Europako neurriak lurperatuz

Tolosaldeko Ataria 2018ko eka. 10a, 08:59
Eskualdeko 13 herri batu dira oraingoz, Nirea programara.

2015ean Milango Ituna eman zen. Food Smart Cities For Development europar proiektuaren barruan garatu zen itun hori. Hirietako Elikadura Gobernantzaren aldeko, elikadura sistema jasangarri, barneratzaile, seguru eta dibertsifikatuak garatzeko ildo estrategikoak, ekintza eta praktika egokiak jasotzen ditu. Helburua elikagai politika integralak eta koherenteak bultzatzea da, garapen jasangarria eta aldaketa klimatikoa oinarri hartuz.

Jan Tolosaldea ez da ezerezetik sortu, Europa mailan hainbat pauso eman dira jada elikadura sistema jasangarri eta barneratzailea sustatzeko eta horiek, zein Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan emandako arauak hartu ditu Tolomendik, plan estrategikoa diseinatzeko.

2016an Nazio Batuen Garapen Jasangarriaren Helburuak zehaztu ziren. Garapen Iraunkorrari buruzko 2015eko Mundu Gailurrean, NBEko Estatu Kideek Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda onartu zuten, pobrezia desagerrarazteko, planeta babesteko eta pertsona guztiei oparotasuna bermatzeko xedez. 17 helburu eta 169 xede ditu, baita aitorpen politiko bat ere. 2016-2030 aldirako, nazioarteko garapen-agenda nagusia da, eta erreleboa hartu die 2000. urteaz geroztik indarrean ziren Milurteko 18 Garapen Helburuei. Gainera, unibertsala da eta, horregatik, herrialde guztietan aplika daiteke, «garatuak» deiturikoak barne. Garapen Iraunkorreko 17 Helburuek pobrezia desagerrarazteko, eta desberdintasunak eta urrakortasunak murrizteko mundu mailako tresna izan nahi dute, giza garapen iraunkorraren paradigmapean. Horregatik, iraunkortasunaren aldagaia txertatu du giza garapenean.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Elikadura eta Gastronomiaren Plan Estrategikoa ere hartu dute kontuan. 2017ko plana da eta gastronomia eta elikadura bultzatzeko, sustatzeko eta garatzeko asmoa du, bertako ekonomiarako sektore estrategikoa diren heinean. Izan ere, enplegu eta jarduera ekonomikoa sortu ditzakete eta gastronomiaren ondare kulturala eta baliabide naturalak eta paisajistikoak kontserbatu.

2014ko Nirea Akordioak ere berebiziko garrantzia du. Eskualdeko 13 herrik iaz egin zuten bat.

Lankidetza publiko-pribatuko programa bat da, lehen sektorearen sustapena eta Landa eta Itsasertzaren Biziberritzea azken helburu duena, eta Euskadiko lehen sektorea eta landa eta itsasertzeko ingurunea osatzen duten pertsonak protagonista dituena. Aipatzekoa da ere Euskadiko Elikadura Osasungarrirako Ekimen Programa. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak abian du 2013-2020 epealdirako Osasun Plana. Hor eragiten du ekimen programak. Elikadura osasungarria denon eskura izateko, eskuragarri egotea eragozten duten traba estrukturalen gaineko esku hartzeak jorratzeko, informazioa emateko eta pertsonen jarrerak aldatzeko ekintzak garatu nahi ditu. Elikaduraren bitartez osasuna sustatuko duen ingurunea ezartzean datza.

Landa Garapen Programa

Plangintza estrategikorako eta kudeaketa iraunkorrerako tresna ere badu Tolomendik, Landa Garapen Programa. 2015-2020 epealdia du eta Euskadiko landa-ingurunearen garapenerako 10/1998 Legean (lurraldeko funtzio-aniztasuna eta oreka zaintzeko sortua) du jatorria.

Eskualdeko landa-ingurunearen antolamendua eta kudeaketa iraunkorra egiteko tresna da LGP agiria. Asmo hori burutzeko, ezinbestekoa da tartean diren eragile guztien inplikazioa eta konpromisoa, egun dauden baliabideak egoki erabiltzea, eta eskualdearen garapen integralik onena bermatzera bideratutako estrategia eta ekimen zehatzak lantzea.

2020rako ikuspegiak, etorkizunean eskualdeko landa-eremua zer izatea nahi dugun islatzen duen agertokia adierazten du. Ikuspegiari lotutako helburu orokorrak, ikuspegiaren elementuei lotutako helburu nagusiak dira: Baserri iraunkorrak, herri iraunkorretan.

Arlo estrategikoei dagokionez, 2015-2020 aldian zehar garatu beharreko lan ildoak biltzen dituzten arloak finkatu zituzten. Hau da, ekonomikoki bideragarriak diren baserriak; ingurunearekiko errespetuzkoak diren baserriak; sozialki iraunkorrak diren baserriak; elikaduran ahalik eta burujabeenak diren herriak; energian autonomi maila handiagoa duten herriak; ekonomia lokalean oinarritutako herriak; mugikortasun iraunkorrean oinarritutako gizartea; sortzen den zaborraren kudeaketa iraunkorra duten herriak; eta herritarren bizi kalitate duina bermatzen duten herriak.

Hori baita Jan Tolosaldea, eskualdeko landa garapen estrategiak barnebiltzen dituen helburu eta estrategikoak oinarri dituen plan zabala. Horregatik ditu jomugan eskualdeko elikadura sistemaren eraldaketa ematen laguntzea, eta eragile anitzekin batera elkarlanean baserri iraunkorrak, herri iraunkorretan sortzeko.

Erlazionatuak

Elikadura sistema oinarri

Rebeka Calvo Gonzalez 2018 eka 10 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!