"Ez zaude bakarrik"

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko mai. 29a, 19:28

Ehunka herritar batu dira adin txikiko emakume tolosar batek salatutako eraso matxistari erantzuteko; emakumeak autodefentsa feministara eta gizonezkoak maskulinitate ereduak iraultzera deitu dituzte adierazpenean.

Errutina madarikatua madarikatu dute, beste behin, eskualdeko herritarrek. Azken hilabetean hainbat izan dira Tolosan, indarkeria matxistaren harira, antolaturiko bilkurak, eta gaurkoa adin txikiko emakume batek etxebizitza batean jasandako erasoa salatzeko hitzordua izan da. Tolosako eta Ibarrako udalek eta mugimendu feministak egindako deialdian, babes osoa azaldu diote erasoa jasandako emakumeari, eta irmo azaldu diote, ez dagoela bakarrik: "Emakume bati eraso egiten dioten bakoitzean, guztioi egiten digute eraso", azaldu dute adierazpenean.

Horrela, indarkeria matxistaren sustraietara jo nahi izan dute, azalduz, egiturazko desberdintasuna dela gaitz horren jatorria. Gainera, erantzukizun osoa erasotzailearena dela ere ekarri dute gogora: "Emakumeek ez dute, sekula, bizi izandako indarkeriaren erantzukizunik, ordua, tokia nahiz janzkera edozein direla ere".

Horrela, ohartarazi dute bi norabide direla, ezinbesteko, matxismoa desagerrarazteko. Emakumeak, ahalduntzera, antolatzera, saretzera eta babestera deitu dituzte: "Nazkatuta gaude, baina ez etsita, eta ezinbestekoa zaigu Autodefentsa Feminista".

Halaber, gizonekoak ere deitu dituzte, feminismoarekin bat egitera eta beren maskulinitatea zalantzan jartzera: "Gizon eredu bakarra nagusitzearen arrazoia ulertu behar dute, eta gero irauli. Gizon bakoitzari dagokio, beraz, norbere buruari eta inguruari maskulinitate eredu berriak exijitzea". Eta balizko maskulinitate eredu berri horiei ere begiratu diete: "Eredu berri horietan, sexualitateak ezin du emakumeenganako indarkeriarekin eta dominazioarekin lotuta egon".

Erakundeen babes zabala

Hitzordura batu dira, hainbat herritarrekin batera, mugimendu feministako ordezkariak, Tolosako eta Ibarrako udal ordezkariak, Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria eta Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria.

Olatz Peon Tolosako alkateak nabarmendu du, udalak eskura dituen baliabideak eskaini dizkiola erasoa jasandako emakumeari. Halaber, jarrera matxistek Tolosan lekurik ez duela gogorarazi du alkateak: "Duela hilabete ere, plaza honetan elkartu ginen, horrelako jarrerei irmoki ezetz esateko. Guk, ez dugu horrelako gertakaririk nahi, ez Tolosan, ez beste inon, eta hori lortzeko lanean jarraituko dugu".

Era berean, Miren Elgarresta aldundiko berdintasun zuzendariak azpimarratu du, "emakumeen askatasunaren aurkako ekintza guztiz baztergarria" dela gertatutakoa, eta herritarrak deitu ditu, halako jarreran aurrean tolerantziarik ez azaltzera.

Joan den astelehenean zabaldu zen, apirilaren 8an gertatutako eraso matxistaren albistea: adin txikiko emakume tolosar batek salaketa jarri zion, 27 urteko gizonezko bati, Ibarrako etxebizitza batean eraso egin ziola leporatuta. Gizonezkoa espetxera eraman zuten.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!