Elikadura sistema oinarri

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko eka. 10a, 09:14

Bada Tolosaldeko garapen ekonomiko, sozial eta ingurugirokoa sustatzeko modu bat: Jan Tolosaldea. «Eskualdeko garapena sustatzeko modurik zuzenena da. Kontsumitzailea eta ekoizlea daude mutur bietan, baina tartean dauden eragile edo aktore guztiak ere barnebiltzen ditu; banaketa, komertzioa, ostalaritza...», esan du Tolomendiko Iker Karrerak.

Jan Tolosaldea egitasmoa beraz, eskualde mailako estrategia ireki bat da, non elikadura sistema osatzen duten eragile guztiak hartzen diren kontuan. 2017ko udazkenean jarri zuen lehen mugarria; Jan Tolosaldeak eta Nirea Konpromisoak bat egin zuten Tolosaldean, eskualdeko 13 udalerriren atxikimenduarekin. «Udal horiek jarrera bat erakutsi dute eta konpromiso bat hartu dute ekimena aurrera eraman eta sustatzeko, bai ekintza orokorrei dagokienez eta baita ekintza zehatzekin ere», gaineratu du.

Jan Tolosaldeak «elikadura ona» du oinarri. «Elikadura ona kontzeptuan guk ulertzen duguna da elikadura ona izateko ez dela bakarrik zaporetsua edo jateko ona izan behar, harago joan behar da. Ekoizpen modu egokien bidez ekoiztua izango da; lanean ari direnen duintasuna mantenduko duena; aspektu sozial, ekonomiko, kultural eta ingurumenarena kontuan hartuko dituena; 0 Kilometroa kontzeptuari lotuta egongo dena...», esan du Karrerak. Elikadura sistema jasangarria eta iraunkorra helburu duen egitasmo partekatua da, eta eskualdeko garapenean eragiteko modurik zuzenena da.



Eskualdea sustatzea

«Segun eta zer jaten den eta jaten den hori nola ekoizten den, bertakoa sustatuz, eskualdea sustatzen ari gara. Eskualdeko garapen ekonomiko, sozial eta inguruarekikoa sustatzeko modurik zuzenena eskualdeko produktuak kontsumitzea da. Bertakoa kontsumitzeak esanahi asko ditu. Gu lehen sektorean zentratzen gara, baina beste sektoreetara ere eramangarria da diskurtsoa ekonomia zirkularraren barruan», esan du Karrerak.

Jan Tolosaldearen garapena erakundeetatik hasi dute eta 13 udalerrik eman dute jada, urratsa, baina Tolomendiren nahia hori zabaltzea da. «Azpimarratu behar dira elikadura sistema horretan eragile ugari daudela. Sistema horretan dauden agenteen aniztasuna handia da. Lehen pausoak emanda daude, udalekin, baina agente asko dago eta lanketak elkarrekin aritzeko bide eman behar du. Egitasmoak aurrera egin ahala sare hori osatzea da helburua», azaldu du Tolomendiko Ainhoa Zabalak. Bertakoa sustatzeko kezka edo nahi hori badago eta, eta ez bakarrik eskualdean, baita nazioarte mailan ere, hainbat pauso eman dira bide horretan: Milango Ituna 2015ean eta Nazio Batuen Garapen Jasangarriaren Helburuak 2016an, esaterako. Eta EAE mailan 2017ko Eusko Jaurlaritzaren Elikadura eta Gastronomiaren Plan Estrategikoa eta aurtengo Euskadiko Elikadura Osasungarrirako Ekimena Programa aipatu behar dira. Ekimena Tolomendik garatutako eskualdeko Landa Garapen Programa 2015-2020 plangintzaren barruan ere kokatu behar da. Hau da etorkizunean eskualdeko landa eremua zer izatea nahi den islatzen duen programa, non Baserri iraunkorrak, herri iraunkorretan den leloa.

Batera

Bertako produktuen kontsumoa, bertako paisaia eta bertako landa eremua sustatzeko kezka zabalduta dago Tolosaldean. «Herri bakoitza bere aldetik ari da ekimena garatzen, eta hauekin koordinatu eta modu bateratuan lan egitea bilatu nahi izan dugu. Eta erantzun horrek oinarri sendo batzuk izatea nahi genuen. Europa mailan elikaduraren inguruan garatzen ari diren elikadura politikak, eta estrategia hori gurera ekarri eta bertatik ekintza zehatzen bidez gauzatu nahi dugu. Horixe da Jan Tolosaldea», esan du Iker Karrerak.

Ekintza Plana

Helburuak zehaztuta Ekintza Plana ere diseinatu da Tolomendin eragileekin batera. Beharrak udalekin batera identifikatu eta egituratu ostean gauzatu da plana.

