Giza katea 2018

«Giza katean denok dugu lekua, piztuta dauden aldarri guztien muinean hori baitago, erabakimena»

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko eka. 4a, 11:02

Jone Amonarriz (Tolosa, 1993) Gure Esku Dago mugimenduaren bozeramaileetako bat da. Ekainaren 10eko giza katera begira dago, lanez lepo. Badaki giza katea arrakastatsua izango dela, baina guztia lotzea dagokio lantaldeari orain, horregatik eskatu dute izena lehenbailehen emateko.

Herri gehienetan jarri dituzte izena emateko mahaiak eta Tolosan denda ere ireki dute Agintari kaleko 5. zenbakian, eta egunero dago zabalik 18:00etatik 20:30era. Amonarrizek, dena den, Herritarron Itunean jarri du azpimarra, «arrazoi zehatzak biltzen ditu eta oso ariketa berezia izan da, orain arte egin ez dena».

Donostia, Bilbo eta Gasteiz batuko dituen giza katearen atarian gaude. Zergatik aukeratu dituzue hiriburuak?

Aurtengo mobilizazioa diseinatzen hasi ginenean bi helburu nagusi genituen; herritarrok gure erabakiguneekin bat egitea eta jende gehien bizi diren eremuetara ere iristea. Bi helburu betetzen dituen ibilbidea diseinatu dugu eta EAEko erabakigunea jarri genuen bukaerako gune bezala. Hasiera batean helburua zen ekimen berezia hiru erabakiguneetan egitea, baina Gure Esku Dago behetik gorako dinamika bat da eta tokian toki hartutako erabakietatik dator giza katearen ibilbidearen eta bukaerako gunearen aukeraketa. Dena den, giza katea pasatzen ez den gainerako lurraldeetako kideek ere parte hartuko dute, giza katea ekimen nazionala da eta euskal herritar guztien parte hartzea bilatzen du, horregatik bereziki egiten diegu dei giza katea pasako ez den herrietako herritarrei ere, mugarri bat jartzera goazelako eta mugarri horrek, nolabait, epe luzeagoan edo laburragoan bere fruituak emango dituelako gainerako lekuetan ere. Mobilizazioa Legebiltzarrean bukatuko da, baina igandea izanda itxita egongo da, beraz, segur aski hurrengo astean entregatuko dugu Herritarron Ituna Gasteizko Legebiltzarrean eta baita Nafarroako Parlamentuan eta Ipar Euskal Herrian ere, bertan ere bagabiltza eta gainerako eragileekin lanketa hori egiten ari gara.

2019. urtea mugarri dela diozue, zergatik?

Hainbat arrazoirengatik diogu ziklo berri bat irekiko dela 2019an. Gaur gaurkoz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan martxan da erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida politikoa eta giza kateak badu bere helburuen artean herritarrok adieraztea benetan zein garrantzia ematen diogun erabakitzeko eskubideari. 2019ari begira gure helburua da erabakitzeko eskubidearen aldeko herri itun bat sustatzea. Hori ezin du GEDk bakarrik egin, baina sustatu dezake, adostasun horiek emateko pausoak ematen lagundu dezake. Herri itun hori Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta bestelako guztiak elkartuta egingo da, adostasunak bilduz; erabakitzeko eskubidea noiz, nola eta zeren inguruan erabakiko eta gauzatuko dugun adosteko unea izango da. Herritarron Ituna horixe da, herritarren erabakitzeko eskubidearen inguruan emandako 2.019 arrazoiak. Gertu gabiltza, 2.000tik oso gertu gaude jada.

2.019 arrazoi, eskuz esku eta herriz herri, horiek ere.

Herritarrenak dira, benetako arrazoiak dira, herriz herri egin dira dinamika parte hartzaileak, ate asko jo dira... Ekainaren 10a aldarri desberdinen topaleku ere izango da, hau da, erabakitzeko gure arrazoiak plazaratzeko gune bat izango da, eta horregatik izango da giza kate koloretsu bat. Hainbat eragilerekin ari gara horretarako; mugimendu feministarekin, pentsiodunekin, sindikatuekin... Giza katean denok dugu lekua, piztuta dauden aldarri horien muinean erabakimena baitago, eta horregatik diogu bakoitzak bere arrazoiak baditu ere, guztiok dugula zoru komun hori.

2014ko giza katea mugarri izan zen, 150.000 pertsona bildu ziren, eta erronka orain, harago eraman duzue.

