Bertan, entregatuko baitituzte herritarrek eskualdeka antolatuta Herritarron Ituna osatzeko bildu dituzten 2.019 arrazoiak, «sinbolikoki» bada ere, Legebiltzarra igandez, itxita egongo baita. Ondorengo egunetan eramango dute, hortaz, Herritarron Ituna Gasteizera eta baita Nafarroako Gobernura eta Ipar Euskal Herriko erakundeetara ere. Izan ere, 40 urte beteko dira datorren urtean EAEko estatutua egin zutela eta bertan ari dira orain, estatus politiko berria lantzen, eta horretan eragin nahi du Gure Esku Dagok. 2019. urtea beraz, mugarri izango da, ziklo berri bat irekiko baita.
2013-2019
2013. urtean hasi zuen ibilbidea Gure Esku Dagok eta urtetik urtera mugarri berriak jartzen aritu dira, beti ere datorren urteari begira. 201,9 km, erabakitzeko eskubideari begirako 2.019 arrazoi eta 100.000 pertsona, hara erronka.
«Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, 2019. urtea dugulako jomugan. Esparru anitzetan, gizarte mailan, erakundeetan, zein nazioartean egiten diren urrats guztiek bat eginda, datorren urtean erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera berriak sortu daitezkeela sinesten dugu. Euskal herritarrok nolako etorkizuna nahi dugun irudikatu eta eztabaidatzen hasteko unea da», diote mugimendutik. 2014an egin zuten lehen giza katea, hori ere mugarri izan zelarik. Orduan Durango eta Iruñea lotu zituzten eta oraingoan harago joan nahi izan dute eta 75 kilometro gehiago osatzea da asmoa. Oraingoan gainera, jende gehien bizi den eremuetan egingo dute ekimena.
Ekainaren 10a bidegurutze batean kokatzen du Gure Esku Dagok. «Euskal herritarrok bidegurutze batean gaude: hegoaldetik datozen haize atzerakoiak ditugu alde batean, eta demokrazian oinarritutako ziklo berri bat bestean. Zein bide hobesten dugun argi adieraziko dugu ekainaren 10ean». Etorkizunera begira dago herri dinamika sortu zenetik eta horregatik diote ziklo berria zabaltzeko garaia dela. «Mugarri hori urrunago edo hurbilago jarri, gure esku dago, herritarron esku». Hori baita Gure Esku Dagoren kapitala, herritarrak. «Herritarrek egiten dute Gure Esku Dago eta Herritarron Itunean ikustarazten dugu hori».
Mugimenduak hainbat salaketa ere jaso ditu giza katea EAEn bakarrik burutuko delako eta azalpenak ere eman dituzte: «Bost urtean egin, ikasi eta lortu dugun guztiaren emaitza izango da ekainaren 10a, eta herritarron erabakitzeko arrazoiak erakundeetara bideratuko ditugu. Aurten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ikusi ditugu baldintzak eta testuingurua dimentsio honetako mobilizazio bat antolatzeko. Baina ez dezagun ahaztu, Gure Esku Dagoren erronka Euskal Herriko zazpi hiriburuak batzea dela eta espero dugu horretarako aukera izatea gainerako lurraldeetan ere, etorkizun hurbilean».
Izan ere, Gure Esku Dago Euskal Herri osoan eragiteko sortu zela gogoratu dute eta horretan jarraituko dutela, baita Nafarroa Garaian, Baxenafarroan, Lapurdin eta Zuberoan ere, «sintonia hau zabalduz eta lurralde denetan erabakitzeko eskubidea gauzatu dadin baldintzak sortuz, tokian tokiko herritarren borondatea, errealitatea eta erritmoa errespetatuz, baina beti eskuak zabalik eta lanerako prest».
Herri dinamikatik diotenez, asko dira giza katean parte hartzeko arrazoiak, hamar ere zerrendatu dituzte, jakitun horiek baino askoz gehiago ere egongo direla, «zerrenda horretan dauden arrazoiak baino askoz ere motibo gehiago daude». Motibo nagusia, dena den, erabakitzeko eskubidea artikulatu ahal izateko indar metaketa egitea da, horrela lortuko baita Gure Esku Dagoren iritziz, «euskal herritarrok gure etorkizun politikoa libreki eta demokratikoki erabakiko dugun ziklo berri bat irekitzea». Erabakiek jendea «batu» egiten dutela diote eta horrela elkarri eskua emanda «epe luzerako elkarbizitza eraikitzeko, erabakiek batu» egiten duela diote.