Horiek horrela, urteak dira Tolosaldeko baserritarren azoken dinamizazio eta garapenean dihardutela. Tolosa edo Villabonako asteroko baserritarren azoketan lanean dihardute. Azken urteetan, batez ere udazkenean, herri txikietan azoka bereziak egiten dira. «Azoka horiekin badago herritarren eta baserri munduaren gerturatze bat emateko ahalegina, ona dena, baina badago folklorizaziorako arriskua ere», esan du Karrerak. Azoka berezi horiek herriguneetako biztanleen eta baserri munduaren arteko zubi lana egiteko baliagarriak badira ere, harago joan behar dela uste du Tolomendik: «Indargune garrantzitsuak dira, hauetan eragin nahi da lanketa sakonagoa eginez eta aipatutako helburuak betetze aldera».

Bestetik, eta herrietako ekitaldiekin lotuta, kultur asteak edota aipatutako azoka bereziak bezala, dibulgazio eta sentsibilitate ekitaldiak antolatzearen beharraz ere ohartarazi du Tolomendik, horretarako eragileen elkarlana nabarmenduz. «Azoka berezien testuinguruan postuak jartzen dira, baina bilatu nahi dugu modu bat egun horietan lantzen den horrekin lanketa berezi bat egiteko. Testuinguru horiek erabili nahi dira sentsibilizazioa lantzeko tailer, hitzaldi edo jardunaldien bidez. Baserritarren produktuak eta lanaren erakustaldi horiek egun bateko saiakeraz harago joateko eta horren inguruan lanketa bat egiteko. Eragileen arteko elkarlan hori sartzen da hor; udalak, tokiko elkarteak, eragileak, ostalaritza... Saretze helburu horretan beste eragileengana gerturatu nahi da, kontzientzia dutenak edo zerbait egiteko gogoa dutenak gerturatu eta dinamika honetan barneratu daitezen», esan du Tolomendiko Karrerak.

Beste ekintzetako bat da eskualdean bertan ekoizten den hori bistaratzea. «Bertako baserriko produktuez hitz egiterakoan ekoizten den hori bistaratzea nahi dugu. Jendeak jakin dezan zer ekoizten den eskualdean, zeinek zer ekoizten duen... ezezagutza handia dago maila horretan».

Udalekin erosketa publikoari dagokion gaia lantzea garrantzitsua da landa garapenaren ikuspegitik. Zenbait gauza egiten dira jada, baina harago joan behar dela dio Tolomendik. Helburua da udalek urtean zehar egiten diren erosketetan baserriko produktuak eta bertako elikagaien ohiko erabilpena barneratzea, bai jangela kolektiboetan, eta baita herri bazkari zein dastatzeetan ere.

Ordenantza batzuen bidez bertako produktuen erabilera lehenesteko neurriak edota protokoloak landu nahi dira. Azken puntu horri lotuta eta ostalaritzan bertako produktuak indartzeko nahi horrekin lotuta, herriko ostatuen gaia lantzen hasiak dira jada: «Herri askotan daude udalarenak diren ostatuak eta hor modu aparteko batean eragin nahi dugu. Horietan pleguetan-eta bertako produktuen erabilera, bistaratzea eta ezagutza barneratzea nahi dugu. Gure ustez herriko ostatuei zentzu bat emateko aukera bat irekitzen du horrek. Bertako produktuetan oinarritutako eskaintza izan daiteke ostatuen indargunea». Ostalaritzan baserriko produktuen areagotzea edo indartzea ere aipatzen du Tolomendik.

Eskualdeko proiektu irekia da, hau da, interesa edo sentsibilizazioa duen orok parte hartu eta ekarpenak egiteko aukera duela azpimarratu dute Karrerak eta Zabalak.

Jan Tolosaldearen helburu orokorrak

Tolosaldeko Elikadura Onaren Plangintzak helburu zehatzak ditu. Landa ingurunea babestea, elikadura babesteko, Tolosaldeko elikadura sistema eraldatzeko saiakera xumea baina irmoa abiatzea, bertako elikagai ekoizleentzat merkatuak gehitzea, elikadura sisteman parte hartzen duten eragile desberdinen elkarlana, egituraketa eta antolaketak bultzatu, bertako elikagaiak garatzeko eta bultzatzeko oinarrizko azpiegiturak sortu edo egokitzea eta elikadura dibertsitatea babestea, euskal kulturaren osagai garrantzitsu bezala. Helburu horiek jada Tolomendik bere helburu estrategikoen artean zituen helburuekin egiten dute bat, «horiei eragiteko eta erantzuteko» modu bezala. Jan Tolosaldeak hortaz, «gure plan estrategikoarekin bat egiten du, bete-betean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!