Ahazten zaigu, baina aurten 75 bat kilometro gehiagoko ibilbidea diseinatu da, ia-ia bikoitza. Erronka handia da. Gure Esku Dagotik uste dugu urte hauetako ibilbidea ikusita, gai izan beharko ginatekeela erronkari heltzeko eta lehertzeko; egin ditugun galdeketa guztiak, eman den prozesu guztia, konplizitateak... horrek emaitza bat eman behar du. Eta iruditzen zaigu oraingoan badela momentua erakusteko herri honek erabakitzeko duen eskubide hori, eta ez hori bakarrik, baizik eta milaka arrazoi ditugula hori gauzatzeko, milaka eta milaka herritar gaudela hori aldarrikatzen. Horregatik da garrantzitsua guretzat erabakitzeko eskubidea ahalik eta esparrurik zabalenetara eramatea, eta esparru zabal horiek hiriguneetan daude. Lanketa berezi bat egin da, eta giza katea hiriburuetatik pasatzeak ere etorkizunera begira bere fruituak emango dituela espero dugu.

2014an Etxarri Aranatzen eta Arrankudiagan egindako herri galdeketen lekukoa hartu eta ordutik 203 udalerritan egin dituzue, ia 200.000 lagunen parte hartzearekin. Mugimendu guzti hori ere beharrezkoa izango da giza katean eman nahi den jauzian, ezta?

Guztia lotuta dago eta guztia da osagarri. Lan ildo guztiak dira beharrezko. Tolosaldean adibidez, galdeketak oso sentsazio ona utzi zuen. Jendea zenbakiekin geratzen da bakarrik, baina dena da garrantzitsua; 2014ko giza katean eskualdetik 6.000 bat lagun joan ginen eta galdeketetan 12.000 bat pertsonek hartu zuten parte, eta giza katea arrakastatsutzat jo bazen ere, herri galdeketan zalantzak sortu ziren. Baina kontuan hartu behar da zein epe motzetan eman den jauzia. Urte gutxi dituen mugimendu batek bizpairu urtetan kopuru hori bikoiztea lortu du, horregatik diogu hau prozesu luze bat dela eta pausoak ematen joan behar dugula pixkanaka.

2019an ziklo bat itxiko dela diozue, eta zer gertatuko da Gure Esku Dagorekin?

Gure Esku Dagok bost urteko ibilbidea borobildu nahi du, baina horrek ez du esan nahi Gure Esku Dago desagertuko denik, hori aurrerago erabakiko da bazkideen batzar nagusi batean edo dena delakoan. Egia da 2018a eta gero Gure Esku Dagoren papera birplanteatzea tokatuko dela, izan ere, kontuan hartu behar da hauteskunde ziklo batean sartuko garela eta Gure Esku Dagorentzat hori ez dela testuingururik egokiena aurrera egiteko. Hausnarketa fase bat irekiko dugu tarte horretan, eta bitartean abenduko Donostiako eta Irungo galdeketak izango dira. Aurreikusita dago ere 2018 bukaeran Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan galdeketen ildoari amaiera ematea, eta espero dugu giza kateak ere horretan lagunduko duela.

Tolosaldean 4.500 pertsona mobilizatzea da erronka eta guztia prestatu ahal izateko izena lehenbailehen ematea eskatu duzue.

202 kilometro dira, 1.200 autobus inguru aurreikusten dira errepideetan... eta horrek guztiak lanketa bat eskatzen du. Guk badakigu ekainaren 10a arrakastatsua izango dela, giza katea etenik gabe beteko dugula... seguru gaude, baina dena behar bezala antolatzeko aldez aurreko lana egin behar dugu, eta horregatik da garrantzitsua izena lehenbailehen ematea. Tolosaldeari 9 kilometro dagozkio Elgoibar eta Mendaro artean. Autobusetan izena ematea oso garrantzitsua da, autobusean joanda bermatu dezakegu parte hartzaile bakoitza dagokion kilometroan egongo dela. Noski egongo dira autoz joaten direnentzat aparkalekuak eta abar, baina horiek non geratuko diren ez dakigu eta beharbada, urruti izango da. Tolosaren kasuan autobuserako bi aukera egongo dira Tolosatik kilometrora joan eta Tolosara bueltatuko dena, eta Donostiako Alde Zaharrera joango dena, bertan jai giroa egongo baita. Gainerako herrietan herri bakoitzak aukeratu du zein autobus aukera eskaini.

Eta ekainaren 11n zer?

Bakoitzari egokituko zaio hausnartzea zer egitera iritsi garen, espero dugu irakinaldi bat izango dela eta giza katean lehertuko dela. Eta hortik aurrera zer egin erabaki beharko dugu. Mobilizazio jendetsu bat eta gero garrantzitsua da hori horretan ez geratzea eta epe motzeko perspektiba batean pausoak ematen jarraitzea. Kataluniarrek askotan esan digute garrantzitsua dela herritarrek ikustea mobilizazioek eragin bat dutela jarritako helburuetan. Momentuz hori da itxaropena, hau da, herri bat garela erakustea tokatzen zaigu, eta egin genezakeela.

Erlazionatuak

Zikloa itxi, berria irekitzeko

Rebeka Calvo Gonzalez 2018 eka 03 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!