Galdeketak
Giza kateak eta era horretako ekitaldiak, indar metaketak dira, erabakitzeko eskubidea hauspotzeko arnasguneak, baina hori baino gehiago ere behar da eta hori herri galdeketen bidez gauzatu du Gure Esku Dagok. Galdeketa horien aurrekaria Etxarri-Aranatz eta Arrankudiaga herriek jarri zuten, 2014an. Olatu berria 2016an iritsi zen Azpeitia, Ispaster, Debagoiena eta Aramaio, eta Goierriko galdeketekin, eta iaz eman ziren beste galdeketa gehienak, Tolosaldekoa tarteko. Eskualdean 12.370 lagunek hartu zuten parte galdeketan, %31,37k, eta bozkalekuetara hurbildutako gehiengoak euskal estatu burujabe baten alde egin zuen, (11.894 baiezko boto). Datua ikusita egingarria dirudi ekainaren 10erako jarritako erronka: eskualdeko 4.500 pertsona mobilizatu nahi dituzte.
Keinu Kataluniari
Euskal Herriko 100.000 lagunek osatuko dute 201,9 kilometroko giza katea eta horietako bederatzi Tolosaldeko herritarrek osatuko dituzte, eta horietako hiru izango dira Tolosari dagozkionak. Elgoibar eta Mendaro inguruan egongo dira eskualdeko ordezkariak. Kilometro horietako batean, 122an, herritarrek eskuz esku zabalduko dituzten zapiak desberdinak izango dira, horiak eta ez zuriak gainontzekoak bezala, Kataluniari keinu eginez. Elkartasun kilometroa 122.a izango da, eta Bilboko erdigunean kokatuko da, Eliptika plazaren inguruan. Kilometro solidario horretan izena eman nahi dutenek, internetez eskuratu behar dute bere metroa, herria Bilbo aukeratu behar dute, eta Bilbo barruan Indautxu auzoa. Elkartasun keinua Omnium Cultural eta Assamblea Nacional Catalanarekin elkarlanean egin dute eta helburua elkartasuna adieraztea da, bai Kataluniako herriari eta baita preso politikoei, erbesteratuei eta jazarpena jasaten ari diren herritar guztiei ere.
«Egungo marko juridiko-politikoak ezartzen dituen oztopoak nahikoa ez eta egungo markoa are eta murritzagoa nahi dutenek gure erakundeak jo puntuan jarri dituzte, herritar denon oinarrizko eskubideak urratzeko inolako erreparorik gabe. Katalunian aplikatu du Espainiako estatuak aurreneko 155. artikulua, baina Euskal Herrian ere aplikatu dezake. Ez dezagun ahaztu. Orain arte gatazka politikoa zena, erronka demokratiko bihurtzea lortu behar dugu», esan dute herri mugimendutik.
Ekainaren 10a mugarri izango da beraz, erabakitzeko eskubidea gauzatze bidean, baina bidea ez da hor amaituko eta etorkizun hurbilean ikusiko da giza katearen emaitza.
MUGARRIAK
Nazioen Mundua. Idiazabalen sortu zen Nazioen Mundua, 2007an, nazio guztiei eta bertako herritarrei erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko.Giza katea. 2014ko ekainaren 8a mugarri izan zen. Durangotik Iruñerako 123 kilometroak giza katean lotu zituzten 150.000 bat pertsonek.
Ehundu, Adostu, Erabaki. 2015eko ekainaren 21ean Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean Gaur hautetsontzia, bihar erabakia ekimena egin zen. Aurretik herriz herri bildu zituzten oihal zatietan bildutako aldarriak.
Herri galdeketak. Herri galdeketen lehen olatua eman zen 2016an. 203 udalerritan egin dira ordutik eta ia 200.000 lagunek hartu dute parte.
Elkartasun Ekimenak. Mosaikoa egin zen Donostian, 10.000 lagun bilduz.
Herritarron Ituna. Herriz herri bildu dituzte erabakitzeko eskubidea gauzatzeko arrazoiak..
IBILBIDEA
55. kilometroa. Abaltzisketa, Alegia, Amezketa, Baliarrain, Ikaztegieta eta Orendain.
56. kilometroa. Elduain, Berrobi, Berastegi eta Ibarra.
57. kilometroa, Mutriku. Albiztur, Anoeta, Bidania-Goiatz, Hernialde eta Irura.
58. kilometroa, Mendaro. Aduna, Alkiza, Asteasu, Larraul eta Zizurkil.
59. kilometroa. Amasa-Villabona.
61. kilometroa, Elgoibar. Altzo, Belauntza, Gaztelu, Leaburu-Txarama, Lizartza eta Orexa.
62-64. kilometroak. Tolosa.