzen gara beti.

Non ematen dituzue eztabaida horiek guztiak?

Gehienbat publikazioetan eta kongresuetan. Batzuk elkar ezagutzen dugu eta elkarrekin harremanetan gaude. Aldizkari espezializatuak daude nazioarte mailan eta pragmatikari buruzkoak dira horietako batzuk. Bertan publikatzen ditugu gure ikerketak.

Orain Cambridgeko unibertsitatearekin ironiari buruzko monografikoa idatzi duzu. Nola deitu zintuzten horretarako?

Cambridgeko unibertsitatean alor diferenteak daude eta pragmatikaren barruan badu atal bat Key topics in semantics and pragmatics izenekoa. Gai inportante bakoitzeko monografikoa ateratzen dute eta orain arte, atera dituzte, esate baterako, umoreari buruzkoa eta galdekatzeari buruzkoa... Pertsona batek izaten du ardura gai horri buruzko panoramika egiteko. Ironiari buruzko liburua egin nahi zuten eta niri idatzi zidaten ea proposamen bat egingo ote nien. Niri ez litzaidake okurritu ere egingo hara hots egitea. Ez dakit, nondik nora, nonbaiten ikusiko zuten banabilela gai hauekin eta deitu egin zidaten.

Zenbat denbora eman duzu liburua osatzen?

Hasieratik bukaera arte, ia lau urte. Idazten hiru bat, eta gero zuzendu, adituek irakurri, gomendioak ikusi, kritikak barneratu, beste denbora puska bat joan da horretan. Edizio prozesua ere oso luzea izan da. Estilo eta hizkuntza aldetik begiratu dute, azken detailea ere zainduz. Prozesu luzea izan da, baina oso polita.

Zeinengan pentsatuta dago liburua?

Ikerketa egiten hasten den pertsona batengan pentsatzeko esan zidaten liburua idazterakoan. Alegia, gai hauen ezagutza orokorra baduena, espezializatzeko asmoa duena, baina ez puntako espezialista bat. Gure artikuluak bakarrik interesatzen zaizkie, horretan buru-belarri ari direnei, oso muturrekoak eta zehatzak direlako. Liburu hau oso teknikoa da, ikerketa mailakoa da, baina lagundu behar dio horretan ari den norbaiti ironiaren pragmatikan sartzen.

Saiatu naiz, ahal den neurrian pedagogikoa egiten. Kapitulu bakoitzaren hasieran sarrera dago, amaieran beti ondorioak daude, laburpenak, erreferentzia gomendioak, adibideak eta ariketak ere sartu ditut. Liburu teknikoa da, akademikoa eta espezializatua. Ikuspegi hori zabaltzen saiatu naiz eta bista altxatzeko aukera eman dit. Niri asko balio izan dit urte asko baitaramatzat erreferentzia berdinekin, eta puntu berdinetan arreta jartzen. Gelditu, begiratu, gauza klasikoak beste patxada batekin irakurri, ikusi, beste buelta bat eman. Idazteko modua ere diferentea da, goxoago idazten saiatu naiz, beste erritmo batekin.

Zer suposatu du zuretzat liburu hau publikatzeak?

Nire ibilbidean oso pauso garrantzitsua izan da, oso inportantea. Poztekoa da hori egiteko aukera niri eman izana.

Apartekoa izan da zuretzat Cambridgeko unibertsitatearekin publikatzea?

Niretzako lorpen handia da. Poz-pozik nago. Akademia barruan bada pauso inportante bat, baina ez da aparteko gauza bat. Kasu honetan, ez dut bereziki nire teorian sakontzeko aukera izan eta nabarmentasuna ematekotan horrek ematen du, gai jakin batean oso espezializatuta egon eta proposamen berriak egiteak.

Aurkezpena ere egin zenuen Anoetan.

Ez nuen nik pentsatu ezta erabaki ere. Txaplata pixka bat eman dut liburua idazterakoan, nire ingurukoak aztoratu ditut. Badakit ez dutela liburua irakurriko edo ez zaiela interesatuko, baino badute behintzat interesa. Horregatik, familiakoek, kuadrillakoek, lagunek-eta pentsatu zuten aurkezpen bat antolatzea haiei liburua esplikatzeko. Gero luntxa eta festa egin genuen, ospatzeko. Ederra izan zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!